"Aurten hurrengo urteetarako hazia erein gura izan dugu"
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak ez du Ohorezko B Mailara igoera lehiatzen ari den Elite Multzora sailkatzerik izan, baina lortu du bestelako kirol eta talde helbururik.
Aldaketa urtea izan da Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldearentzat. Ohorezko A Mailatik B Mailara jaitsi ziren iaz. Hori gutxi ez, eta basurdeek ez dute lortu kategoria horretako Elite Multzora sailkatzerik, hau da, berriro goi mailara bueltatzeko txartelagatik borrokatzeko bideak ihes egin die. Edozelan ere, taldeko entrenatzaile Gorka Argulek eradalketa denboraldiaren bestelako irakurketa egin du: emaitzez haragoko xehetasunei keinu egin die, hala lan sistemaren egokitzapenari, nola barne kohesioak edukitako hobekuntzari. Taldeko gidariak urtearen balorazio zehatza egin du.
Lehiaketa amaitu da, eta denboraldiaren teloia jadanik jaitsi da basurdeentzat. Zeintzuk dira lantalde barruan atera dituzuen ondorioak?
Urteak denetarik eduki du. Alde txarra, zalantza barik, Elite Multzotik kanpo geratzea izan da, horixe baitzen urteko jomuga nagusia. Ez gara kanporatuta geratu partiduak galdu ditugulako edota maila aldetik estu ibili garelako: bonusek eta, oro har, ñabardura txikiek aldea egin dute; kasu honetan, geure kontra. Txanponaren ifrentzu positiboa, ostera, taldearen hoberanzko joera izan da. Behetik gora egin dugu, aurkari sendoen aurka indartsu agertuz. Era berean, harrobiko jokalari gazteek edukitako aukerak ere nabarmendu behar ditugu.
Kategoria jaitsiera tarteko, aurtengoa erresilientzia urtetzat jo dute askok, baina zuk behin eta berriro trantsizio urtea izan duzu ahotan.
Aldaketak asimilatzeko urtea izan da, batez ere, denboraldi hasieran. Jokalariak beste maila batean jokatzera egokitu behar izan dira eta, sarritan, ez gara guztiz garaiz ibili alor horretan.
Urte hasiera oso latza izan zela azpimarratzen duzu etengabe. Zer gertatu zitzaizuen, bada?
Sasoiz kanpo ibili ginen. Adibidez, lantaldea ez genuen guztiz osatu, denboraldia ondo hasita zegoen arte. Horrek korrontez kontra aritzera behartu gintuen. Zenbait neurketatan, erasoko bonusak ihes egin zigun; arerioek, ordea, hala bonusak, nola partiduetako puntuak poltsikoratu zituzten. Horrez gain, esango nuke zenbait jokalarik maila berria zelan edo halan erosoagoa izango zela uste zutela, eta bestelako agertoki bategaz egin zuten tupust; hori konpontzeak behar handia eskatu zigun guztioi.
“Aurtengoa aldaketak asimilatzeko urtea izan da, batez ere, denboraldi hasieran”
Emaitzen helburuez harago, baina, kirol eta talde helburuez mintzo zara behin eta berriz.
Oso garrantzitsuak dira eta, alde horretatik, pozarren nago. Jokalari gazteak taldearen dinamiketara sartu ditugu, eta batasunez lan egin dugu. Oinarri horiek zeharo onuragarriak izango dira datozen urteei begira.
Ohorezko A Mailara igotzeko kanpo presiorik igarri duzue?
Presioa beti dago hor, begibistakoagoa edo inplizituagoa izanik ere. Egun, maila itzela dago kategoria guztietan, batez ere, goi maila horretan. Irail amaieratik maiatz erdira arte lehiatu beharra dago, ez dago akats bakarra egiteko aukerarik. Geure helburua jokalariek urrats bat aurrera egiteko trantsizio denboraldi ona egitea izan da hasieratik, maila igoeran zuzenean pentsatu ordez. Aurrerapauso hori, kasurako, Elite Multzora sailkatzea izan zitekeen. Edozelan ere, berriro diot: emaitza helburuez harago, kirol helburuei erreparatu gura izan diet bereziki. Aurten hurrengo urteetarako hazia erein gura izan dugu.
Hurrengo urte horietan, etxeko jokalariek aurrera egin beharko dute nahitaez.
