Maiatzean hasiko dira Gautegiz Arteagako Herriko plaza birmoldatzeko lanak
Gautegiz Arteagako Herriko plaza eta inguruak berrurbanizatzeko eta birmoldatzeko proiektua maiatzean hastea eta urriaren amaieran amaitzea aurreikusi dute udal arduradunek. Jakinarazi dute egun gutxi barru zabalduko dutela udal gimnasio berria.
Herriko plaza eta inguruak berrurbanitzatzeko eta birmoldatzeko proiektua esleitu dio Gautegiz Arteagako Udalak Morga enpresari, 743.320,74 euroko aurrekontuagaz, eta obrak maiatzean hastea eta urriaren amaieran amaitzea aurreikusi dute; hala ere, irailean ospatuko dituzten San Antolin jaietan obra lanak geldituko dituztela esan dute, “herritarrek antolatzen diren jarduerez modu seguruan gozatu dezaten”, eta jaiak amaituta, azken faseari ekingo diote. Atzoko (martxoak 26) osoko bilkuran aho batez onartu zuten esleipena.
¡Herriko plaza birmoldatzea udal proiektu “estrategikoa” dela azaldu du Patrik Saitua herriko alkateak. “Fase asko pasatu ondoren, azkenean iritsi zaio bere momentua. Hirigintza aldaketak eta hobekuntzak egiten ari gara herrian, eta plazako obrak inguruari estetika zaindua emateaz gain, eremuko irisgarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna nabarmen hobetuko ditu”, azaldu du alkateak. Dioenez, gune “adeitsua” izango da, “inguruan integratutakoa”, eta herritarren beharrak asetuko dituena: “Proiektu hau beharrekoza eta funtsezkoa da udalerriearentzat, eta osoko bilkurako erabakiagaz errealitate bihurtzeko azken pausoak ematen ari gara”.
Kirol inslazio berria.
Herriko plazan dago udal gimnasio berria, eta jakinarazi dutenez, egun gutxi barru zabalduko ditu ateak. Horretarako, udal titulartasuneko kirol instalazioak erabiltzeko araudia arautu dute, frontoia ere barne hartzen duena. Hala, bi isntalazioen ordutegia 07:00etatik 23:00etara artekoa izango da, baina frontoia 18 urtetik beherakoentzako egongo da gordeta 16:00etatol 19:00etara bitartean, urte osoan. “Frontoia ezinbesteko gunea da, ez bakarrik kirol jardueretarako, baita asialdirako ere. Horretatik gorde dugu denbora tarte hori, haurrek gozatzeko eta jolasteko lekua izan dezaten, bereziki euri egunetan”, esan du Saituak.
Aurreratu duenez, gimnasio berria erabiltzeko beharrezkoa izango da giltza elektroniko bat edukitzea, pertsonala eta besterenezina, eta 16 urtetik gorakoa izatea. Adin horretatik beherakoek gurasoen edo tutoreen baimena izan beharko dute, eta heldu bategaz joan beharko dira.
Ziurtatu dute gimnasiorako ez dela beharrezkoa izango erreserba egitea, baina zehaztu dute ezingo direla 10 pertsona baino gehiago egon, aldi berean. Frontoia erabiltzeko, berriz, aldez aurretik erreserba egin beharko da, horratrako egokituko duten aplikazioan edo kultur etxean, gehienez ere 10 egun aurretik. “Joko txandak gehienez ordubetekoak izango dira, eta erreserba egiteko, beharrezkoa izango da txartel elektronikoa edukitzea”, azaldu dute.
Kirol instalazioen araudi berriak erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ere barnebiltzen ditu, baita horiek ez betetzeagatiko arau hausteak eta zigorrak ere. “Kirolekoa ez den edozein jarduerak udalaren aldez aurreko baimena beharko du”.