Damaris Egurrolak Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala jokatuko du San Mamesen
Paris Saint-Germaini irabazita sailkatu dira Olympique Lyonnais taldekoak maiatzaren 25ean San Mamesen jokatuko duten finalera. FC Bartzelona izango dute aurkari, eta "final polita" izatea aurreikusi du Egurrolak.
Datorren maiatzaren 25ean San Mamesen jokatuko den Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finalean izango da Damaris Egurrola gautegiz-arteagarra. Iaz finaletik urrun gelditu zen Olympique Lyonnais, final laurdenetako partiduan Chelsearen aurka galdu baitzuen, penaltietan. Aurten berriz, bi talde frantziarren aurteko derbia jokatu dute finalaurrekoetan, Paris Saint-Germain izan baitute parez-pare. Kanporaketako bi partiduetan gailendu da Egurrolaren taldea, eta datorren hilabetean bere historiako bederatzigarren Txapeldunen Liga irabazteko aukera izango du, FC Bartzelonaren aurkako finalean.
Joaneko partiduan 3 eta 2ko emaitza lortuta, abantaila txiki bategaz hasi zuen neurketa Lyongo taldeak. Bi taldeek ondo ezagutzen dute elkar eta ondo dakite bien arteko neurketak “oso gaitzak” izaten direla. Ez da kasualitatea bi taldeak frantziar ligako lehen bi sailkatuak izatea, eta horren adibide da atzo [apirilak 28] Parc des Princes zelaian jokatu zuten neurketa. Egurrolaren esanetan, beti berez zaila den partidu bat “oraindik zailagoa” da Txapeldunen Ligako finalaurrekoa bada: “Presioa eta tentsioa oraindik handiagoak dira, baina taldean dugun esperientziagaz beti mantendu dugu aurrera egingo genuenaren ustea, nahiz eta etxean jokatu ez”.
Partidua hasi bezain pronto markagailuan aurrea hartu zuen gautegiz-arteagarraren taldeak, baina atsedenaldia aurretik berdinketa lortu zuten paristarrek. “Tentsio handiko neurketa izan zen, baina zorionez ondo amaitu zen: uste dut maila altuan jokatu genuela”, adierazi du Egurrolak. Izan ere, azken minutuetan markagailuan 2 eta 1ekoa ezarri zuten Lyongoek.
Duela bi denboraldi jokatu –eta irabazi– zuen Egurrolak bere Txapeldunen Ligako lehenengo finala, Turinen. Orduan ere FC Bartzelona izan zuten parez pare, eta frantziarrak 3-1 nagusitu ziren. Hala ere, aurreko emaitzak oraingoan eraginik izango ez dutenaren jakitun, “final polita” aurreikusten du Egurrolak: “Baina finala da, talde bakoitzak %50eko aukerak izango ditu”. Bartzelonako taldea “errebantxa” bila zelairatuko dela uste du, baina beraientzat motibazioa da Lyon bezalako talde baten “historia handitzen jarraitzea, eta berriro ere, aurretik egin bezala, Bartzelonari lehia handia ematea”.
Ametsa egi bihurtuz.
Finala etxean jokatu du Egurrolak, Bizkaian; sasoi batean berea ere izan zen zelaian: Gautegiz Arteagako erdilariak adierazi duenez, neurketa hori “amets bat egi bihurtzea” izango da: “Finala San Mamesen izango zela erabaki zutenetik egunero esnatu naiz final hori buruan daukadala. Entrenamendu aurretik, egun ona zein txarra izan, denbora guztian izan dut finala gogoan”.
Egurrolak badaki familia zein lagunak izango dituela San Mameseko armailetan, eta horrek oraindik bereziago egingo du etxean jokatzea: “Berriro etxera jolastera joatea, oso berezia izango da. Hogeita lau ordu igaro dira, eta oraindik ezin dut sinetsi”. Etxean jokatzeaz haratago, bigarren Txapeldunen Liga irabazteko ilusioa du Egurrolak, eta baikorra da: “Uste dut, zalantzarik gabe, gaitasuna dugula. Talde honekin zein indibidualki ditugun gaitasunekin posible dela uste dut”.
Era berean, zelaian bertan zein Bilboko kaleetan “giro polita” egotea espero du, eta bai jendeak zein taldeak berarentzat berezia izango den aste guzti hori “disfrutatzea”: “Finala egun bat da, baina Turinen, esaterako, nik prestaketa saioak ere asko disfrutatu nituen, eta aurten berdin izatea espero dut”.