Espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko denboraldia hasiko du Lurgaiak
Lurgaiaren ordezkariek jakinarazi dutenez, landaketa “denboraldi bikain baten” ondoren, espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko denboraldia hasiko dute, eta lehenengo hitzordua maiatzaren 5erako (domeka) ipini dute. 09:30ean Astei Landaetxeko aparkalekuan (Ibarruri) elkartuko dira, eta Undabasora joango dira, landatzen aritu diren lursailetako batean akazia faltsuen ugaritzea kontrolatzera.
Behaketaren aurretik, espezie exotiko inbaditzaileek ekosistemetan eragiten dituzte arazoez hitz egingo dute, baita inguruko flora eta faunan nola eragiten duten ere: “Gainera, aurtengo landaketek aurrera nola egiten duten ikusiko dugu, eta ondoren, pintxo batzuk jango ditugu indarberritzeko”.
Saioan parte hartzeko izena eman behar da info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzita; maiatzaren 2a (eguena) baino lehenago izena eman behar, eta honako datu hauek zehaztu behar dira: parte hartzaileen izen-abizenak eta adina, jatorrizko udalerriak eta telefono zenbaki bat.
Praka luzeak eta mendiko edo ur-botak eramatea gomendatu dute: “Euria egiten badu, uretako arropak eroatea komeni da, eta gura dutenek ura eta goizerdirako jateko zerbait ere eroan dezakete”.
Jarduera hori BBK Basoa Proiektuaren barruan kokatzen dela azaldu dute, “BBK Fundazioaren laguntzari esker”.