Lander Aurrekoetxea, nagusi Bizkaiko urpeko arrantza txapelketako lehen jardunaldian
Aurrekoetxeak hemezortzi arrain lortu zituen; Jon Mikel Bikandik eta Ander Bergarak osatu zuten podiuma, hamalau eta hamabi arrain arrantzatzea lortuz, hurrenez hurren. Apirilaren 20an [zapatua] jokatuko dute bigarren jardunaldia, Zierbenan.
Bermeon lehiatu zuten zapatuan [apirilak 6] Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketako lehenengo jardunaldia, eta Izaro Sub klubeko Lander Aurrekoetxea etxean nagusitu zen: 18 arrain arrantzatuta, 34.034 puntu lortu zituen bermeotarrak. Lortutako emaitzagaz pozik bada ere, itsasoa bare zegoela, eta ondorioz “horrenbeste arrain atera ez” zirela azpimarratu du Aurrekoetxeak.
Klub bereko Jon Mikel Bikandi sailkatu zen bigarren: 30.649 puntu eta 14 arrain lortu zituen. Podiuma, berriz, Ondarroako klubeko Ander Bergarak osatu zuen, 12 arrain arrantzatu eta 21.961 puntu eskuratuta.
Guztira hamalau parte hartzailek eman dute izena Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketan aurten. Aurrekoetxeak adierazi duenez, “kezkatuta” daude, Bizkaian arrantzaren modalitate honetan “gero eta arrantzale gutxiago” daudelako. Egoera irauli eta jende gehiago animatzeko zer egin dezaketen pentsatzen ari direla iragarri du bermeotarrak.
Txapelketako parte hartzaileek arrantzatutako arrainak Bermeoko Gurutze Gorriari eman dizkiete, herriko behartsuenen artean banatzeko.
Zierbena, erabakigarri.
Txapelketako bigarren jardunaldia Zierbenan jokatuko dute arrantzaleek, apirilaren 20an [zapatua]. Jardunaldia bukatuta, bi asteburuetako emaitzak batu eta Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketako irabazlea nor den ezagutuko dute. Gainera, Bizkaiko txapelketako lehenengo hamarrek Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketarako sailkapena lortuko dute.