Sirena hotsagaz memoria ariketa eginda, elkartasun isil eta konpromiso ozena Gazara
15:45ean piztu dituzte gaur sirenak, duela 87 urte legez. EƱaut Elorrietak eta Ikrame Benzyane palestinarrak piztu dute Lobek Astrako babeslekuaren barruan jarritako sirena, eta Bakearen Artisauak arduratu dira Gernika Batzordeak Pasealekuan jarritakoa aktibatzeaz.
Isilik, zutunik, geldi. Lau minutuz, isiltasuna nagusitu da Gernika-Lumon, eta sirena hotsak arduratu dira momentu hori apurtzeaz. Izan ere, duela 87 urte herritarrei babeslekuetan sartzeko deia egin zieten sirena horiek izan dira, gaur, bonbardaketekin amaitzeko deia lau minutuz luzatu dutenak.
15:45ean piztu dituzte gaur sirenak, duela 87 urte legez. EƱaut Elorrietak eta Ikrame Benzyane palestinarrak isiotu dute Lobek Astrako babeslekuaren barruan jarritako sirena, eta Bakearen Artisauak arduratu dira Gernika Batzordeak Pasealekuan jarritakoa aktibatzeaz. Izan ere, Astran eta Pasealekuan daude 1937ko apirilaren 26an herritarrak bonbengatik babestu zituzten bunkerretako bi. Ohi legez, hunkidurak hartu ditu Merkurio ingurua eta Errenteriako zubia; jendez bete dira bi guneak, memoria ariketa egiteko eta gertatutakoa gogoratzeko asmoz.
Lau minutuz, Gernika gelditu egin da, eta lau minutuz, Palestinan egunero gertatzen dena bizi izan dute Astrako babeslekuan. Leku umela, txikia, hotza da babeslekua, eta, gaur, jendez bete da barrua. Bertatik piztu dute sirena Elorrietak eta Benzyanek, duela 87 urtekoa eta gaur egungo errealitatea parez pare jarriz.
Gernika asko daude munduan, eta udalerrian gertatutakoa Gazan gertatzen ari dela ikusarazi gura izan dute Lobek. “Beti saiatzen gara gaur egungo gatazkak bizi dituzten herritarrei lekua eskaintzen, gatazkak belioak izan zein ez izan. Aurten, 2022an Ukrainarrekin egin legez, Gazari keinu egin gura izan diogu; Gernika Gazagaz lotu gura izan dugu, eta EƱautek eta Ikramek egindako Gernikan kantua jarri dugu erdigunean”, azaldu dute Lobek, izan ere, palestinar eta gernikar bat elkartu dituzte.
Eurak izan dira sirenak pizteaz arduratu direnak. Elorrietak berbekin deskribatu ezin den emozioa sentitu du sirena pizterakoan. “Sirenak gorantz entzuten hasi naizenean sentitu dut barrua bero. Berotasuna, ezinegona, mina… Nahiz eta guk Gernikako bonbardaketa bizi ez, nik uste dut gure amuma eta aititeen ondorengo urteetako isiltasunean, bazegoela miƱa eta emozioa. Eta, uste dut, bizipen horiek zeozelan guregana ailegatu direla, eta horrelako momentu batean pizten direla. Sekulakoa izan da emozioa”, aitortu du artista gernika-lumotarrak.
Benzyanek, berriz, momentuko isiltasuna nabarmendu du, enpatia ariketa izan dela esanez: “Hunkigarria izan da momentua. Denok egon gara isilik eta momentu berean sentitzen. Enpatia ariketa bat izan da, sentimenduak guztion artean partekatzeko momentua. Gazan gertatzen ari dena genozidioa da, mingarria da, eta hori ez da ahaztu behar”.
