Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua aldundiaren esku geratu da
Bizkaiko Foru Aldundiak lagapen akordio bat sinatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailagaz eta Osakidetzagaz, eta hirugarren solairua arreta soziosanitarioko unitate modura erabiliko dute.
Iazko apirilean iragarritakoari jarraituz, eta Oheen Aldeko Plataformak Eusko Legebiltzarrean eskatutakoari muzin eginez —hirugarren solairua Azpiakutuen Unitate gisa egokitzeko eskatu zuten—, Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua Bizkaiko Foru Aldundiaren esku geratzea onetsi dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak eta Osakidetzak. Izan ere, lagapen akordio bat sinatu dute, aldundiak solairu hori arreta soziosanitarioko unitate modura erabili dezan.
Aldundiak Osasun sailagaz eta Osakidetzagaz sinatutako akordioaren ondorioz, gune hori “osorik” bideratuko dute laguntza soziosanitarioa ematera; hau da, konplexutasun gutxiko eta intentsitate handiko osasun zainketak behar dituzten pertsonei eskainiko diete arreta bertan, betiere haien egoera soziofamiliarrak etxean edo mendekotasun egoeran dauden adinekoen egoitza batean zainketak behar bezala aplikatu eta gainbegiratzea eragozten badu.
Hori dela eta, Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuan izango dute lekua ospitaleko alta jasotakoan eriondoan dauden pazienteek, narridura funtzional edo kognitibo eragin dien prozesu akutu batetik osatzen ari direnek edota inmobilizazio luze baten ondoriozko errehabilitazioa eta zainketa espezializatua behar dutenek. Azpimarratu dute gizarte eskari handiko plazak direla horiek, eta zehaztu dutenez, pertsonak horiek profil askotakoak izaten direla, gehienak adineko pertsonak.
Akordio horren arabera, aldundiak Gernikako Erreferentziako Eskualde Zentroa kokatuko du Jaurlaritzak lagatako gunean, Barrualdeko gizarte zerbitzuen sektorerako. Bertan, 25 plazako unitate soziosanitario bat ezarriko dute, ospitale egonaldi osteko errehabilitazio egonaldietarako baliabide espazializatuak izango dituena. Gainera, gehitu dute Gernikako Erreferentziako Eskualde Zentroak diziplina anitzeko sostengu lantalde espezializatu bat izango duela, Gizarte Urgazpenerako Foru Erankundeko (GUFE) profesionalek osatutakoa; horiek aholkularitza emango dute arlo soziosanitarioan, orientazioan, koordinazioan eta baliabide partekatuetan. Hala, zehaztu dute Busturialdeko bederatzi egoitzekin lanean ari direla laguntza prozesuetan eta arreta pertsonalizatzeko prozesuetan.
Akordioa.
Lagapen akordioa sinatu dutenek esan dute bere garaian foru erakundeak eskatutako erabilera lagapen hori “beste urrats” bat izan dela erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan arreta “soziosanitarioaren espazioa integratzeko” ahaleginean. Esparru horretan sartzen dira, osasun-arazo edo muga funtzionalengatik eta/edo gizarte-bazterketako arriskuengatik, aldi berean arreta sanitario eta sozial koordinatua eta egonkorra behar duten pertsonei ematen zaizkien zainketak.
Izan ere, unitate hori Gernikako Ospitalean kokatzeak gizarte eta osasun baliabideen “aprobetxamendu” eta sinergia handiagoa ahalbidetuko du, “pazienteen eta batik bat egoera zaurgarrian dauden kolektiboen arretaren eta ongizatearen onurarako”.