Aurrekontuaren %38,7 inbertsioak egiteko baliatuko du Nabarnizko Udalak
Nabarnizko Udalak 890.555,57 euroko udal aurrekontua onartu du. Udaletxe zaharraren ingurua egokitzea aurreikusi dute udal ordezkariek
Nabarnizko Udalak 890.555,57 euroko udal aurrekontua onartu zuen aho batez martxoko osoko bilkuran; iazkoa baino txikiagoa da aurtengo aurrekontua, iaz 1.034.835,93 eurokoa izan baitzen. Hala ere, aurtengo diru sailetik 344.664,80 euro bideratuko dituzte inbertsioetara, aurrekontuaren % 38,7.
Zehaztu dutenez, udal aurrekontuaren %29,6 giza baliabideetara bideratuko dute, hau da, langileriaren gastuak ordaintzera, eta %26,7 izango da ondasun arrunt eta zerbitzuetako gastuetarako erabiliko dutena. Diru sarrera nabarmenenenak, ohi legez, udal kutxatik jasotzen dituztela azaldu dute, baita zergetatik ere.
Hala ere, udalak beti egiten du ahalegin berezia inbertsioen diru saila osatzeko eta herria hobetuko duten proiektuak herritarrei eskaintzeko. Horregatik, inbertsioetako diru sailaren zati handi bat udal zerbitzuak hobetzeko eta herria irisgarriago egiteko baliatuko dute.
Hain zuzen ere, proiektu garrantzitsuenetako bat izango da Elexaldeko udaletxe zaharraren ingurua eraberritzea, eta gune hori irisgarriagoa, seguruagoa eta balio anitzekoa bilakatzea. Hala, herriko plaza inguruneko iriste erraztasuna hobetuko dute udaletxearen aldamenean; zehaztu dutenez, udaletxearen inguruko zorua mailaz jaitsiko dute, eta herrigunetik igarotzen den errepide eta espaloitik bereziko dute, maila bat beherago autoen joan-etorrietatik babestutako gunea egon dadin. Horrez gain, herriko tabernaren kanpoaldea ere egokituko dute, bezeroei lasaitasunez egoteko leku erosoa esainiz. Gaur egun udaletxearen ondoan dagoen aparkalekuaren gunea egokitzea ere aurreikusi dute proiektuan.
Etorkizunean, bigarren fase bat egitea aurreikusi dute, gaur egungo udaletxea kultur etxe bihurtuz eta udaletxe zaharrera udal zerbitzuak eramanez. Hala ere, hori gerora egiteko asmoa dutela iragarri dute, lanak pausoz pauso egin behar direlako, eta aurtengo aurrekontuagaz inguruko gunea eraberritzeko asmoa dutelako. Horretarako, 55.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute.
Mendi bideen mantenu eta berritze lanak egiteko asmoa ere badauka udalak. Hori dela eta, Kurtziaganetik eta Zabaletara arteko bidea konpontzeko lehenengo faseko lanak egin gura dituzte: bidea berriztu, kunetak hobetu, bide zoru berria jarri… “Errepide hori ez dago egoera onean, eta hobekuntza lanak behar ditu”, adierazi dute udal ordezkariek, eta lan horiek egiteko 60.000 euro bideratzea aurreikusi dute.
Herriko taberna atontzeko lanek ere diru sail garrantzitsua izan dute, obra lanek eta altzari eta tresneria berritzeak 46.000 euroko kostua daukalako. “Obran herriko tabernako hoditeria aldatu dugu, elektrizitate lana egin dugu, iturgintza lanak egin, eta margoztu ere bai”, azaldu dute udal ordezkariek. Gainera, langileentzako aldagelak ere eraiki dituzte, baita komunak eraberritu ere. Horrez gain, ezkatzeko etxetresna elektrikoak berritu dituzte.
Aurten, Klima aldaketaren Aurkako Plan Integratuan jasotako neurriak faseka garatzen jarraitzeko asmoa dute, argiteria eraginkorragoa lortzekoa, kasu; hala, udal argiterian energia kontsumoa murrizte aldera, argiteria publikoa LEDera aldatzeko lanekin jarraitzen dute Elexalden, eta gerora, auzoetako farolak era aldatu gura dituzte. 91.000 euro bideratu gura dituzte lan horietarako.