Gernikako Ospitaleko larrialdi zerbitzuetako langileek pertsonal eskasia salatu dute
"Erizainen eta erizaintzako laguntzaileen falta arriskutsua da, larrialdiren bat gertatuz gero, biztanleria arretarik gabe geratzen baita", esan dute langileek.
Gernika-Lumoko Ospitaleko erizainen eta erizaintzako laguntzaileen lantaldeak urteak daramatza Barrualde-Galdakao ESIko Zuzendaritzari langileak falta direla eta lan karga handiegia dutela eskatzen. “Gaur egun egiturazko pertsonala erizain talde eta erizaintzako languntzaile talde eskas batek osatzen du, eta asteko une jakin batzuetan, kategoria bakoitzeko beste profesional baten unean uneko errefortzuak ditu”, azaldu dute langileek. Izan ere, zehaztu dute zuzendaritzak une jakin batzuetan langile gehiago jartzen erantzun duela, oporraldietan, kasu. Baina erantzun hori zerbitzu horrentzako nahikoak ez dela salatu dute langileek.
Hala, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta SAE sindikatuek Barrualde-Galdakao ESIko Zuzendaritzari eskatu diote erizainen eta erizaintzako laguntzaileen lantaldeak handitzeko eskaerari erantzuteko, “herritarrei zerbitzu osoa eta kalitatezkoa bermatu ahal izateko”. Diotenez, lantaldea handitzeak “hobekuntzak” ekarriko lizkieke herritarrei, itxaronaldiak arinduko lituzkeelako, eta, larrialdietako pazienteen segurtasuna bermatuko lukeelako: “Maila honetako ospitale baterako ezinbestekoa da hori”.
Izan ere, salatu dute, larrialdi zerbitzuetan bizi arriskuko egoerei erantzun behar zaienean –hala nola, bihotz biriketako bizkortzea–, langile guztiek –bi erizainek eta laguntzaile batek– dena utzi behar dutela larrialdi hori artatzera joateko, protokoloak hala agintzen duelako. Eta, ondorioz, gainerako larrialdi zerbitzuak –boxak eta triajea– ez direla bermatuta geratzeen. “Horrelako egoerek zuzenean eragiten diote larrialdean ematen den arretaren kalitateari, ze horrelako larrialdiei erantzuteko langileek euren ohiko lanpostuak hutsik utzi behar dituzte, laguntza ematera joateko. Erizainen eta erizaintzako laguntzaileen falta arriskutsua da, larrialdiren bat gertatuz gero, biztanleria arretarik gabe geratzen baita”, azaldu dute langileek.
Eta, nabarmendu dute azken urteetan larrialdi zerbitzu horretan arreta eskaera “nabarmen handitu” dela, baita artatutako egoeren larritasuna ere. “Lehen mailako arretaren egoera kaskarra dela eta, larrialdietako zerbitzua gehiegi kargatzen da, Lehen Arretan artatu ezin diren guztiak bere gain hartzen baititu: tratamendu kronikoak, sendaketak, injektagarriak… Hala erakusten dute lantaldeak ESIko Zuzendaritzari aurkeztu dizkion zenbaki eta datuek”, azaldu dute larrialdietako langileek.
Eta, salatu dute lan igoera horri langile kopuru beragaz egin behar izan diotela aurre, eta azpimarratu dute horrek eragina daukala lan baldintzetan, lan kargetan eta arrisku psikosozialetan ere bai. Ondorioz, neurriak hartzeko aldarria publiko egin dute.