Elantxobek brontzezko domina irabazi du Espainiako Batel Txapelketan
Elantxobeko kimu mailako mutilek brontzezko domina eskuratu dute, eta Mundakako haur mailako neskek, berriz, bosgarren postua. Mundakako haur mailako mutilek kontsolazio txanda jokatu eta irabazi zuten.
Asteburuan Espainiako Batel Txapelketa jokatu dute Galiziako A Pobra do Caramiñalen eskualdeko arraunlariek. Bertan egon ziren Elantxobeko eta Mundakako arraunlariak, eta euren onena emanda itzuli dira etxera.
Elantxobeko kimu mailako mutilak lehia bizian aritu ziren La Planchadako eta Vila de Cangaseko arraunlariekin, eta brontzezko domina eskuratzea lortu zuten, 00.02.22,55eko denboragaz. Vila de Cangas klubekoek lortu zuten bandera (00.02.17,87) eta bigarren geratu ziren La Planchadako arraunlariak (00.02.21,92).
Mundakako haur mailako neskak ere finalerako txartela eskuratu zuten, eta bosgarren postua lortu zuten (00.04.59,93), irabazleengandik sei segundo eskasera. Bandera Cabo de Cruzek eroan zuen, 00.04.51,92ko denboragaz. Haur mailako mutilek, berriz, ezin izan zuten finalean parte hartu, baina kontsolazio txanda jokatu eta irabazi zuten, 00.04.47,25eko denboragaz. Atzetik Deustu (00.04.49,89) eta Isuntza (00.04.53,76) geratu ziren.