Egiari zor, konponbideari aldarri, bakeari eske
Gernika-Palestinak antolatuta, gaur [apirilak 27], Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenaren biharamunean, agerraldia egin dute Pasealekuan. Palestinako sarraskiaren aurkako elkartasunean bildu dira hainbat eta hainbat herritar.
Gernikak duela 87 urte jasandakoa ez zen kasualitatea izan. Gazako Zerrendak egun jasaten duena ez da kasualitatea. Asko eta esanguratsuak dira orduko erasoaldi haren eta egungoaren artean katramilatzen diren hariak. Lurralde hartan, sirenak ez dira isiltzen; bonbek ez diote erortzeari āedo jaurtiak izateariā uzten; hildako kopuruaren hazkundea ez da galgatzen.
Armen industriak gora eta gora eta palestinarren egoerak behera eta behera egiten duen honetan, gernika-lumotarrek beraiena “herri solidarioa” dela aldarri egin gura izan dute gaur [apirilak 27], Gernika-Palestinak eginiko Gernika-Palestina deialdi herritarraren ekimenean. Pasealekuan bildu dira hainbat eta hainbat herritar, elkartasunaren deialdiak erakarrita; tartean, ordezkari politiko, sozial eta sindikalak ere egon dira, baita tokiko eragileenak ere. Desadostasunen aurkako deia luzatu gura izan dute, Pablo Picassoren Guernica obra entzutetsuaren berrikusketa mosaikoaren aurrealdetik: “Eskalada milistaristak ekiditeko exijitzen dugu”.
Gerraren ondorioz, Palestinan gosetea hedatzeko arrisku oso handia dago
Arteak aldarrikapenetik āeta alderantzizā asko duenez, Esther Gabiola bibolin-jotzaileak eta Edorta Jimenez idazle zein olerkariak poema errezitaldi musikatuagaz girotu dute aldartea. Berba hartu duten gainontzekoak Gernika Batzordeko kide Sabin Ibazeta eta Maitane Azurmendi izan dira, baita pentsiodunen mugimenduko partaide Ana Mezo ere. Denek ala denek gogoratu nahi izan dute, besteak beste, Palestinako agertokian, gerraren ondorioz, beste egoera bat emateko arrisku agerikoa dagoela: gosetea.
Ekitaldiko une gailurra, baina, Hithem Abdulhaleem palestinarraren taularatzeagaz ailegatu da. Hithem Abdulhaleemek inork baino hobeto ezagutzen du Palestinako egoera soziopolitikoa eta, horregaz batera, hango sarraskiaren testuinguratze geopolitikoa. Parte hartze palestinarraren ordezkariak argi eta garbi utzi du Palestinako eta Euskal Herriko āzein beste nazio batzuetakoā egoeren artean “sinergia nabariak” daudela. Besteren artean, ondokoak jorratu ditu: menpean dagoen herri jakin bat menderatzailea den beste baten aldetik subjektu politiko modura onartua ez izatea; politikoki kontrajarria den herri zapaldu baten errelatoa amaituarazteko nahia; biztanleria zibilak pairatu behar izaten dituen egoerak; eta abar luze bat.
Hithem Abdulhaleem: “Gernikan bonbardaketa egun bakarrekoa izan bazen, Gazako Zerrendan duela zazpi hilabetetik instalatuta dago”
Gernikan bonbardaketa “egun bakarrekoa” izan bazen, Gazako Zerrendan gerra duela zazpi hilabetetik “instalatuta” dagoela nabarmendu du Abdulhaleemek. Era berean, azpimarratu du Israelen egungo politikek III Reicharen sasoian egiten zirenen “antz esanguratsua” dutela: “Soziopolitikaren alorrean, garbiketa etnikoa izena hartu ohi duten praktikak aplikatzen ari dira”. Gatazka armatuari amaiera emateko beheralakotasunaz arduratuta, Edward Said edota Mahmoud Darwish idazleak eduki ditu ahotan. Hain zuzen ere, azken horren olerki sentikor batekin eman dio amaiera bai bere esku hartzeari, bai gaurko agerraldiari.