"Kazetarienganako erasoak gerra krimenak dira, eta arduradunak epaitu behar dira"
Gerren eta gatazken berri ematen duten kazetarien lana babestu eta errespetatu behar dela aldarrikatu dute George Steer kazetariari egindako omenaldian. Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako idazkariak parte hartu du ekitaldian. Bestalde, aurten Steerren semeak ezin izan du udalerrira etorri, eta hark bidalitako gutuna irakurri du Nerea Revuelta alkateordeak.
Gernikako bonbardaketan gertatutakoa, egia nazioartera zabaldu zuen George Steer kazetari britainiarrak, eta egindako gertakarien kronika zehatza balioetsi dute goizeko ekitaldian: “Funtsezkoa izan zen herri honetan gertatutakoaren egia kontatzeko”. The Times eta The New York Times egunkarian azalean argitaratu zuten 1937ko apirilaren 28an.
Udalbatzaren ordezkariekin eta herritarrekin batera, Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako idazkaria eta Bingen Zupiria jarduneko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea egon dira omenaldi-ekitaldian.
Zupiriak Steerren lanen artean, garrantzia bereziz azpimarratu du haren Gernikako Arbola liburua. “Hark egun haiek kontatzen ditu, gerra hasiera hura nolakoa izan zen, hasi Gipuzkoatik eta Bizkaiko lurretaraino, tartean, jakina, Gernikan gertatutakoa”. Nahiz eta bonbardaketaren unean hura udalerrian ez egon, ordu batzuetara ailegatu baitzen, biktima eta lekuko izan zirenen testigantzak jaso zituen. Horiek liburuaren jasota daude: “Haiei esker dakigu zer gertatu zen, nolakoa izan zen txikizioa eta nolakoa izan zen egon zirenen sufrimendua”.
Era berean, gogoratu duenez, kazetaritzak egiari eta memoriari lotuta eduki dezakeen eredurik onenetakoa da: “Faxistek, Errepublikaren kontra armaz altxatu ziren haiek, gezurra sortu behar izan zuten bonbardaketaren inguruan, eta Steerrek jasotako testigantzei esker, gezur hura gezurtatzeko aukera izan zen. Hori orain gogoratzea bidezkoa da; izan ere, gutxienez munduko lau kontinentetan gatazka armatuen gerrak baitaude, egunero sufrimendua eragiten dutenak”. Sailburuak esan bezala, gatazka horietako askotan ez dago gertatzen ari dena kontatu dezaketen lekukorik; egia ezagutzea oso zaila da, egia bera ere biktima da. “Bizikidetzari dagokionez, garai delikatuak dira, Palestinan, Ukrainan eta beste hainbat herrialdetan, eta kazetaritza egia ezagutzeko modu eta bide bezala aldarrikatzeko balio du gaurko omenaldi honek, baita ere denok kontziente izateko bidezkoa ez den biolentziak eragiten jarraitzen duen sufrimenduaz “.
Zupiriaren ildo beretik, Jose Mari GorroƱo Gernika-Lumoko alkateak Sterren lanak izandako garrantzia eta oihartzuna aipatzeaz eta eskertzeaz gain, ere memoria historikoaren garrantzia goraipatu du: “1937ko bonbardaketa hartatik hona, gure ondasunik handienetakoa memoria historikoa da, gure guraso eta aitite-amonei, historialariei eta kazetariei esker”. Gerren eta gatazken berri ematen duten kazetariak aintzatetsi ditu, eta haiek babestu eta errespetatu behar direla adierazi du: “Ukrainako gerran hil diren kazetariak eta Palestinako genozidioa ez dira zenbaki hutsak, ezta zifrak edo estatistikak, isildutako ahotsak dira. Ehun kazetaritik gora erail dituzte Gazan eta Ukrainan, gehienak lanean ari zirela. Ezin da nahierara bahitu, desagerrarazi eta atxilotu; ezin da bere beharra egiten ari den kazetaria erail. Eurak ez dira gerraren parte, babestu eta errespetatu egin behar dira. Kazetarienganako eraso horiek gerra-krimenak dira, eta arduradunak epaitu behar dira. Atxilotutako, atxikitako eta bahitutako kazetariak euren etxeetara eta komunikabideetara itzultzea eskatzen du Gernikak”.
Semearen gutuna. Aurten Steerren semeak ezin izan du udalerrira etorri, eta hark bidalitako gutuna irakurri du Nerea Revuelta alkateordeak. Haren semearen berbetan, “zoritxarrez, gerrak gure mundua suntsitzen jarraitzen” du gaur egun, baina George Steerren espirituak bizirik dirau gatazken berri ematen duten kazetari ausart guztiengan, baita berak hainbeste miresten eta errespetatzen zuen Euskal Herri askean bere izena gogoratzen dutenen bihotzean ere. “Gernika-Lumoko herriari eskerrak eman nahi dizkiot urtero sagarrondoak loratzen diren sasoian nire aita gogoratzeagatik. Aitak hiru kontinenteetako gerrak bizi izan zituen, Afrikan, Europan eta Asian, eta Bigarren Mundu Gerraren azken hilabeteetan hil zen, nik 4 urte nituela”, gogoratu du gutunean.