William Kelly omendu du Gernika-Lumoko Udalak
Joan den udan zendu zen Gernika-Lumoko enbaxadore izandako artista estatubatuarra. Gernika-Lumo enbaxadore "ezin hobea" izan zen; munduan zehar zabaldu zuen Gernikako bonbardaketa.
Joan den udan zendu zen William Kelly artista estatubatuarra, Gernika-Lumoko enbaxadore izandakoa. Kellyk sarritan bisitatu zuen Gernika-Lumo, Gernika Gogoratuz memoria elkarteak gonbidatuta. 80ko amaieran etorri zen Gernika-Lumora estreinakoz Kelly, eta ordutik harreman “oso sendoa” izan du herriarekin. Estatu Batuetan jaiotako artista kulturaren eta bakearen defentsaile sutsua izan zen.
Kellyk, Gernika-Lumo ezagutu zuenetik, harreman sendoa eraiki zuen Gernika Gogoratuz, Bakearen Museo, Kultur Etxe eta Gernika-Lumoko Udalarekin. Mundutik zehar artea eta bakea defendatzeaz gain, Gernika-Lumoko enbaxadore “ezin hobea” izan da estatubatuarra. Hori dela eta, Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendari Kristina Aranak adierazi du “derrigorrezkoa zela” bonbardaketaren 87. urteurrenarekin lotutako ekitaldietan omenaldi bat egitea.
“Gauza asko esan daitezke pertsona apart honetaz. Mundu osoan zehar eroan egin zuen Gernika-Lumoren izena. Bere lanaren eta gogoetaren inguruan ere gauza mordoa esan daiteke: artearen bidez gizarte bidezkoagoa eta humanistikoagoa lortzea posible zela uste zuen Kellyk; arteagaz mundua aldatu daitekela sinesten zuen”, adierazi du Aranak. Kellyren ustez, mundua aldatzen laguntzen duen zerbait aurkitzean, –batik bat, artea– erruki handiagoz pentsatzen eta maitasun handiagoz jokatzen da. Arteak bala bat geldiarazi dezakeela uste zuen Gernika-Lumoko enbaxadoreak.
Bakearen Museoarekin lotura.
Harreman berezia zuten Bakearen Museoak eta Kellyk. Museoko zuzendari Iratxe Momoitiok azaldu duenez, azkenengo 24 urteetan, ia urtero etorri izan da Gernika-Lumora. Hori dela eta, gutxienez, omenaldi “xume bat” merezi zuela aitortu du. Momoitioren ustez, Kellyri esker hasi ziren Gernika-Lumoko elkarte asko artearen eta bakearen inguruan lan egiten; 2000. urtean eman zuten elkarlanerako lehen pausoa, Arte de la Reconciliación erakusketagaz. Erakusketa horretatik, gerora fruituak emango zituen talde sendoa atera zen: Kellyk, Momoitiok, Maria Oiangurenek eta Alex Carrascosak osatutakoa.
Aipatutako talde horretatik sortu ziren hurrengo erakusketak eta proiektuak: Berradiskidetzarako artea, Arte humanista eta Nazioarteko Arte eta Bakearen Jardunaldiak. Jardunaldiak bi urterik behin egiten dira eta, Kellyri esker, mundu osoko artistak hurbildu dira Bakearen Hiria deritzonera. Artistaren ekarpenen artean, Momoitiok bi aipatu ditu: lehenengoa, 2001an egindakoa, zeinetan Foru Plaza osoa kandelaz bete zuten; bigarrena, plaza bereko arkuak siluetaz eta kandelaz jantzi zituenekoa. “Pertsona bikaina, oso umila eta bakegile sutsua zen. Gernika-Lumok izan zitekeen enbaxadore onena zen. Mundu osoan zehar aipatzen zuen Gernika-Lumo: Hegoafrikan, Estatu Batuetan, Astralian, Japonian…”, goraipatu du Momoitiok.
Omenaldiak, herrian zehar.
Museoko zuzendariak azaldu duenez, egunotan Kellyren omenezko hainbat lan egongo dira Gernika-Lumon zehar. Lehenengoa, gaur aurkeztutakoa, Foruen Plazan egongo den Kellyren ibilbidearen inguruko totem bat da; bigarrena udaletxe sarreran kokatuta dagoen Gernika Lekukotasuna artelana da; hirugarrena udal liburutegian, Foru Plazara ematen duen erakusleihoan, liburuz osatuta jarri duten “erakusketatxoa” da. Maria Oiangurenek, Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko zuzendariak, gogoratu du Kultura eta Bakearen Nazioarteko 34. jardunaldien barruan beste omenaldi bat egingo zaiola: apirilaren 24an izango da, 12:00etan, eta bertan izango dira Carrascosa, Momoitio eta Oianguren bera.
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok ere ez du hitzordura falta nahi izan. Kelly “oso ondo” ezagutzen zuela aitortu du, eta pertsona oso umila zuela nabarmendu du. Arkitektoa izanik, Gernika-Lumoko eraikinekin fijazioa zuela azaldu du, eta herria “asko” gustatzen zitzaiola azpimarratu. “Bakearekin eta artearekin oso konprometituta zegoen. Gernika-Lumora zetorren bakoitzean, beti esaten zidan gauza berbera: bonbardaketako biktimek herria horrela ikusiko balute…”, argitu du Gorroñok.