Pablo Gonzalez: "Bakarrik ez nagoela jakitea funtsezkoa da etorkizunari baikortasunez begiratzeko"
Nabarnizko eta Elantxobeko herrikideek antolatuta, Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko elkartasun egunean elkartu ziren atzo, Nabarnizen. Haren urtebetetze eguna ere bazela aprobetxatuta, haren askapena eskatu eta elkartasuna bidali zioten. Jendetza bertaratu zen goizetik arratsaldera bitartean Nabarnizera.
Bi urte eta bi hilabete daramatza Pablo Gonzalezek Polonian preso, isolamendu egoeran kartzelaratuta, Errusiarentzat espioitza lanak egitea leporatuta. Hala ere, ez dute haren kontrako probarik aurkeztu, eta hainbat eta hainbat aldiz atera dira herritarrak kalera, kazetariaren askapena eskatzera. Asmo horregaz jarraitu dute herritarrek eta lagunek, eta atzo (apirilak 28), kazetariaren urteguna zela aprobetxatuta, Gonzalezen aldeko elkartasun eguna ospatu zuten Nabarnizen, herriko eta Elantxobeko herrikide eta lagunek antolatuta. Jendetza bertaratu zen.
Bertan, kazetariak gutun bidez bidalitako mezua irakurri zuen Oihana Goiriena Gonzalezen bikotekideak. Gutunean, herritarrengandik jasotako babesa eskertzen zuen kazetariak: “Zuek hor zaudetela eta bakarrik ez nagoela jakitea funtsezkoa da etorkizunari baikortasunez begiratzeko, bahiketa demokratiko hau lehenbailehen amaitzeko esperoan egoteko”. Kazetariaren berbetan, “gizartearen gaitzespenak eta senideen eta bizilagunen elkartasun faltak” sistemak berak “baino gehiago hondoratzen” ditu bere inguruko presoak: “Eta, nik, zuei esker, ez daukat arazo hori. Nire gizarteak justizia eskatzen du, nire askatasuna; etxera hurbiltzea da eskatzen duten gutxienekoa. Eta elkartasun horretan datza gure indarrak, besteengandik bereizten gaituenak”.
Hori esanda, Gonzalezek gehitu zuen Poloniako lege eta espetxe sistemak “ahal duen guztia” egiten duela norbanakoari gizatasuna “kentzeko“: “Hemen ez dago birsozializaziorik, desmoralizazioa besterik ez dago”.
Gonzalezen berba horiek Goirienak irakurri ostean, txalo zaparrada entzun zen Nabarnizen, eta urrun egon arren, Zorionak zuri abestia kantatu zioten kazetariari. Izan ere, bere urtebetetze egunean, horrenbeste denboraz jasaten ari den “bidegabekeria galanta” salatu zuten herritarrek, baita elkartasuna adierazi ere, bai berari, bai familiari: “Paveleri esan gura diogu, urrun egon arren, ez dagoela bakarrik”.
Ā Ā
Hain zuzen ere, herritarren babesa sentitzea “oso garrantzitsua” dela berretsi zuen Goirienak: “Jakin ezazue zuek hemen egotea guretzako ezinbestekoa dela. Ezin dut hitzez oso ondo azaldu, baina guretzako zuen babesa sentitzea oso garrantzitsua da”. Eta, atzokoa, horretarako “egun berezia” zela gehitu zuen, Gonzalezek 26 hilabete betetzen zituelako preso, bi urte eta bi hilabete, hain zuzen ere, ia 800 egun. “Baina ez hori bakarrik. Gaur bere urtebetetze eguna da, 42 urte egiten ditu. Hirugarren urtebetetze eguna du kartzelan. Eguaztenean gure seme txikienaren urteguna ere izan zen, eta, uste duzue, utzi digutela elkarregaz berba egiten? Ez”, salatu zuen.
