Bizkaitar guztiek ikutu nahi duten altxorra, Gernikako Arbolan
Athletic Clubeko ordezkariek Gernika-Lumoko Batzarretxera ekarri dute kopa. Gernika-Lumoko hainbat ikastetxetako ikasleak hurbildu dira jokalariak agurtzera.
“Ezinezkorik ez dago/ez du balio ezetzak/ ta ez baduzue sinisten/ hartu hau adibidetzat:/ Borrokatuz geroz egi/ bihurtzen dire ametsak!“. Hori kantatu zuen Xabat Galletebebeitiak 2014ko Bizkaiko BertsolariĀ Txapelketako finalean, eta hamar urte beranduago, 2024an, Athletic Clubek arrazoia eman dio Galletebeitiari: 40 urte beranduago, Errege Kopako txapeldunak bihurtu dira, hogeita bosgarrenez.
84an bezala, oraingo txapelketak ere ikaragarrizko zurrunbiloa sortu du Bizkaian, eta ospakizunetara batu dira Bizkaiko Batzar Nagusiak. Ana Otadui Biterik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Batzar Nagusietako Mahaiko kideek eta taldeetako bozeramaileek eta batzarkideek Athletic Clubeko jokalariak eta zuzendaritzaren ordezkariak agurtu dituzte gaur goizean [apirilak 9], Gernika-Lumoko Batzar Etxean.
Oihartzun handiko ekitaldia izan da: ehunka lagun batu dira Gernikako Arbolaren inguruan eta ikastetxeetako txikienak ere hurbildu dira ekitaldira “Txapeldunak, txapeldunak, oe, oe, oe” abestuz. Kapitainek kopa eskuan hartuta iritsi da Gernika-Lumora Athleticeko espedizioa, eta Gernikako Arbola berriaren aurrean kokatu dute zapatuan lortutako zilarrezko altxorra. Bertan izan dituzte itxaroten Batzar Nagusietako ordezkariak.
Minutu bateko isilunea.
Otadui arduratu da zuri-gorriei ongi etorria emateaz. Eguneko protagonista nagusiak txapeldunak izan diren arren, atzo Kanalan zendu zen Jose Antonio Ardanza Lehendakari ohia omentzeko tarte bat atera dute gerturatutakoek; txalo zaparrada batekin hautsi dute minutu bateko isilunea. Otaduik zein Jon Uriarte Athleticeko presidenteak oroitu dute Ardanza. “Euskal kirola horrenbeste maite zuen Jose Antonio Ardanza gogoratu nahi dut. Bere heriotzari lotuta, gabarra berriz ikustearekin amestu eta ikusi ezingo dutenak gogoratu nahi ditut. Kopa hau beraiena ere bada”, azaldu du hunkituta Uriartek.
Gernikako Arbola euskaldunen ikur den bezala, Athletic Bizkaiaren ordezkari dela goraipatu du Otaduik. Omenaldia jokalariei egin bazaie ere, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak bizkaitar guztiak oroitu nahi izan ditu, egunero eraikitzen duten “Bizkaia maite hau osatzeagaitik”.
Ana Otadui: “Athletic sentimendu bat da. Bere filosofiak harrotasuna sentiarazten du. Ideologia guztietatik at doazen balio argi batzuk zabaltzen ditu Athleticek. Gernikako Arbolak zabaltzen dituen balio berdinak dira”.
“Athletic sentimendu bat da. Bere filosofiak harrotasuna sentiarazten du. Ideologia guztietatik at doazen balio argi batzuk zabaltzen ditu Athleticek. Gernikako Arbolak zabaltzen dituen balio berdinak dira, eta Athleticen ereserkiak dioen bezala, haritz zaharraren enborrak loratuko du orbel berria“, esan du Otaduik.
Talde zuri-gorriaren balioetara bueltatuz, azpimarratu du jokalariak Bizkaiko umeen eredu garbia direla. Talde lanak bere fruituak ematen dituela erakutsi dutela azaldu du, eta hori gazteenek ikasi behar duten zerbait dela.
Otaudik bezala, Uriartek ere Athleticen ereserkiaren esaldi bera aipatu du. Presidenteak, baina, beste irakurketa bat egin du: Iribar eta Azpiazu, 84ko Gabarra gainean joan zirenak, ondoan zituela aprobetxatuz, Uriartek azaldu du garai haietako garaipenei esker irten zirela gaur egungo kopa lortu duten athleticzaleak. Alegia, Iribarren haritz zaharretik atera direla De Marcos eta Lekue bezalako arbola berriak.
Bakarra Munduan.
Lelo horren besopean prestatu du finala Athleticek. Klubaren eredua “erreferentea” dela uste du Uriartek, eta Athletic “indartsu” dagoela azpimarratu du. Ereduari dagokionez, “mugak gainditzen dituen eredu bat dela” gaineratu du. Etorkizunean bizkaitarren garaipen gehiago ospatzea espero duela ere aitortu du.
Opariak ere ez dira falta izan. Otaduik, Batzar Nagusien izenean, haritz zaharraren orbel berria eskaini die zuri-gorriei. Lehoien kasuan, kapitainek sinatutako lehen taldeko kamiseta eta partida osteko ospakizunetan atera zuten txapeldunen kamiseta oparitu dizkiote.
Finaleko urduritasunak.
Gaur Gernikako Arbola bisitatu izanaren arrazoia, azken finean, zapatuko partida irabazi izana da. Finalaren inguruan hitz egiteko aukera ere izan du Iker Muniain kapitainak. Penaltietan bisitako urduritasunaren inguruan galdetuta, une horietan izan zituzten urduritasunak eta beldurrak “errepikaezinak” direla aitortu du, eta onartu du egunotan hainbat alditan ikusi duela partidua.
Bizkaian sortu den oihartzunaren inguruan azaldu du izugarria dela jendeak emandako erantzuna. Atzo kalera irten eta “hiru pauso” ere ezin izan zituela eman kontatu du. Jendeak “bihotzetik” hitz egiten diotela esan du, eta eguenerako gogo handiak dituztela ere aurreratu du.
Batzarretxean ohitura den bezala, Gernika-Lumora gerturatu diren Athleticeko ordezkariek bertako liburua sinatu dute, eta ostean, Batzarretxea bisitatu dute. Talde argazkiak atera, eta gerturatutako ume zein horren ume ez direnak agurtu ostean, Bilbora bidea hartu dute: Kopa ondo gorde eta eguenean gabarran distiratsu egon dadin.