"Prozesuaren lehen hilabete eta erdia oso gogorra izan zen"
Zesta-puntaren abiadura bizia bete-betean gelditu zitzaion Xabier Barandikari, iragan uztailean: lesio larri batek minberatuta, zortzi hilabetez lehiaz kanpo egon da. Gaur arte. Barandika bueltan da.
Bere kirol ibilbideko ordura arteko mailarik handienean zegoenean iritsi zitzaion ezbeharra Xabier Barandikari: aurreko lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtu zituen, saskibaloian jokatzen ari zela. Zortzi hilabetez luzatu zaio itzulera, baina puntista gernika-lumotarra gaur bertan [apirilak 19] bueltatuko da kantxara, Gasteizko Araba Euskaraz Master Seriesen. Unai Lekerika adiskide eta herrikideagaz bikotea osatuta, Ludovic Ladutxe getariarra eta lesio batetik itzuli berri den beste puntista bat, Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra, edukiko ditu aurrez aurre.
Zortzi hilabeteko lan gogorra egin behar izan duzu, kantxetara bueltatu ahal izateko. Zelan zaude? Guztiz berreskuratuta?
Baietz esan daiteke: ondo nago. Ez da bide batere erraza izan, baina esan dezaket lehiaketara bueltatzeko moduan nagoela. Entrenamendu saioetan sasoi onean igarri dut neure burua. Dena dela, prestakuntzatik partiduetara alde zeharo nabarmena dago: lehiaketak, lesioetatik berreskuratuta ez ezik, gorputzaldi sendoan egotea eskatzen du. Alde horretatik, bide luzea daukat egiteko oraindik.
Zelako bidea egin behar izan duzu, lesioetatik berreskuratze aldera?
Lotailua ez ezik meniskoa ere apurtu izanak asko zaildu du prozesua: prozesuaren lehen hilabete eta erdia oso gogorra izan zen, fisioterapia saioetatik harago. Gerora, baina, bidea dinamikoagoa izan zen; buruak mugikortasun hori eskertu zuen.
“Istripuaren eta ebakuntzaren arteko tartean pasatu nuen txarren”
Alde fisikoaz harago, nola aurre egin diozu prozesuari alderdi psikologikotik?
Uste baino hobeto egin diot aurre, egia esan. Abuztu amaieran egin zidaten ebakuntza, uztailaren akabuan min hartu ostean. Beraz, istripuaren eta ebakuntzaren arteko tarte hartan pasatu nuen txarren: zalantzati bizi nuen egoera, minberatuta eta arduraz gainezka. Ebakuntzaren ostean, baina, ardurak konstantziagatik ordezkatu nituen, eta prozesu horretan egunero-egunero gogor lan egin dut, egun batean ere hutsik egin gabe.
Min hartu baino astebete lehenago Markina-Xemeingo Grand Slama irabazi zenuen Thibault Basquegaz batera. Ordura arteko une gozoenean zeunden, behintzat, emaitzei dagokienez.
Egia esan, bai. Dena dela, buruari buelta larregi ez ematen saiatu naiz. Une horretan izango ez balitz, beste edonoiz zein edonon gerta zitekeen istripua, esaterako, kantxa barruan edota padelera nahiz squashera jokatzen nintzela. Naturaltasun guztiz bizi dut gertatu zena, jadanik ez du zentzurik burua jaten ibiltzeak: unerik onenean izanda ere, ezbeharra halaxe etorri zitzaidan.
Bueltatzeko ere, ez zara presaka eta korrika ibili behar izan.
Hasiera-hasieratiki argi eta garbi eduki dut gorputzari behar beste denbora emango niola. Hain zuzen ere, medikuak uneoro neure prozesuaren jakitun izan dira, eta ez dut ezer egin beraien oniritzia eduki barik. Ebakuntzaren ondoren, zortzi eta bederatzi hilabete bitarteko epea izango zela aurreratu zidaten, eta azkenean ia-ia zortzikoa izango da, datorren astelehenean beteko baita epemuga hori. Hasiera batean, maiatzaren 10a ipini zidaten bueltatzeko muga legez, baina, lan gogorrari esker, bidea zertxobait bizkortu ahal izan dut.
“Gasteizen sentsazio bila kantxaratuko naiz baina, era berean, irabazteko asmoz”
Araba Euskaraz Master Series txapelketa hasieratik begi jota eduki al duzu, itzulerarako agertoki bila zenbiltzala?
