Gorka Eizmendi eta Estibaliz Armendariz: abilezia eta abiadura
Eizmendi eta Armendariz maisuki nagusitu dira I. Urdaibai Rallyan. Ibilbideen ikusgarritasunak eta parte hartzaileen lehia biziak ikusle pila bat bereganatu du zapatuan [apirilak 13].
Gorka Eizmendik eta Estibaliz Armendarizek ez dute aurkaririk topatu Busturialdeko errepide bihurgunetsu, tekniko eta ikusgarrietan: asteburuan lehiatu duten I. Urdaibai Rallytik garaile atera dira. Bikotea eta beraien autoa (Skoda Favia R5a) lasterketaren gatza eta piperra ziren hasiera-hasieratik, eta zapatuan ez zuten kale egin. Lehen tarte kronometratuetatik sendo eta, batez ere, hutsegite barik aritu ziren Eizmendi eta Armendariz. Lasterketa garbiari eutsirik nagusitu ziren, erregulartasun eta fidagarritasun handiz.
Aitzol Apalantza-Olatz San Miguel bikoteak lehen tartean bere hautagaitza plazaratu arren, azkenean Iker Etxeberriak eta Patricia Saizek osaturikoak lortu zuen bigarren postua. Lehia handia eduki zuten hirugarren sailkatuekin, Mariano Lavin eta Yasmina Alcega kantabriarrekin.
Arratsaldeko azken tarte kronometratuan, Apalantzak eta San Miguelek arazo bi eduki zituzten: batetik, Arribaltzako bihurgunean bat-batean kotxea gelditu zitzaien; bestetik, errepide hegaleko seinaleztatzeko makila batzuk jo zituzten. Faktore horiek zarratu zizkieten podiumean sartzeko ateak. Tartez tarte aurrera egin ahala, Eizmendik eta Armendarizek ez zituzten egin gainontzeko hautagaietako askok egin zituzten akatsok, eta 45.16,899ko denbora metatuagaz irabazi zuten lasterketa.
Urdaibai Motorsport taldeko antolatzaileen esanetan, I. Urdaibai Rallya “arrakastatsua” izan da
Balorazio oso positiboa.
Urdaibai Rallyaren lehen ekitaldia, Urdaibai Motorsport taldeko antolatzaileen esanetan, “arrakastatsua” izan da. Bai parte hartzaileak, bai ikusleak estreinako aldiagaz “asebeteta” agertu direla nabarmenduta, eskualdeko probari “bestelako formatua” eman diotela azpimarratu dute: “Neguetxean, Zallobante auzoan, Marmizko eta Arribaltzako bidegurutzeetan, Zarrabentan, Ibartxun edota Errigoitiko Urian egundoko giroa egon da, eta badirudi jarraitzaileek begi onez hartu dutela eskualdeko rallya. Gainera, tarte bitartean ia ez da itxaroteko denborarik egon, sektore bakoitza bata bestearen jarraian egin baita”.
Bestalde, arratsaldeko lehen sektorea, TC5 izenekoa, izan zen estreinaldiko nota negatibo bakarrenetakoa. Gernika-Lumoko Adolfo Urioste kaleko irteera eremuan auto bi toki arriskutsuan zeudela eta, arratsaldeko lehen tarte kronometratua bertan behera geratu zen; bigarrena hasi orduko, irteera gunea 250 metro mugitu zuten, eta Udetxea parean ekin zioten lehiari. Osterantzean, lehiaketa guztia bete-betean eta inongo traba barik egin zutela argitu dute taldekoek.
“Parte hartzaileek pozik hartu dituzte tarteak, eta denetarik eduki dutela nabarmendu: errepide estuak, gorabeherak, gune teknikoak, denetariko lurzoruak, eta abar luze bat”
Rallyaren helburu nagusia kirola eta sortzen duen giroa herritarrei hurbilaraztea izan da; horrexegatik pasatu dira tarteak Gernika-Lumoko herrigunetik hurre. Ibilbideak “mimo handiz” prestatu ondoren, beharrak bere fruitua eman du: “Parte hartzaileek pozik hartu dituzte tarteak, eta denetarik eduki dutela nabarmendu: errepide estuak, gorabeherak, gune teknikoak, denetariko lurzoruak, eta abar luze bat. Hurrengo urtean ibilbide formatu horregaz jarraitu gura dugu, pilotu nahiz kopilotuen gozamenerako osagai berritzaileak proposatuz eta ikusleengana ahal beste hurbilduz”.
Parte hartzaile kopuruari dagokionez, 60 eta 70 bitartean egon ziren irteera lerroan, antolatzaileen ahotan, “kopuru ezinhobea“: “Ez da ez gehiegi, ezta gutxiegi ere; ikusleentzat eurentzat, gainera, kopuru horrek eguna ez du astun egiten, eta antolatzerakoan ere errazagoa da. Guztiek jarrera aparta erakutsi dute: eskertuta gaude. Era berean, erregulartasun kategorian auto klasikoekin lehiatu zutenei beren parte hartzea bereziki eskertu gurea diegu, tankera horretako autoak ikusteak beti ikusmira pizten baitu ikuslearengan”.
Urdaibai Motorsport taldea gelditzeko etorri da. Hurrengo urteko bigarren ekitaldiari buruzko edozein ñabardura aurreratzeko “goizegi” den arren, dagoeneko lanean hasiak dira estreinaldiaren “talde balorazioa” egiten. Ez hori bakarrik: hurrengo urterako ibilbide bilaketa ere abiatu dute honezkero: “Oraindik ez dago ezer ere mahai gainean, baina inguru berriak arakatzen eta formula interesgarriak proposatzen segitu gura dugu. Gainera, urtea amaitu orduko ez dugu baztertzen ezustekoren bat edo beste kaleratzerik”.
Sailkapena:
1.- Gorka Eizmendi/ Estibaliz Armendariz. 45.16,899.
2.- Iker Etxeberria/Patricia Saiz. 45.32,912.
3.- Mariano Lavin/Yasmina Alcega. 45.33,196.
4.- Toni Ariete/Alain Peña. 45.35,248.
5.- Iraitz Olariaga/Josu Odriozola. 46.14,913.
6.- Garikoitz Lopez/Eneritz Urzuriaga. 46.37,980.
7.- Jon Erezuma/Ignacio Fondado. 46.51,532.
8.- Mikel Bilbao/Aitor Rocha. 46.56,205.
9.- Jon Zubeldia/Nagore Errazkin. 46.59,193.
10.- Aitzol Apalantza/Olatz San Miguel. 46.59, 248.