Familiaren sustraiak ezagutzeko bidea
Bermeotik Escarabajosa de Cabezaserainoko ibilbidea egin du oinez David Avila bermeotarrak. Bere aitaren herria ezagutzeko asmoz, 400 kilometro osatu ditu bakarrik, eta ‘Lukien bidea’ izena jarri dio egindako bideari.
Norberaren familiaren historia ezagutzeko hamaika modu ezberdin daude: gertuko arbasoen ahotik zuzenean informazioa jasotzea,
zuhaitz genealogikoak egitea edo udal artxiboetara jotzea… Bada, ordea, arbasoen jaioterria lehen pertsonan ezagutzea erabakitzen duenik ere; bada, kilometroz kilometro, senideen ahotik jasotako informazioa, txikitatik entzundako istorioak eta argazkietan ikusitakoak ezagutzeko motxila lepora bota, eta errepideak hartzeko prest dagoenik ere.
Bermeotarra da David Joan Avila, ibiltzea gustuko duen 47 urteko bermeotarra. Ibiltzearekiko duen pasioa bere familiaren sustraiak batzeko ilusioagaz uztartu zuen Avilak, eta iaz egi bihurtzea lortu zuen. Bermeotik Escarabajosa de Cabezaserainoko, Segoviako probintziako udalerri txiki baterainoko ibilbidea egin zuen, oinez.
Ekintza gogoangarria da berez, udalerri batetik bestera 400 kilometrotik gora baitaude. Balentria handiagoa da, ordea, distantzia hori aste batean egitea. Zazpi egun eta zazpi etapa baino ez zituen behar izan bere etxetik bere aita jaio zen etxera iristeko. Azaroaren 29ko goizeko bostetan atera zen Avila Bermeotik, eta abenduaren 5eko arratsaldeko bostetan iritsi zen Segoviako udalerrira.
Avilak onartu du ez zuela presketa edo entrenamendu berezirik egin abentura horri ekin aurretik. “Normalean, astean bizpahiru aldiz joaten naiz ibiltzera, edo, batzuetan, korrika egitera; beraz, ibilbide hau egiteko prest nengoela pentsatu nuen, eta aurrera egin nuen”, adierazi du
ibiltariak.
Escarabajosa de Cabezasera zazpi egunetan iristeko, egunero 55 kilometro inguru egin behar izan zituen, eta azkenengo bi etapak izan ziren luzeenak –66, 14 eta 63,1 kilometrokoak–, Bermeon egiten dituenak baino «dezente» luzeagoak. Zazpi egunez, batez beste, hamahiru orduz aritu zen oinez, kilometroz kilometro aurrera eginez.
Entrenamendu berezirik ez egiteko bestelako arrazoirik ere bazuen Avilak. Irteera egin baino lau hilabete lehenago otu baizitzaion aitaren jaioterrira bisita egitea, baina data zehatza ez zuen Bermeotik irten baino astebete lehenago erabaki. Gauzak horrela, ez zuen ibilbidea beragaz egin nahi zuen senitartekorik edo lagunik aurkitu. Kikildu ez, eta Escarabajo de Cabezaserako bidea bakarrik egitea erabaki zuen.
Astebeteko epean ibilbidea eta etapak prestatu behar izan zituela adierazi du Avilak. Prozesu horretan, hainbat eta hainbat mapa begiratu behar izan zituen, eta Interneteko informazioa lagun izan zuela azpimarratu du. Horregatik, egindako ibilbidea sarean partekatzea erabaki du, beste batzuek berak egindako ibilbidea errepikatzeko aukera izan dezaten. Izan ere, Escarabajosa de Cabezasera bidean, Bizkaia, Araba, Burgos, Valladolid eta Segoviako lurrak igaro zituen ibiltariak, besteak beste, bere esanetan, horietako “lur basati eta ikusgarrienak”. Horregatik, jarri dio bere ibilbideari Lukien bideaizena.
Behin martxa hartuta, erronka fisiko eta psikologikoei aurre egin behar izan zien bermeotarrak. Izan ere, lehen egunean eguraldia lagun izan bazuen ere, bigarrenean “izugarrizko” euritea jasan behar izan zuen. Oraindik etxetik gertu, une batez buelta emateko tentaldian erortzetik gertu egon bazen ere, aurrera egitea erabaki zuen.
Bidean, biztanle oso gutxi dituzten herriak zeharkatu zituen, eta zazpi egunez, ostatu, landetxe eta hotelez baliatu zen gauak igaro eta hurrengo etapa luzerako atseden hartzeko. Gainera, egingo zituenak etapa luze eta gogorrak izango zirenaren jakitun, motxilan ahalik eta pisu gutxien eramatearen aldeko apustua egin zuen Avilak, eta aldagarri bakarra eraman zuen: azpiko arropa, galtza elastikoak, kamiseta termikoa eta anoraka. Arropaz gain, GPS bat eta janari apur bat ere eraman zituen. Izan ere, bazkaria erosteko denden falta
sumatu zuen ibilbideko une batzuetan, eta horrek janaria bi egunean behin erosi eta motxilan eramatera behartu zuen. Afaldu, ordea, ostatuetan egiten zuen.
Aitaren jaioterrira bisita egiteak balio emozionala gehitu zion Avilaren ibilbideari. Izan ere, nahiz eta aita egun bertan bizi ez, familia du bertan.
Gainera, Avilak aitortu duenez, aitak beti hitz egiten dio Escarabajosa de Cabezaseko paisaiei eta kondairei buruz, beraz, “biziki” poztu zen semeak bidaia berezi hori egingo zuela kontatu zionean.
Bidaia luzea izan bazen ere, Avilak, noiz ez dakien arren, “ziur asko” berriro errepikatuko duen esperientzia izan da. Familiako kideekin edo lagunekin egitea gustatuko litzaiokeen arren, noiz egingo duen erabaki arte hori ez duela jakingo adierazi du: “Lehengusuren edo lagunen batek gutxienez etapa bat nigaz egitea gustatuko litzaidake”. Inor animatu ezean, gainera, berriz ere bakarrik abiatuko dela azpimarratu du.