Ez. Berez, Bilboko Jai Alai Iron Cup txapelketan neukan ipinita fokua. Edozelan ere, sasoia berreskuratzean guztiz zentratuta egonik, Gasteizkoa aukera oso polita izan zitekeela iruditu zitzaidan. Horrez gain, Bilboko lehiaketara zertxobait indartsuago ailegatzeko ere balioko dit. Gasteizen sentsazio bila kantxaratuko naiz baina, era berean, irabazteko asmoz.
Gainera, lagun min bat edukiko duzu atzealdeko koadroen jagole lanetan.
Hori da. Lekerikagaz jokatzea beti da polita: bikain ulertzen dugu elkar. Kantxa barruan, sobera daki interesatzen zaigun jokoa zelakoa den, eta egundoko segurtasuna ematen dit. Era berean, hark ondo daki barruan daukadan guztia emateko asmoz kantxaratuko naizela eta, horrenbestez, ez dit ez dagokidan ezer eskatuko; ondo daki nondik natorren, neure egoera zein den, eta horren arabera planteatuko dugu partidua.
Ahalik eta bizkorren bueltatzeko presiorik igarri al duzu?
Presio bakarra neure buruak ezarria izan da. Adibidez, zenbait txapelketatik berba egin didate, baina denek presiorik gabe hartzea proposatu izan didate.
“Winter Seriesaren hasiera ikusle artean bizitzea izan zen antsietate une nagusia”
Dena dela, ez zitzaizun batere erraza suertatuko Winter Seriesa harmailetatik ikusi behar izatea, ezta?
Winter Seriesaren hasiera ikusle artean bizitzea izan zen antsietate une nagusia. Jardunaldiek aurrera egin ahala, atzean utzi nuen ezinegon hori, ezer onik ekarriko ez zidala ulertuta.
Gernika-Lumokoaz gain, egon al da bertan jokatzea bereziki faltan izan duzun beste txapelketaren bat?
Ez nuke esango. Ipar Euskal Herriko lehiaketak dira gehien gustatzen zaizkidanetako batzuk eta, zorionez, horietako asko uda sasoian jokatu ohi dira.
“Johan Sorozabal gaurko eta biharko puntistetako bat da; gauza oso ederrak egiten dabil”
Tarte honetan, badirudi Aritz Erkiaga ispastertarrak zesta-puntaren aginte makila hartu duela.
Maila oso handian dago, gainontzeko guztiak baino koska bat gorago. Hori bai, harmailetatik asko gozatu dut Johan Sorozabal miarriztarra ikusten. Gaurko eta biharko puntistetako bat da; gauza oso ederrak egiten dabil.
Bilboko hitzorduari helduta, bigarren txapelketa izatea alde edukiko duzu, ezta?
Bai, horrexegatik bilatu dut Gasteizen abiatzea, hutsetik ez hasteko eta Bilboko lehiaketari konfiantza gehiagogaz ekiteko.
“Lehenengo helmuga lesioa orduko neukan mailara itzultzea litzateke”
Aurtengo helburuak zeintzuk izan beharko lirateke?
Goizegi da esateko. Beharbada, lehenengo helmuga lesioa orduko neukan mailara itzultzea litzateke. Maila hori harrapatuz gero, uste dut beste jomuga batzuetan pentsatzeko moduan egongo naizela. Hori, azken batean, denborak esango du.
Edozelan ere, entrenamendu saioetan ere azterketaldiren bat edo beste egingo zenuen.
Entrenamendu latzak egin izan ditut. Adibidez, profesional arteko lauko entseguak egin ditugu, eta nire burua sasoiko ikusi dut. Dena dela, prestakuntza saio horiek ez dute benetako lehiaketaren antz handirik. Lehia ofizialean presioak, eskakizunak eta mailak gora egiten dute.
Aurrerantzean jokatuko dituzun txapelketekin bide orririk marraztu al duzu?
Bai. Gasteizko eta Bilboko hitzorduez gain, Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumon jokatzeko asmoa dut, baita Ipar Euskal Herrian ere. Udan, herririk herri eta frontoirik frontoi ibili ohi gara; polita besteko intentsoa da.
“Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumon ahalik eta lehiakorren agertu gura nuke”
Baten bat begiz jota al duzu?
Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumon ahalik eta lehiakorren agertu gura nuke: bata lesioa orduko azken garaipena lortu nuen Grand Slama da; bestea, ostera, etxeko lehiaketa eta etxeko pilotalekua. Ez da batere erraza izango, baina txapelketa horietan garaipenaren borrokan ibili nahi nuke.