Euskaldunontzat memoria ariketa bat dela, baina gaur egun palestinarrek hori bizi dutela gogoratu du Elorrietak: “Guretzako memoria ariketa bat da, ez ahazteko ariketa, guretzako hainbeste aldagai dituena. Baina momentu honetan Gazan, Palestinan horrelako egoera bat bizitzen ari direla, oso gogorra da. Errealitate hori hain hurbila da, hain garaikidea, ze, ez den bakarrik memoria ariketa bat bakarrik; gaur egungo egoera baten deskribapena ere bada”. Eta horrelako ekitaldi batek bonbardaketa horiei “kristoren dimentsioa ematen” diela gehitu dute. “Gernikan gertatu zen, baina Gazan eta Palestinan gertatzen ari da. Gaur egungo gauza da, guztiok ikusten dugu, eta inork ez du ezer egiten”, azpimarratu du Benzyanek.
Gaur, sirenak piztu dituzte Gernikan, baina baliteke horiek Palestinan ez edukitzea. “Hemen sirenek abisatu zuten bonbardaketaz, herritarrek abisua jasotzeko modu bat izan zuten, eta, hala ere, jende asko hil zen, jendeari kalean harrapatu zion. Baina, han, kontatzen dutenaren erdiari kasu eginez gero, esaten dute tiroketa zein bonbardaketa indiskriminatuetan hiltzen dela jendea. Eta horrenbeste jende, kazetari, boluntario horrela hitzeak esan nahi du ez dutela abisurik jasotzen”, ondorioztatu dute Lobek.
Asko dira munduan aurki daitezkeen gerrak, gatazkak, eta horien aurrean ezetza adierazten duten norbanako zein eragileak.
Aurreko urteetan ez bezala, Gernika Batzordearen ekitaldia Pasealeku erdian egin dute oraingoan, eta eszenatoki bereziagaz, gainera. Hamabi euskal artistek sortutako koadroa atzean zeukatela, Bakearen Artisauek piztu dute sirena, tartean, Jean Noel Etcheverry Txetx eta Beatrice Molle bakegileek.
Ekitaldia amaitu berri “tripak nahasirik” dituztela aitortu du Anaiz Funosasek. “Bizirik dagoen historia dela” bertatik bertara ikusi dute 4 minutu ekitaldi horretan, “Gernikan oraindik zein presente dagoen” gertatutakoa: “Gertatutakoaren inguruko aitortzaren atzean zelako borroka dagoen ikustea adierazgarria da. Gure herriari lotuta eraikitzen ari garen bake bide horretan garrantzitsuak dira horrelako momentuak, eta benetan hunkigarria izan da ikustea herri honetan zelako presentzia daukan oraindik orain momentu hark, eta zein garrantzitsua den transmisio historiko hori belaunaldiz belaunaldi katea eten ez dadin, iraganaren gainean, gertatutakoaren gainean, eraiki behar delako. Gainera, munduan gertatzen denari oihartzun berezia ematen dio halako momentu batek. Presente daukagu Gazan gertatzen den sarraskia eta Euskal Herriak daukan konexio emozional hori”.
Gaur goizetik egon dira udalerrian, eta gernikarrekin egun hau eta momentu horiek partekatzea berezia izan da eurentzat. Sirena-pizte ekitaldian hunkitzeaz gain, egin zaien aitortzagatik ere hunkituta agertu dira. Emozionalki “zerbait biziki azkarra” izan dela esan du Funosasek. Eurek egindako lana aitortu zaielako eskertuta sentitu dira, eta memoria historikoaren ikuspegitik Gernika Batzordeak egindako lana ere eskertu beharrekoa dela nabarmendu dute.
Era berean, Gernika Batzordearen gonbidapena eskertu, eta bi taldeen arteko harreman estua dela gogoratu dute: “Aietez geroztik garatzen ari garen bide horretan gure arteko harremana handia izan da, eta funtsezko gaietara heltzen ari gara.Ā Ondorioen konponbideetaz ari garen momentu honetan garrantzitsua da konponbide integralaz hitz egitea memoria ariketetan, egia ariketetan… heldu diren belaunaldiei zor diegu hori, eta guretzat garrantzitsua da ipar zein hego Euskal Herriko jendarteak zubigileak izatea eta elkarrekin pixkanaka-pixkanaka bide horren urratsera joatea”.
