Oporrak Bakean programagaz bat egin du Besaldek
Oporrak Bakean programagaz bat egin gura duten familiek zapatua [apirilak 13] izango dute izena emateko azken eguna.
Beste urte batez, Besalde elkarteak eta Bermeoko Udalak bat egin dute saharar haur errefuxiatuak udako hilabeteetan etxean hartzeko helburu duen Oporrak Bakean programagaz.
Elkartetik azaldu dutenez, ekimen honen bitartez haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik urruntzea eta elikadura orekatuaren bitartez haurren osasuna hobetzea lortu gura dute. Horretarako, familia euskaldunetan edo udalekuetan zortzi urteko saharar errefuxiatuak denbora baterako harreran hartzea da programaren xedea: Euskal Herrian uda pasatzen duten haurren kopurua aldatzen joaten den arren, aurreratu dutenez, helburua 300 haurrei ongietorria ematea da.
Oporrak Bakean programan parte hartzea haurrentzat “oso onuragarria” dela nabarmendu dute, bai osasun kontuengatik, bai bizitzen duten esperientziagatik. Izan ere, saharar haurrei oinarrizko osasun azterketak egiten zaizkie, eta kanpamentuetan antzeman edo tratatzeko zaila diren gaixoak zaindu.
Programan parte hartzen duten familia euskaldunentzat ere esperientzia “oso positiboa” izaten dela adierazi dute: “Familia euskaldunetako haurrak aniztasuna kudeatzen ikasi eta elkartasuna eta enpatia bezalako baloreak lantzen dituzte”. Gainera, harreran hartutako haurraren familia ezagutzeko kanpamentuetara bidaiatzeko aukera ere izaten dute, “errealitate ezberdin bat ezagutu eta kultura berri batekin elkartzeko”.
Haur sahararrek kultura eta hizkuntza berriak eta “kanpamentuetakoa ez den beste errealitate bat” ezagutzeko Oporrak Bakean ekimenean parte hartu nahi duten familiek zapatura arte [apirilaren 13] dute izen emateko aukera. Horretarako, Besalde elkarteagaz harremanetan jarri beharko dira, 635 72 50 62 telefono zenbakira deituta.