Horixe dugu helmuga. Lanerako mekanismoak eta metodoa barneratzea bilatu dut aurten, alegia, jokalari bakoitzak aurrerapauso txikiak ematea. Horretarako, alde fisikoak esangura handia eduki du, baina baita arlo psikologikoak ere. Jokalari gazte nahiz helduekin lan mentala egin genuen, lehen itzuliaren amaieran Elite Multzora sailkatuko ez ginela ikustean. Ordutik aurrera, etengabe frogatu behar izan dugu hainbesterainoko maila eduki badugula. Horrek, jakina, egunero-eguneroko lana eskatu digu ordainetan, xehetasun nimiñoenetatik hasita: entrenamendu espezifikoak egitea, elikadura zein atsedena jagotea, interesatzen zaizkigun estrategiak guztiz barneratuta edukitzea, eta abar luze bat.
Denboraldi batek une berezi ugaritarako tokia gordetzen du, baina zeintzuk azpimarratuko zenituzke bereziki?
Urte hasieran, hainbat momentu kritiko egon ziren; dezente sufritzea tokatu zitzaigun. Fitxaketa aldetik lantaldea osatu barik zegoen, dinamikak asimilatu gabe zeuden, eta oso galduta geunden. Lehiako lehendabiziko jardunaldian Bera Beraren kontra jokatutako norgehiagoka nabarmenduko nuke: txarto pasatu genuen Donostian. Zuzeneko aurkariek bost puntu lortuz abiatu zuten lehiaketa; guk, ostera, lau eskuratu genituen. Ez zen inondik inora abiapuntu erraza izan, eta kide askori egoeraz kargutzeko eta Ohorezko B Maila goi maila bezainbesteko nekeza izan daitekeela konturatzeko balio izan zien. Denboraldiko unerik makurrena, dena dela, Elite Multzotik kanpo geratu ginenean ailegatu zitzaigun: urteko helburu nagusia horixe zen. Hori bai, nabarmendu gura nuke jokatu ditugun partidu den-denetan talde oldarkorra solidoa eta lehiakorra izan garela zelaian eta, horrez gain, Urbietan ez dugula neurketarik galdu. Hori jakin beharko lukete guztiek eta, batez ere, emaitzei soilik erreparatzen dietenek. Elite Multzorako sailkapena puntu gutxiko auzia izan da, matiz txikiek –bonusek, adibidez– multzo horretara sailkatzea edo kanporatuta geratzea baldintzatu dute.
“Faduran, Getxoren aurkako derbian, gogotik sufritu behar izan genuen”
Derbi bizkaitarra ere ez duzue berehalakoan ahaztuko, ezta?
Ez horixe. Faduran, Getxoren aurkako derbian, gogotik sufritu behar izan genuen. Erabaki okerrak hartu genituen geure pareko arerio baten kontra, eta ustez menpean eduki beharko genituzkeen egoerei ezin izan genien aurpegia erakutsi. Getxok irabazi barik, guk geuk galdu genuen bizkaitarren arteko derbi hura. Ez ginen norgehiagokak eskatzen zuen mailaren pare aritu, eta markagailua horren agerkari izan zen. Beharbada, Getxon garaipena lortu izan bagenu, Elite Multzora geure taldeko lehen postuan sailkatuko ginatekeen, baina hori ez dugu sekula jakingo.
Eta momenturik gozoena?
Oro har, denboraldi amaiera. Azkenengo partiduetan, entrenamenduetan jorratutako lana bistaratu genuen. Talde bateratua, elkar komunikatua eta sendoa ikusi nuen, talde oso potoloei aurpegia erakusteko bestekoa. Hori guztia igarri nuen, esate baterako, Oviedoren aurkako partiduan. Izan eren, Oviedokoa zelai latza da, belargune irregularrekoa, eta talde hori bere kantxan boteretsu agertu ohi da; gainera, Asturiasera bidaia luzea eta gogorra izan zen guretzat. Hori guztia horrela, oso ondo jokatu genuen, egundoko mailan agertu ginen talde borrokalari baten aurkakoan. Gaztedi Urbietan hartu genuenekoa ere ez daukat ahazteko: gogor jokatu zuten, baina partiduari eta geure aukerei eusten jakin genuen, hotz jokatzen, eta garaipen ederra jaso genuen ordainetan. Esan bezala, denboraldiaren azken zatian ikusi dudan Gernika Rugby Taldeak sobera konbentzitu nau bai maila aldetik, bai lantaldearen jarrerari dagokionez.