Bakearen Artisauek egin duten lanari esker, Euskal Herri “hobea” daukagula adierazi dute Gernika Batzordekoek: “Hori objektiboa da, ez da iritzi bat”. Euren lana aitortu gura izan dute: “Oraindik orain gauza asko daude egiteko eta konpontzeko, baina euren ekarpenak ahalbidetu du gaur egun Euskal Herrian egoera hobeagoa edukitzea. Gainera, ausardiaz egin dute, eta beraien egoera pertsonalak kolokan jartzen. Besteak beste, gaur sirena piztu dutenetako bi hilabete honetan Parisen epaituak izan dira, eta epaiketa horren bitartez adierazi diete egindakoak zigor egoera bat eskatzen duela. Eztabaida horretan ez gara sartzen, baina etikoki eta erantzukizunez diogu Bakearen Artisauek egindako lanari Euskal Herriak aitortza egitea zor diola. Gu Gernikatik hori egiten saiatu gara. Ipar Euskal Herritik, gure herritik, gure herriko gatazkari nolabaiteko soluzio baterako ekarpena egin duten pertsonak dira. Munduan barrena dauden gatazka guztiek gure erantzukizuna, ekarpena eta kontzientzia behar duten bezala, urruntasun horrek ez diezagula gurearekiko konpromisoa leundu. Askotan errazagoa da urrunago dagoen gatazkarekiko ekarpena egitea, eta benetan zu zipriztintzen zaituen horrekiko ez daukazu hainbeste konpromisorik. Gure ustez, kontrakoa izan beharko luke; munduko gatazkei egin geniezaiken ekarpen handiena da gurea konpontzea, eta hauek egin dute. Guk miresmena, aitortza eta esker ona adierazten diegu”.
Hain zuzen ere, Gernika Batzordeak Bakearen Artisauak proposatu izan ditu Gernika Sarietarako: “Gaur Bakearen Artisauak George Steerren omenaldian eta Gernika Sarietan egon dira. Sarritan eskatu dugu Gernika Sariek Bakearen Artisauei aitortza egitea, saria ematea, eta ez dugu erantzunik jaso. Guk gure txikitasunetik gure aitortza propioa eman nahi izan diegu. Are gehiago, epaituak izan diren hilabetean, Gernikako sirena aktibatzera etorri dira esatera egia, aitortza, memoria, justizia eta askatasuna aldarrikatzeko beharrean segitzen dugula”.
Sirena hotsak alarma asko eta kontzientzia asko pizten jarraitzen duela eta, sirena hots hori ahalik eta gertuen egotea gura izan dute: “Eta Pasealekuagaz konektatzearen beharra bageneukan, daukan esanahaiagatik, 1937ko apirilaren 26an hau baitzen merkatu plaza. Hemen gaudela, bizirik gaudela esateko modua da, errauts haietatik segitzen duen herri bat dagoela, eta, zelanbait, sirena horrek kontzientziak pizten baditu ere, Gernikak herri bizi bat izaten jarraitzen duela adierazi dugu, Euskal Herriak bizitzen jarraitzen duela”.
Aipatu koadroaren bitartez gauza asko adierazi gura izan dituzte. Artelana euskal auziari buruzko aldarrikapen bat izan zen bere garaian, Guernica Gernikara aldarrikatzeko modu bat ere izan zen, eta, ondoren, zoritxarrez, “gizakiak ikasi ez dituen” hainbat gauza gogoratzeko artelana da. Izan ere, Iraken gerra salatzeko baliatu zen, 2006an Gazaren kontrako sarraskia salatzeko ere bai, eta orain dela bi urte Ukrainako egoera salatzeko izan zen… Ā·”Eta zer hobeto honen bitartez baino, adierazteko gaur egun Gernika berriak sortzen ari direla; Gernika berria gaur egun Palestina deitzen da, Gaza deitzen da. Gernikatik erantzukizun bat daukagu horrekiko. Picassok esan zuen artea arma bat dela, eta guk gure artean bitartez adierazi nahi izan dugu beste mezu bat, munduari Gernikatik, gure txikitasunean, mezu hori helaraztea”.
Gernika Batzordearen kideen asmoa da gaur egin bezala, urtero Pasealeku erdian eta koadroa alboan daukatela sirena piztea.