Ahuakateen monolaborantza eta eukalipto landaketak, hausnarketarako gai
Eguenean (apirilak 18) Kolonbiako ahuakateen monolaborantza eta Bizkaiko eukalipto landaketak aztertzen dituen argazki erakusketa inauguratuko du Gernikatik Mundurak Astran. Herritarrei bertaratzeko deia egin die.
Kolonbiako ahuakateen monolaborantza eta Bizkaiko eukalipto landaketak aztertzen dituen argazki erakusketa inauguratuko du Gernikatik Mundurak, eguenean (apirilak 18), Astran; 18:00etan jarri dute bertaratzeko ordua. Erakusketa maiatzaren 20ra bitartean egongo da ikusgai, kulturarako fabrika sozialeko bigarren solairuan.
Argazkien bitartez erakutsiko dute gaur egungo paisaiek “gero eta gehiago” hartzen dutela monolaborantzaren itxura. Hala, Bizkaiko eukaliptoen hedadura Kolonbiako ahuakateen monolaborantzagaz parez pare jarriko dute: “Bizi garen munduko paisaiek gero eta gehiago hartzen dute monolaborantzaren itxura. Hala erakusten dute Bizkaiko gure ikuspegiek, intsinis pinuaren ohiko landaketekin eta azken urteetako eukaliptoaren hedaduragaz. Ondorioz, ahuakatearen monolaborantzaren irudiek Busturialdeko eukalipto monolaborantzaren irudiekin alderatuko ditugu erakusketan”.
Izan ere, zehaztu dutenez, monolaborantzen eraginak “antzekoak” dira faktore ekologiko eta sozial askotan, ze espezie bakarreko ekoizpen intentsiboko praktikek ekosisteman deskoreka “handiak” eragiten dituzte. Hala ere, Gernikatik Mundura elkartekoek salatu dute enpresa handiek eta jabe ugarik “erauzketaren onura ekonomikoa lehenesten segitzen” dutela, “horrek ingurumenean eta ekosistemetan aztarna ezabaezina izan eta denen bizitzak baldintzatzen dituen arren”.
Hori dela eta, Gernikatik Mundurak eta Resistencias Fundazioak herritarrak gonbidatu dituzte irudiak behatzera, hala ahuakatearen atzean dagoena ezagutzeko, nola gizarte inplikazioen inguruan hausnartzeko. Eta inaugurazio egunera bertaratzeko deia egin dute, Cajamarcako (Tolima, Kolonbia) giza eta ingurumen eskubideen aldeko gizarte mugimenduko kide Daniel Camilo Arciniegasek herri horretako kasua azalduko duelako; izan ere, monolaborantzako eta meatzaritzako makroproiektuei aurre egin dien nekazari udalerria da Cajamarca.
Erakusketan ikusgai egongo diren argazkiak Hibai Agorria, Ferran Forne eta Juan manuel Barrero egileenak dira.