Liburu eguna ospatu dute Busturian
Udalak 10. aldiz antolatu du J.M Uzelai Ikastetxeagaz ipuin topaketa.
Gaur, apirilak 23, Liburuaren eta Egile Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da, hala izendatu baitzuen UNESCOk 1995ean. Busturiako Udalak bat egin du Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Garcilaso de la Vega omentzen dituen egunagaz, eta 10. aldiz antolatu du ipuin topaketa Jose Maria Uzelai Herri Ikastetxeagaz batera.
Goizeko bederatziak aldera iritsi dira ikasleak liburutegira, Apika Ipuin Kontalariaren Aparteko ipuinak ikuskizunagaz gozatzeko. Liburuekin ondo pasatzea eta liburuetan gordetzen den guztia ezagutzeko saio berezia da Ana Apikarena.
Lehen ikuskizuna bukatuta, ipuin banaketa egin dute ikastetxeko umeen artean. Ostean, Apikak bigarren saio bat eskini du, Liburuz liburu. Izenak argi utzi bezala, liburuak izan dira saio horretako protagonistak, eta ikasleak liburuz liburu aritu dira barruan ezkutatzen dutena ezagutzen.