"Bermesex aholkularitza zerbitzua da, ez da terapia bat"
Gazteria Sailak eskaintzen duen sexologia orientazio zerbitzuaren arduraduna da Irati Martin. Presentzialki zein telefonoz herritarren zalantza eta beldurrak erantzuten ditu.
Bermeoko Udalak eskaintzen duen zerbitzua da, baina zer da Bermesex?
Aholkularitza sexologikoa eskaintzen du zerbitzuak. Bi asterik behin barikuetan ematen da, eta bai zerbitzu presentziala, bai emailez edo telefono bidezkoa eskaintzen dugu.
Zerbitzua adin tarte jakin bati zuzenduta al dago?
Bermeoko Gazteria Sailetik antolatzen den zerbitzua bada ere, herritar guztiei zuzenduta dago. Gazteek, edozein adin dutela ere, edo helduek eta gurasoek ere, hurbiltzeko aukera dute.
Herritarrengandik zelako erantzun jaso ohi du Bermesexek?
Oso ona. Kontua da kosta egiten dela jendeak ezagutzea. Hedapen handiena institutuetan izaten da, ikasturtean zehar. Behin ezagututa, eskari asko heltzen zaizkigu, hau da, galdera asko, eta erabilera ematen diote zerbitzuari. Zalantza bat dutelako presentzialki hurbiltzeko pausoa ematea ez da hain ohikoa, baina telefonoz edo WhatsApp bidez ere jasotzen dute informazioa. Hurbiltasun hori eskaintzeak, ez bakarrik bi asterik behineko saio presentzialetan, asko laguntzen du, eta bidea erraztu ere bai.
Zein motatako zalantzak dira ohikoenak?
Denetarik izaten dugu; harremanen ingurukoak, esperientzia pertsonalen inguruko kontuak… Batzuetan jendea bakarrik etorri beharrean, gazteak esaterako, binaka etortzen dira, bai lotsagatik, bai egoera partekatua delako, eta taldean etortzea errazagoa egiten zaielako.
“Aholkularitza hezkuntza eta terapia artean dagoen metodologia da”
Zein ekarpen egiten dio zerbitzuak gizarteari? Zergatik da beharrezkoa?
Uste dut beharrezkoa dela jendeari berba egiteko espazio bat eskaintzea. Gaur egun dena dugu eskura Internet bidez, baina ez dugu espaziorik esperientziak partekatu eta norbaitek gu entzuteko. Bermesex epaitua izan barik hitz egiteko espazioa da. Aholkularitzaren oinarria da arazoak ditugula, edonori gertatzen zaizkigula gure bizitzan egoera ezberdinak eta horiei aurre egin behar diegula. Aholkularitzatik pertsona horri aurre egiteko tresnak eskaintzea bilatzen dugu.
Erabiltzaileen artean profilen bat nagusitzen al da?
Ez, nik esango nuke denetarik dagoela. Uste dut momentuko zalantza edo kontsulta gehiago izaten dituztela mutilek, mutil gazteek: «Hau gertatu zait eta ez dut jakin zer egin» edo horrelako kontsultak izaten dira gehien bat. Denetarik dago.
Saio presentzialetara doazenek errepikatu egiten al dute?
Orokorrean, ez da jarraipena egiten, Bermesex aholkularitza zerbitzua delako, ez terapia bat. Pertsonak momentuan dakarren kasuarentzat tresna ezberdinak eskaintzen ditugu. Hala ere, badaude itzultzea erabakitzen dutenak ere, baina jarraikortasuna badago, ez da luzeegia izaten. Jarraikortasun luze baten beharrizana badago, bideratu egiten dugu, guk ez dugulako bide-laguntza terapeutikoa eskaintzen. Aholkularitza hezkuntza eta terapia artean dagoen metologia da.
Beharrezkoak diren kasuak, nora bideratzen dituzue?
Kasuaren araberakoa da; pertsonaren egoera aztertzen da: psikologoa behar duen edo beste espazioa bat behar duen ikusten da. Askotan bideraketa hori sexologoa den psikologo batera izaten da, baina beste askotan psikologoarengana edo gizarte zerbitzuetako beste zerbitzu batzuetara bideratzen ditugu.
