Udal gimnasio berria dauka Gautegiz Arteagak
07:00etatik 23:00etara egongo da zabalik gimnasioa, etenik barik, eta erreserba egin beharrik egongo ez den arren, kirol instalazioaren barruan ezingo dira egon, aldi berean, 10 pertsona baino gehiago. Aurtengo urteko kuota 40 eurokoa izango da, uztailetik abendura artekoa.
Gautegiz Arteagak zabaldu du bere udal gimnasio zerbitzu berria. Hala, herriko bizilagunek herriko kirol instalazio berriez gozatzeko aukera izango dute herriko plazaren ondoan kokatuta dagoen gimnasioan. “Herritarrek gehien errepikatu duten eskarietako bat izan da, eta zabaltzeko momentua ailegatu da”, azaldu du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak. Zerbitzu berri horrek herriko “beharrizan asko asebeteko” dituela dio.
Kirol instalazio berriak makina eliptokoek, bizikleta estatikoek, pisuek, muskulazio bankuek, funtzio anitzeko makinek eta erresistentzia makinek osatutako entrenamendu ekipo oso batek osatzen dute, baita dutxek eta komunek ere.
07:00etatik 23:00etara egongo da zabalik gimnasioa, etenik barik, eta erreserba egin beharrik egongo ez den arren, kirol instalazioaren barruan ezingo dira egon, aldi berean, 10 pertsona baino gehiago.
Gimnasio berria erabili gura duten pertsona guztiek giltz elektronikoa eskatu beharko dute, derrigorrezkoa izango baita barrura sartzeko. Horretarako, bazkidearen fitxa bete beharko dute, udaletxean eta kultur etxean eskuragarri dagoena. Izena ematea bideratzerakoan, udaletxean jaso ahalko dute sartzeko giltza, pertsonala eta transferiduezina izango dena.
Urteko 80 euroko kuota izango dute, baina apirila, maiatza eta ekaina doakoak izatea erabaki dute udal agintariek, kirola sustatzeko helburuz. Beraz, aurtengo urteko kuota 40 eurokoa izango da, uztailetik abendura artekoa. Gainera, herritarrentzako “aukera berdintasuna” bultzatzeko, udalak erabaki du familia ugariek, erretiratuek eta langabeek %30eko hobaria izatea. Horrez gain, erabiltzaile posibleen beharretara egokitzeko asmoz, tarifa desberdinak eskainiko dituzte, 20 eurotan hilabete bakar batean izena emateko aukera, esaterako; bi hilabeteetatik aurrera, urteko ordainketaren zati proportzionala kobratuko dute. “16 urtetik beherakoei dagokienez, gurasoen edo tutoreen baimena izan beharko dute, eta pertsona heldu batega joan beharko dute instalazioetara”, azpimarratu du alkateak.
Araudia.
Kirol instalazioak erabiltzeko araudia arautu zuten azken osoko bilkuran, frontoia ere barne hartzen duena. Hala, bi isntalazioen ordutegia 07:00etatik 23:00etara artekoa izango dela adostu zuten, eta jakinarazi dute frontoia 18 urtetik beherakoentzako egongo da gordeta 16:00etatik 19:00etara bitartean, urte osoan. “Frontoia ezinbesteko gunea da, ez bakarrik kirol jardueretarako, baita asialdirako ere. Horretatik gorde dugu denbora tarte hori, haurrek gozatzeko eta jolasteko lekua izan dezaten, bereziki euri egunetan”, esan du Saituak.
Kirol instalazioen araudi berriak erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ere barnebiltzen ditu, baita horiek ez betetzeagatiko arau hausteak eta zigorrak ere. “Kirolekoa ez den edozein jarduerak udalaren aldez aurreko baimena beharko du”.