Europako Pilota Txapelketa irabazi du emakumezkoen Euskal Pilota Selekzioak
Europako Pilota Txapelketan hiru urrezko domina lortuta, sailkapen orokorreko lehenengo postua lortu dute emakumezko euskal pilotariek. Gizonezkoetan, berriz, modalitate guztietan lortu dituzte dominak –urrezko bat eta brontzezko hiru–, eta sailkapen orokorreko txapeldunorde geratu dira.
Emakumezkoetan hiru modalitatetik hirurak irabazita, CIJB nazioarteko erakundeak antolatzen duen Europako Pilota Txapelketan txapeldun geratu da emakumezkoen Euskal Pilota Selekzioa, Portugalgo Freixo de Expada a Cinta hirian jokatutako txapelketan; bertan izan da Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarra, eta txapelketako emakumezko pilotarik onenaren aipamena Miren Larrartek jaso zuen. Gizonezkoetan, berriz, modalitate guztietan dominak lortu dituzte –urrezko domina bat eta brontzezko hiru–, eta sailkapen orokorreko txapeldunorde geratu dira. Guztira, sei emakumek eta bederatzi gizonezkok parte hartu dute lehiaketan, lau espezialitate desberdinetan, eta euskal ordezkariek modalitate guztietan lortu dituzte dominak.
“Txapelketarik txapelketa, markak hausten doa gure selekzioa, eta CIJB erakundeak antolatzen dituen txapelketetan erreferente bilakatu da. Atzean geratu da 2015ean Oiartzungo Txost Pilota Klubakekoak kotxea hartu eta Herbeheretako Franeker hirira egin zuen bidaia; Llargues modalitateko kluben arteko txapelketa jokatzeko bidaia izan zen, eta euskaldunak ez gintuzten ezagutu ere egiten. Baina, ordutik, nazioarteko erakunde honetako selekzio erreferente bilakatu gara”, azaldu dute selekzioko ordezkariek. Bide horretan, Jose Mari Mitxelenak egindako lana aitortu gura izan dute, “bera barik guzti hau ez zelako posiblea izango”.
Pilota portugaldarraren espezialitatean lortu dituzte urrezko dominak euskal pilotariek. Freixoko elizako horman aritzen ziren lehen aldia zen neskentzat, eta frontoiaren “berezitasunak eta ziurgabetasunak” eraginda, lehenengo partidua Ingalaterrako hirukotearen aurka galdu zuten, 17-20. Hala ere, buelta eman zioten txapelketa hasierako porrot horri, italiarrei 20-6 irabaziz, eta Herbehereen aurkako finalaurrekoan maila ona erakutsiz. Zer egiteko gai ziren erakutsi zuten, eta sekulako erakustaldia eskaini; 20-2 irabazi zieten aurkariei. Finalean, Ingalaterrako hirukoteari aurre egin behar izan zioten berriro, eta sailkapen faseko emaitzari buelta emanez, lehen postua eskuratu zuten: 20-14 irabazi zieten ingelesei.
Gizonezkoek, aldiz, Belgikaren aurkako finalerdia nagusitasunez irabazi zuten, markagailuan 20 eta 6koa jarriz, eta finalean, emaitza berbera lortuta menderatu zituzten balentziarrak. “Ikustekoa izan zen gure pilotariek horma ziurgabe horretan izandako joko, bertako jendea harrituta utziz”.
Joko Internazionalean, Europako titulua lortu zuten emakumezkoek, Herbeherei 6 eta 2 nagusituta. Gizonezkoetan, aldiz, “zorte txarra medio”, finalerdiak galdu zituzten 5-6ko markagailuagaz, Herbeheren aurka. Porrotaren ostean, hirugarren posturako lehian, sekulako erakustaldia eman zuten, 6-3 irabaziz; gizonezkoetan historiako lehen domina lortu zuten jokamolde honetan.
One Wallean ere, emakume pilotariek ez zuten hutsik egin. Europako txapelketako titulua lortuta, argi utzi zuten gaur egun modalitate honetan ez dutela aurkaririk. Finalerdia nagusitasunez irabazi zioten Balentziako taldeari 21-14 eta 21-13 irabazita. Finalean, Herbehereen aurka jokatu zuten, eta aurreko urteko munduko txapelkdunak garaitu zituzten: 21-16 eta 21-13. Gizonezkoek, berriz, finalerdia Ingalaterraren aurka jokatu zuten eta lehen jokoa irabazi (21-11) zuten arren, bigarrena galdu zuten: 17-21. Hirugarren joko erabakigarriak bide bera jarraitu zuen, eta 7-11 galdu zuten euskaldunek. Urrezko domina lortzeko borroka galduta, hirugarren posturako borroka irabazi zuten balentziarren aurka. Lehen koko estu baten ostean (21-20), bigarrena nagusitasunez irabazi zuten (21-16), brontzezko garaikurra lortuz.
Llagues modalitatean ere aritu ziren gizonekoak. Herbehereen aurkako lehenengo partidan, nagusitasunez gailendu ziren aurkariak, 1-6ko markagailuagaz. Hirugarren eta laugarren postuko lehian, belgiarrak izan zituzten aurkari, eta partidu estua lehiatu ostean, azken setean erabaki zen aurrez aurrekoa. Euskal Selekzioak 6-5eko markagailuagaz eskuratu zuen brontzezko domina.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak eskerrak eman dizkie hautatzaile aritu diren Patri Espinar eta Eneko Uriberi, eta zelan ez, Euskal Pilota Selekzioko pilotari guztiei ere bai, “jokatu dutenei eta hautaketatik kanpo geratu direnei”.