Sarri errepikatzen den galderarik identifikatu al duzu?
Bai, beldurrak izaten dira: norberak egoera jakin bati ematen dion garrantziaren araberako beldurrak. Hitz egiteko eta epaitua ez izateko espazioa emateak, pertsonak hain ezberdina ez dela ulertzea dakar. Askotan uste dugu zerbait gertatzen zaigun bakarrak garela. Beldurrak esparru guztietan daude, gorputzen inguruan ematen diren aldaketak, bikote harremanak…
“Ez dugu gertatzen zaigunaz epaituak sentitu gabe berba egiteko espaziorik”
Sexologia orientazio zerbitzua da, baina harreman afektibo-sexualetatik haratagoko kontsultak ere izaten al dituzue?
Bai, denetarik dago. Gainera, askotan pentsatzen dugu sexu aholkularitza zerbitzua sexu harreman penetratibora mugatzen dela, eta askoz harago doa. Gehienak ez dira horrelako zalantzekin etortzen: identitateari, orientazioari edo harremanen barruko tratu edo komunikazioagatik etortzen dira. Harreman bat dutenean nola sentitzen diren ere azaltzen dute, baina ez harreman penetratiboan, baizik eta beste norbaitekin harremana daukatenean. Orokorrean, gehiago izaten dira harremanak bere osotasunetik, eta sexualitatea bere osotasun eta zabaltasun horretatik. Hala ere, esan bezala, denetarik dago: askotan hurbiltzen dira harreman bateko egoera jakin bat dela eta, eta elkarrizketak aurrera egin ahala, autoestimuaz edo norberaren erabaki pertsonalei buruz edo bizitza proiektuari buruz hitz egiten amaitzen dugu.
Sexuaz eta sexualitateaz hitz egitea tabua al da kalean?
Bai, baina uste dut tabua baino gehiago, gaiak atzera botatzen gaituela. Sexualitatearen inguruan kanpora begira hitz egitea onartuta dago, baina norberak bere egoerari buruz hitz egitea, berriz, ez. Gizarte moduan kalean sexualitateari buruz hitz egitea gainditu dugu, baina norberak pertsonalki zerbait badu, kosta egiten zaigu jesarri eta zer gertatzen zaigun onartu eta laguntza eskatzea. Ez dugu beldur hori gainditu, baina ez kolektiboki. Lehen, orokorrean, ezin zen sexuaz edo sexualitateaz hitz egin, orain, berriz, bai, baina pertsonalki ez dugu gauzak guztioi gertatzen zaizkigula eta aurre egiteko batzuetan laguntza eskatu behar dugula onartzea lortu.
Gazteentzat zerbitzura, hau da, ezezagunera jotzea, hurbilekoekin hitz egitea baino errazagoa dela uste duzu?
Adinaren araberako kontua da. Adinak gora egiten duen heinean, beldur gutxiago ematen duelako edo inork epaituko ez diela ulertzen dutelako bakarrik etortzen dira. Uste dut gaur egun harremanak bere horretan–familia, bikote zein lagunen artean– ez daudela oso landuta. Orokorrean ez dugu gertatzen zaigun horretaz epaituak sentitu gabe berba egiteko espaziorik. Horregatik, batzuentzat errazagoa da epaituko ez duten espazio batera bakarrik jotzea. Gazteagoak direnen artean gehiago ikusten dut gertatzen zaiena komentatzen dutela, baina, hala ere, binaka edo etortzen dira beste erantzun baten bila.
Zer esango zenieke zerbitzura jotzearen beldur direnei?
Gu hor egongo garela, gaur ez bada datorren urtean. Bakoitzak bere prozesua du, eta norberak bere denbora hartuta ikusi behar du noiz dagoen prest eta noiz den bere momentua. Beraz, lasai hartzea eta, aholkularitza denez, nahi dutenean hurbildu eta probatu dezaketela esango nieke bermeotarrei.