“Gernika RT hurreko taldea da, herriarena, familia erraldoi baten parekoa”
Gernika-lumotarren eta Urbietaren bultzada, behintzat, agerikoa izan da. Babestuak sentitu al zarete taldekideok?
Babestuak, estimatuak eta maitatuak. Gernika-Lumoko ikusleak inguruko sutsuenetakoak eta leialenetakoak dira. Momentu onak biziki disfrutatzen dituen baina unerik gogorrenetan herriko taldearekiko fidel agertzen den ikusleria horietakoa da hemengoa. Denboraldi honetarako ezarritako azpi helburuetako bat Urbieta geure gotorleku bihurtzea zen, hau da, etxeko jarraitzaileen aurrean ahalik eta hoberen azaltzea; etxean jokatutako jardunaldi guztiak irabazita, sikiera, hori bete egin dugu. Bestalde, iaz lehiaketa ofizialean ia minuturik eduki ez zuten hainbat jokalari aurten giltzarri izan dira, zelaian presentzia nabarmena eduki dute, eta batzuek hamazazpi partidutan hasieratik amaierara jokatu dute. Horrek herriko adiskideak edota senideak Urbietara hurbilarazi ditu. Gernika RT hurreko taldea da, herriarena, familia erraldoi baten parekoa.
Hainbat urtez Eduardo Maidaganegaz batera beharrean ibili zara, baina aurten bere tokia hartu behar izan duzu. Zelakoa izan da bere lekukoa hartzea?
Aldaketa modu naturalean eman dela uste dut. Lehenengo entrenatzailea izateak, jakina, beti presio erantsia dakar beregain, baina postu aldaketa modu guztiz erosoan egin dudalakoan nago. Aldaketa horrek, bestalde, ez du eragin handiegirik eduki lanerako planteamendua eta dinamikak zehazteko orduan: Maidaganegaz zegoen beharrerako sistemari jarraipena eman diogu, baina taldeari komeni zaizkion zenbait hobekuntza txiki txertatzen saiatu naiz hasieratik.
Hurrengo denboraldiari begira, zein da taldearen egungo aurreikuspen orokorra?
Orandik goizegi da zerbait esan ahal izateko. Izan ere, zuzendaritza taldea aldatu egingo da eta, horrenbestez, ez dakigu entrenatzailea nor izango den. Hori bai, nik dagoeneko ekin diot lanari. Nik entrenatzaile lanetan jarraituko banu, ez nuke presaka eta korrika hasi gura. Hortaz, aurten falta izan zaizkigun piezak zerrendatzen nabil, hurrengo urtean taldeak eskura eduki ditzan. Adibidez, lantaldea oraindik osatu barik dagoen arren, honezkero detektatu dugu aurten eduki ez dugun jokalari profila zein den, eta tankera horretako kalitatezko fitxaketen bila gabiltza. Ez hori bakarrik: aurtengo lantaldeko jokalariekin elkarrizketa pertsonalak egiten ari naiz, amaitu berri den denboraldiaren irakurketa helarazi diezadaten.
“Egun, ez dago partidu errazik edota aurkari erosorik”
Eta zer ondorioztatu duzu elkarrizketa pertsonal horietatik?
Atera dugun ondorio nagusietako bat da Ohorezko B Mailaren eskakizun erraldoiaz berandu samar jabetu garela. Guztiz seguru nago hurrengo denboraldian ez dela horrelakorik gertatuko: jokalari guztiek sobera jakingo dute, goreneko mailan ez ezik, kategoria horretan ere talde batek ere ez duela ezer oparitzen.
Gaur-gaurkoz, Ohorezko A Mailara itzultzea bai ala bai lortu beharreko helburua al da?
Edozein talderen kirol helburua da ahalik eta goreneko mailan jokatzea. Dena dela, kontziente izan behar gara urteak joan, urteak etorri, mailak gora besterik ez duela egiten. Egun, ez dago partidu errazik edota aurkari erosorik. Ohorezko A Mailan, lantaldean egundoko aukera aniztasuna eta aurrekontuetan itzelezko sakontasuna duten taldeak daude; jokalariak profesionalak dira, hau da, errugbirako eta errugbitik bizi dira. Beren helburua bakarra da: irabaztea. Ez dakit hori den Gernika RTri gehien interesatzen zaion agertokia. Nire ustez, aurtengoari eusteak behar luke izan geure jomuga: Elite Multzora sailkatzea. Multzo horretan lehiatzeak konpromiso maila oso handia eskatzen du, baina, era berean, gozamena ere bada.