Bermeoko Udalak herritarren ongizatea bermatzea eskatu dio Gotzone Sagardui sailburuari
Udaleko ordezkariek lehen mailako arreta egokia bermatzea eta pediatra eta larrialdietako zerbitzuak ziurtatzea eskatu diote. Era berean, "kalitatezko eta hurbileko osasun zerbitzuak" eskura izatearen garrantzia azpimarratu dute.
Otsaileko osoko bilkuran aho batez onartutakoari jarraituz, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizate Saileko zinegotzia osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin bildu dira. Bileran Bermeon lehen mailako arreta egokia bermatzea eta pediatra eta larrialdietako zerbitzuak ziurtatzearen beharra izan dituzte mintzagai.
Bermeoko Udalarentzat “lehentasuna” da herritarren ongizatea bermatzea, eta horregatik, bermeotarren kezkak helarazi dizkiote Sagarduiri, elkarlanean irtenbideak bilatzen saiatzeko. Osoko bilkuran jorratutako beste puntu batez ere aritu ziren: gaueko farmazia zerbitzuaz. Udalak zerbitzua berrezartzeko eskaera egin du eta hori posible ez balitz, Bermeoko anbulatorioan zerbitzu farmakologikoa ezartzea ondo legokeela helarazi dio osasun sailburuari. Horretarako, ordea, larrialdietako zerbitzua bermatuta egon beharko litzatekeela nabarmendu dute.
Era berean, eskualdeko herriek “kalitatezko eta hurbileko osasun zerbitzuak” eskura izatearen garrantziaren jakitun, Gernikako Ospitalearen erabilerari buruzko proposamenak ere egin zizkioten udal ordezkariek osasun sailburuari: hala, ospitalean egun hutsik dagoen hirugarren solairuan Haur eta Gazteentzako Psikiatriako Unitatea jartzea proposamena luzatu zioten.
Mahai gainetako gaiei irtenbidea emateko Osasun Sailaren konpromisoa eskatu dute udal ordezkariek. Gainera, elkarlanerako prestutasuna ere agertu dute: “Herritarren ongizatea oso garrantzitsua eta lehentasunezkoa da guretzat, eta horientzat onuragarriak diren irtenbideak bilatzeko lanean jarraituko dugu”. Horregatik, egin dituzten proposamen ezberdinak kontuan hartzea espero dute: “Beharrezkoak direla uste dugu, eta baita erre bermeotarrentzako zein inguruko herrietako bizilagunentzako onuragarriak”.