Gurpil biren gainean eta abiadura bizian
Cross Country lasterketa egin dute Ereñon. Josu Artola (senior maila), Alejandro Irigoien (gazte maila), Neus Parramon (emakumezkoak) eta Gaizka Fullaondo (beterano maila) izan dira probako bizkorrenak.
Ereñok Cross Country lasterketa hartu zuen zapatuan [apirilak 20]. Gernika Off-Road taldeak antolatuta, punta-puntako partaidetza eduki zuen Euska Herriko Txapelketarako puntuagarria izan zen lasterketak; 109 parte hartzaile aritu ziren lehian, lau kategoriatan banatuta. Senior, beterano, gazte eta emakumezkoen sailkapenak egon ziren arren, lasterketako gidaririk bizkorrena senior mailako Josu Artola izan zen; 02.06.59ko denboran burutu zituen lanak garaileak.
Oro har, maila oso handia egon zela azaldu dute antolatzaileek. Motorzaleek, hain zuzen, beren gaitasun fisiko, tekniko eta taktikoak jokoan ipini behar izan zituzten, Gabika inguruan kokaturiko ibilbidean: “Azken unean gune oso tekniko bat aldatu behar izan genuen, lasterketa gehiegi puskatuko zuelakoan; beraz, ibilbide bizkorra, abiadura handikoa eta lehorra geratu zen”.
Podiumeko bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, senior mailako beste parte hartzaile bik amaitu zuten: Urko Garmendiak (02.07.26) eta Iker Alemanek (02.08.37). Gazte mailan, Alejandro Irigoien izan zen bizkorrena, 02.02.32ko denbora eginda. Beteranoen sailkapenean, ostera, Gaizka Fullaondo nagusitu zen, 02.10,39ko denboragaz. Emakumezkoen parte hartzeari dagokionez, hiru izan ziren irteera hartu zutenak, eta bi iritsi ziren helmugara, eta 02.00.52ko denbora egin zuen Neus Parramon izan zen azkarrena.
Etxeko izarra, lehiatik kanpo.
Gernika Off-Road etxeko kide askok parte hartu zuten lasterketan. sei urteren ondoren, bestalde, Txomin Arana ereñarra ere motor gainera bueltatu zen, beteranoen sailkapenerako lehiatuz. Bueltatu ez ezik, maila oso handian aritu zen etxeko gidaria, ezbeharra iritsi zitzaion arte: “Arazo mekanikoak eduki zituen bere motorragaz, alarma argi bat piztu zitzaion, eta proba bertan behera utzi behar izan zuen, tamalez”.
“Zapatu arratsaldean bertan ekin genien eremua lehengoratzeko prozesuari”
Beste alde batetik, eskualdeko nahiz inguruko ikusleek ez zuten hutsik egin. Hain zuzen, antolatzaileek ibilbidearen zati handi bat ikusi ahal izateko gunea atondu zuten, eta bertan pilatu ziren jarraitzaile gehienak. Parte hartzaileei emandako babesa eta erakutsitako interesa “oso handia” izan dela nabarmendu dute. Horrez gain, Gernika Off Road elkartetik argi jendeari eskatu diote lasterketa hartutako ibilbidean ibiltzea galarazita dagoela: “Zapatu arratsaldean bertan ekin genien eremua lehengoratzeko prozesuari, eta horretan ari gara: hesiak kendu ditugu, belarra erein, lurzorua leundu, eta abar. Hori dela eta, behar hori guztia errespetatzeko eskatu gura diegu guztiei, hurrengo urtean ere probaz gozatu ahal dezagun”.