Bi urte hauetan “gauza asko” aldatu direla gehitu zuen: “Aldatu da gobernua Polonian, hoberantz pentsatzen genuen, baina ez daukagu horren zantzurik oraindik; Espainiako Gobernua ere aldatu da; Eusko Jaurlaritza berria ere badator. Baina Pavelen egoerak berdin-berdin jarraitzen du”. Hau da, 23 orduz dago ziegan, isolatuta, inkomunikatuta: “Bi bisita baino ez ditugu egin, eta, oraingoz, ez dago bere kontrako frogarik, ez kargurik, ez epaiketarako egunik. Hori noiz jarriko duten ere ez dakigu. Zorionez, berak badauka abokatuekin berba egiteko aukera”.
Atzoko jaian bildutako dirua, hain zuzen ere, familiari laguntzeko izan zen, batik bat abokatu gastuetan laguntzeko, Pabloren defentsa “ahalik eta ondoen” prestatzeko. Horregatik, denetariko ekintzak eta jan-edana izan zuten Nabarnizera bertaratu zirenek: pintxoak, edatekoak, boltsak, txapelak, kamisetak, banderolak, mendi ibilaldia…Ā Argazki eta postal gunean, postalak idazteko aukera ere eduki zuten, gero horiek Paveli bidaltzeko. Kamerak ere astindu zituzten herritarrek, kazetariaren aldeko argazkiak sare sozialetan zabalduz. “Edozein ekarpen, txikia izan arren, handia da Pavelen kasurako”, esan zuten antolatzaileek.
Elkartasun jaian parte hartu zuen Arkaitz Estiballes bertsolariak, eta bertsoen bidez, kazetari “askoren” isiltasuna salatu zuen, isiltasun hori Gonzalez kartzelaratu dutenekiko “konplize” izatea dela adieraziz: “Kazetariaren lana da berri ematea, eta ez bere jabearen eskutxotik jatea”.
Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Auztegi Nagusiko lan arloko presidente eta epaile GarbiƱe Biurrunek ere mezua bota zuen Nabarnizera. Informatzearen eta informatua izateraren aldeko eskubideei buruzko aritu zen: “Informatzen ari zen Pablo, eta hori eskubide bat da. Guk ere informazioa jasotzeko eskubidea daukagu. Gainera, beste eskubide bat dago tartean: bere errugabetasuna. Pablo Gonzalez errugabea da norbaitek kontrakoa erakutsi arte. Eta ez dirudi Polonia horretarako lanean ari denik, gai hori hiltzen utzi gura duela dirudielako. Nazioarteko gutun guztietan jasotako eskubide guztien aurka egiten ari da Polonia, Gonzalezen sufrimendua areagotuz”.Ā
Ramon Zallo EHUko Komunikazio katedradunak Gonzalezen egoera berrikusi zuen, Poloniako justiziaren “zulo beltz” izaera aipatuz, Donald Tusk Polonioako lehen ministriarekiko itxaropen mugatua plazaratuz, Espainiako Gobernuaren kanpo arazoetako ordezkarien “utzikeriazko jarrera” zabalduz eta bake kazetaritzaren bilakaera negatiboa gogoan izanez; Gazako egoera ere plazaratu zuen.
“Bi urte baino gehiago igaro dira Pablo atxilotu zutenetik, bere kazetari izaeraz baliatuta Errusiaren aldeko operazioak egiten ari zelakoan. Salaketa generikoagorik, anbiguoagorik eta abstraktuagorik ezin da aurkitu. Ordutik, epaiketarik barik, frogarik barik, kargu formalik barik, behin-behineko askatasunik barik, prebentziozko espetxealdian, sumario sekretupean eta babesgabetasun egoeran dago, bidezko epaiketaren bermerik barik”, azaldu zuen Zallok. Asistentzia kontsular ona baino ez daukala gogoratu zuen, baina ez zuela asistentzia diplomatikoa gehitu, isolamenduan, inkomunikazioan, gaizki elikatuta, egunean ordubeteko pasearekin, korrespondentzietan atzerapen handiekin eta doktore tesian jarraitzeko materialik barik dagoela esanez.
