Eguzki farolen "proba pilotua" abiatu du Busturiko Udalak
Bost eguzki farola jarri dituzte Altamira eta Bargo Etxe artean. Ondo funtizonatuz gero, gutxinaka "herriko farola guztiak aldatzen joatea" da udalaren asmoa.
Busturiko Udalak eguzki farolak jarri ditu Altamira eta Bargo Etxea arteko bidean. Urtarrilean onartutako aurrekontuetan aurreratu zuten “auzotarren eskaerei” erantzuteko onartutako bi inbertsioetako bat bost eguzki farola jartzea izango zela, “eraginkortasunaren alde egiteko eta obra zibilean aurrezteko” helburuarekin.
Aitor Aretxaga Busturiko alkateak adierazi duenez, “Busturitarrak entzun, euren eskariak edo proposamenak jaso eta ondoren horiek nola burutu daitezkeen aztertzen du udalak”. Horrez gain, herritarren proposamena betetzeko ez dela obra zibilik behar izan azpimarratu du. Altamira eta Bargo Etxean jarritakoak “froga pilotoa” dira: “Espero dugu ondo joatea, eta horrela apurka apurka herriko farola guztiak aldatzen joatea”.