Justizia kandelak piztu; armen industria amatatu
Gernikako bonbardaketaren 87. urtemugan, Gernika Garretan kale antzerkiak eta kandelen urteroko ibilbideak hartu ditu Gernika-Lumoko Foruen Plaza eta kaleak. Justizia eta bakea aldarri eginez, besteren artean, Palestinako sarraskia gogoan eduki dute.
Asko eta denetarikoak izan ziren atzo [apirilak 26], Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenean, egin ziren agerraldi zein ekimen instituzionalak. Setikorrena, beharbada, 15:45 eta 15:49 bitartean egindako urteroko lau minutuko isilune eta geldialdia izan zen, sirena hotsaren ohiko bulkada sarkorragaz. Ez zen, baina, ekimen azpimarragarri bakarra izan.
Iluntzean, herritarrek kalera jo zuten, eta gernika-lumotarrek, beste urte batez, bizikidetza, bake eta memorio historiko ariketa aparta erakutsi zuten Foruen Plazan nahiz herriko kaleetan. Jendetza bildu zen 21:00etan Gernika Garretan kale antzerkiaz gozatzeko eta, batez ere, oroimen jarduera kolektiboa egiteko. Herriko hainbat eragile elkarlanean aritu ziren ā120 lagun inguruā 1937ko apirilaren 26an herritarrek bizitakoa gorputzen, ospakizun hunkigarri eta ederrean.
Kale antzerkiaren hondarrean, gainera, dantzaz, kantuz eta zuzeneko musikaz girotu zuten plaza, kandelek beren bideaĀ abiatu orduko. Gernika-lumotarrek, dolu xingola beltza ageri zuen ikurrin erraldoiaren atzean, herriko kaleak zeharkatu zituzten Gernika Batzordeak antolaturiko manifestazio jendetsuan, denak ala denak kandelak piztuta.
Ibilbidearen ondoren ostera plazara itzulita, gerraren hondamendia eta triskantza salatu gura izan zituzten antolatzaileek. Gerrak “inongo onurarik ez dakarrela” nabarmendu zuten, “gutxi batzuei ez ezik”. Izan ere, armagintza industriaren hazkundea azpimarratu zuten, eta egungo gerra inbertsioak ere bai: “Hilketa masiboak, egun, negozio iturri bihurtu dira”.
“Eusko labela duten armak munduan bizi duen heriotz orgia honen parte dira”
Datuak plazaratu zituzten, sarraskiaren erakusle: “Bizkai, Araba eta Gipuzkoan soilik, 750 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu armagintza industriak, eta irabaziak 150 milio eurokoak dira urte bakoitzeko. Argi eta ozen esan behar da: eusko labela duten armak munduan bizi duen heriotz orgia honen parte dira”. Giza eskubideen urraketa sistematikoa eduki zuten ahotan; horren aurrean, azpimarratu zuten “beharrezkoa” dela elkarguneak bilatzea, gerraren “eromen tresnari” galga zapaltzeko.
Egiari eta aitortzari zor.
Ekitaldi amaieran, aitortza egin zieten Ipar Euskal Herrian bakegintzaren alde gogor behar egindako Bakearen Artisauei. Ez hori bakarrik: Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarraren egoera ere taularatu zuten, eta gogoratu domekan [apirilak 28] Nabarnizen bere aldeko elkartasun topaketa egingo dela.