Lankidetza aukerak aztertzen ari dira Errigoitiko, Morgako eta Arrietako udalak
"Elkarlan posibleak eta elkarlanerako proiektuen garapena aztertzeko", barneko udalerri mugakideekin harremanetan jartzea erabaki du Errigoitiko Udalak. Gero, bigarren fase batean, harreman horiek kostaldeko herri mugakideetara zabaltzea aurreikusi dute.
Errigoitiko, Morgako eta Arrietako udalak elkarlanean ari dira euren arteko lankidetza hitzarmenak aztertzeko. Hala, joan den barikuan (apirilak 19), Frank Zubiaga Oñarteetxebarria Errigoitiko alkateak harrera egin zien Mari Tere Artetxe Barrena eta Aitor Agirre Urkidiri, Morgako eta Arrietako alkateei, hurrenez hurren. Herrian zehar ibili ziren, agintaldiko helburuak, proiektuak eta erronkak partekatuz.
Jakinarazi dutenez, herritarrekin “jarrera hurbilekoa eta eskuragarria” izan gura du Errigoitiko Udalak, horien beharrizanak eta proposamenak hobeto ezagutzeko eta udal kudeaketan kontutan hartzeko. Hori dela eta, “garrantzitsua” deritzo inguruko herriekiko udal harremanak “estutzea”, “elkarlan posibleak eta elkarlanerako proiektuen garapena aztertzeko”. Hala, barneko udalerriekin harremanetan jartzea erabaki du lehenengo, eta Morga eta Arrietako udalekin hasi da lanean, gero, bigarren fase batean, harreman horiek kostaldeko herri mugakideetara zabaltzeko.
Zubiagak dionez, udalerri mugakideen artean elkar hobeto ezagutzea bilatu dute, eta esan du horretarako pauso garrantzitsua dela ekimena; izan ere, uste du proiektu berriak sortzeko edo daudenak partekatzeko aukera emango duten ideak sor daitezkeela, bai ingurumenaren, bai kulturaren, bai gizartearen, bai ekonomiaren esparruan. “Proiektuek, askotan, udal mugak gainditzeko ahalmena dute. Jarduera batzuk inguruko herriekin batera egin ahal ditugu, eta horrek arrakasta handiagoa izatea ekar dezake”, azaldu du Zubiagak.
Izan ere, nabarmendu du hiru herri horiek udalerri txikiak direla, Gernika-Lumotik Forua edo Busturia baino “apur bat isolatuago” daudenak; horrek, herriko bizitza dinamizatzeko eta sustatzeko orduan, hazteko eta proiekzioko aukerak “apur bat mugatzea” dakarrela dio alkateak. “Horregatik, lankidetza garrantzitsua izan daiteke proiektu anbiziotsuagoei ekin ahal izateko. Ze horiek bakarrik aurrera eroatea zaila litzateke, finantzaketa arazoei erreparatuta, batez ere”, esan du Zubiagak, proiektuari ekiteko helburuak argudiatuta.
Bisita.
Elkarlanerako lehen geltokia izan zen Errigoiti, eta bisitan, udal ekipamendu nagusiak eta ondare historiko garrantzitsuena gordetzen duten auzoak zeharkatu zituzten. Horri esker, udalerriko alderdi administratiboak ezagutu zituztela diote, udal artxiboaren antolaketan eta kudeaketan sakonduz. Horrez gain, kultur areto berriaren instalazioak, frontoien berrikuntza lanak, ludotekako eta belaunaldi gazteentzako aisialdi programak ezagutu zituzten Morgako eta Arrietako udal ordezkariek. Elizalde auzoko hariztiaren historia eta bertako ondare erlijioso eta etnografikoa ere bisitatu zuten. Gainera, gehitu dute, udal bideen kudeaketari eta horien mantenuari edo garraio publikoaren gabeziei buruz ere berba egin zutela.
Hurrengo pausoa Morga eta Arrieta bisitatzea izango dute, bakoitzaren asmoak eta zailtasunak ezagutzeko. Ondoren, lankidetza ildoak eta ekintzak planteatzeko asmoz, udalerrietako garapena eta bizitza soziokulturala aberastuko duten proiektu eta jarduerak egiteari ekingo diete. “Beste helburu batzuen artean, hiru udaletako ordezkariek euren herrien erakargarritasuna hobetzea bilatzen dute, bizilagunek euren bizitza eta harreman sozialak herrian bertan egin ditzaten, eskualdeko herri handietara joan behar izan barik”, azaldu dute. Hala, Zubiagak dio, tokiko erakargarritasuna areagotzeko helburuak “herritarra izatearen sentimendua sustatzea eta biztanleria finkatzea” dakarrela.