Herri kirolak sustatzeko saio parte hartzaileak
Sustabiz Fundazioak herri kirol parte hartzaileen jardunaldia prestatu du Gautegiz Arteagarako; domekako (apirilak 14) 12:00etatik aurrera herriko frontoia beteko dute. Bermeoko jardunaldien balorazio positiboa egin dute.
Herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzeko Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen jardunaldi parte hartzaileak prestatu ditu Gautegiz Arteagarako Sustabiz Fundazioak; domekan (apirilak 14) 10:00etan jarri dute hitzordua.
Gautegiz Arteagako neska-mutilak euskal kirol tradizioetara hurbiltzeko saioa izango da domekakoa. Hala, sei eta hamalau urte bitartekoei bertaratzeko deia egon diete. “Ziur gaude gure tradizioak ez direla galduko belaunaldi berriei haienganako grina transmititzeko gai bagara. Gure herri kirolak gure baitan daude, eta umeak funtsezkoak dira kirol horien kontserbaziorako”, azaldu du Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazioko zuzendariak. Dioenez, jardunaldi hauekin herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzea bilatzen dute, batez ere gazteen artean, baita herriak kirol horien alde kohesionatzea, koordinatzea eta inplikaztea ere.
Patrik Saitua alkateak esan du euskal kirol tradizionalak bultzatzeko helburuagaz bat datozela, belaunaldi berriei kirol horiekiko “pasioa eta zaletasuna transmititzearen” garrantziaz ohartuta: “Guztiok gaude euren kontserbazioan inplikatuta, gure nortasunaren eta gure kulturaren parte direlako”. Alkateak gehitu du jardunaldi parte hartzaile horiek “funtsezkoak” direla eskualdeak herri kirolez gozatzeko.
Pilota partiduekin hasiko dute eguna, 10:00etatik 11:45era bitartean Arkupe Sustabiz Kirol Elkartek pilota partidak izango baitira. 12:00etatik aurrera abiatuko dituzte jardunaldi parte hartzaileak. Animatzen direnek trontzan, harrijasotzean, txinga eroatean, ingude jasotzean, sokatiran, esku pilotan, palan eta diziplina gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute. Ziurtatu dutenez, programan parte hartzen dutenen adinera egokituta materiala eta araudia izango dira.
Bertan egongo dira Inhar Urruzuno Sustabiz Herri Kirol Zentroko entrenatzailea eta goi mailako harrijasotzailea eta Enara Gaminde goi mailako pilotaria ere. “Gamindegaz esku pilota praktikatzeko aukera izango dute gaztetxoek, baita Urruzunogaz harriak jasotzen ibiltzekoa ere”, gehitu dute antolatzaileek.
Harrijasotze eta trontzako erakustaldia, beriz, Arkupe Sustabiz kirol elkarteko Ander Larruzeak, Uxue Lejarzegik, Mikel Ugaldek eta Leire Astorekak eskainiko dute. 13:30etik aurrera, berriz, luncha egongo da; jakinarazi dute parte hartzaileentzako eta familientzako Urdaibaiko Esentziak egongo direla horretan.
Herri kirol parte hartzaileak Bermeon ere egin zituzten joan den astean, eta horiek izan zuten arrakasta nabarmendu du Xabier Ortuzar Bermeoko Udaleko kirol zinegotziak: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, pentsatzen genuena baino emaitza hobeak izan dituelako”.
Izan ere, parte hartzea txikiagoa izanez gero ere, emaitza “positibotzat” hartuko zutela dio Ortuzarrek, baina gainezka egin duela azpimarratu du, 63 parte hartzaile egon direlako, 21 taldetan banatuta. “Frontoia ere jendez gainezka egon zen, eta herritarrek feedback ona eman digute kalean. Parte hartu ez dutenek hurrengo jardinaldian egon gura dutela ere esan digute, eta hori poztekoa da”, gehitu du zinegotziak.
Ze, bertaratu zirenek ikusi zuten zer den harria jasotzea, zer den txingak eroatea, trontzan ebatea, arraunean egitekoa… “Umeei erreferenteak edukitzeko balio izan die jardunadiak, eta nagusiei bertoko kirolak probatzeko. Hori erakutsi behar da”, azaldu du Ortuzarrek.
Horretarako, bertoko kirolei buruzko txapelketa herrikoia egin dutela nabarmendu du, “jende ez profesionalagaz, ikasteko gogoa daukanagaz”. Hala, lehenengo jardunaldi bat egin zuten, teoria lantzekoa, eta bigarrenean, probatu egin zituzten ikasitako horiek. “Orain arte Bermeon inoiz egin ez den txapelketa herrikoia asmatu dugu; antolatu dugu gure helburuen arabera, eta oso ondo joan da. Zerbait genuinoa izan da eta ondo joan da”, azaldu du Ortuzarrek.
Emaitzagaz pozik, beste jardunaldi bat berriro antolatzeko gogoa dutela onartu du Ortuzarrek, “beste buelta bat emanda, beste era batera”.
Sustabiz Fundazioari eta jardunaldia antolatzen lagundu dietenei euren laguntza eskertu die Ortuzarrek. “Gure asmoa izan da herrian jende gazte zein nagusiarentzako oporraldi aktiboak bultzatzea, kirol dinamikekin betetzea, eta zerbait egin dugu”.