Poloniako justiziaz ere berba egin zuen katedradunak, eta prebentzio egoeran daudenen eskubideak oinarri izan zituen: “Europako estatuen neurrietan, gehienez bi urteko epea dago epaitua izan ez den preso bat behin behinean espetxeratzeko. Baina arauak hainbeste salbuespen jasotzen ditu, ezen Polonian mugarik barik luza dezaketen presoaren prebentzio egoera hori”. Hori dela eta, salatu zuen frogarik oraindik aurkeztu ez izanak “sumarioa faltsutzeari dei” egin diezaiokeela: “Ze, uste dute, Pablo askatuko balute, sistemaren izen ona galduko lukete”. Poloniako botere judizialaren independentzia ere zalantzan jarri zuen. “Poloniako justizia sistema gobernu ultraeskuindarrak erabili du, eta Poloniako zuzenbidea Europako batasunaren zuzenbidearen gainetik jarri du. Hori ez da Europako beste inon gertatzen, Europar Batasunaren zuzenbidea eskubide nazionalen gainetik dagoelako”, arrazoitu zuen Zallok.
Gobernua berritu zuen iazko urte amaieran Poloniak, eta Gonzalezen egoera hobetzeko aukeraren bat egon daitekeela uste du katedradunak, Tusk Europar Batasunaren aldekoa delako, baina Europako Partidu Popularraren aldekoa dela ahaztu barik. “Tusk liberala da, baina eskuindarra ere bai. Gainera, Errusiarekin obsesionatuta dago, eta Europaren berrarmatze orokor baten aldekoa da”. Baina aldeko faktore batzuk ere badaudela aipatu zuen: “Erreforma judiziala egongo da Polonian; hori bada elementu bat Pabloren kasua ikusarazteko”.
Espainiako kanpo ministro Jose Luis Albaresen jarrera ere salatu zuen Nabarnizen. Gonzalezen familiarentzako ez dela lagungarria izan esan zuen, Poloniako justizia sistemari lagundu ziola gehituz. “Ez du laguntzen, gainera, Pablok kargu oso zailei aurre egin behar diela esateak edo bere eskubideak errespetatuak izaten ari direla baieztatzeak. Gezurra da”.
Egoera guzti horien aurrean, kazetarien elkarteen jarrera “funtsezko elementua” dela adierazi zuen Zallok, Gonzalezek Europako kazetari elkarte guztien babesa duela gehituz: “Kazetarien gaitzespena bateratua da, ez dago pitzadurarik”. Gainera, esan zuen Gonzalezek europearra den eta Europar Batasuneko kide den herrialde batean preso dagoen kazetari bakarra izateko “ohore tristea” duela.
Hori oinarri hartuta, kazetarien aurkako erasoak salatu zituen katedradunak: “Euren lana egiteagatik, munduko leku askotan ari dira kazetariak hiltzen, jazartzen edo atxilotzen. Prentsa informazioaren aurkako jazarpenaren biktimak dira: 86 kazetari hil zituzten munduan 2022an. Iaz, okerrera egin zuen datuak. Israelek Gazan egindako inbasioaren ostean, 137 kazetari palestinar hil dituzte. Baina bizirik iraun duten horiei esker jakin dugu Palestinako izugarrikeria horren berri; iaz eraildako kazetarien %70 gazatarrak ziren”. Bake informazioa gerraren biktimetako bat dela gehitu zuen Zallok: “Hori ondo daki Pablok. Informazio eskubidearen murrizketaren biktima delako. Botere abusu erregimen bateko preso politikoa da. Asko du kontatzeko, eta denon artean erreskatatu nahi dugu. Free Pablo!”.
Etxerako bide hori lortzeko ibilbidean, Gonzalezek lagun izan zituen herritarrak. Arrolako kastrora joan ziren goizetik, han argazkia ateratzeko, eta ekitaldi nagusiaren ostean, kontzertua eskaini zuten musikariek: Audienceko Ruben Garatea eta Gaizka Insunza, The Uskis, Txapel Punkeko IƱigito, NAZ eta Erreten aritu ziren.
Errifetan saritutako zenbakiak hurrengoak dira:
- 1: 3773
- 2: 97
- 3: 940
- 4: 4603
- 5: 2728
- 6: 3309
- 7: 1008
- 8: 491
- 9: 2347