21 bikotek parte hartuko dute Mantrailing jardunaldietan
Apirilaren 6an eta 7an, mantrailing seminarioa egingo dute Busturialdean; hau da, miaketaren bidez, ezkutatutako pertsonak bilatuko dituzte parte hartzen duten txakurrek eta euren bikoteek.
Txakurrak eta haien jabeak izango dira protagonistak apirilaren 6an eta 7an, Busturialdean. Mantrailing jardunaldiek hartuko dituzte eskualdeko zenbait txoko, eta horietan parte hartuko dute 21 bikotek eta hiru instruktorek. Izan ere, diziplina horretako nazioarteko istruktoreak bertaratuko dira eskualdera, mantrailingari buruzko xehetasunak emateko: Monica Diaz Trias, Ernest Capdevilla eta Andreu Morera.
Mantrailinga txakurren kirola da, miaketaren bidez pertsonak bilatzean oinarritzen dena. Hau da, mantrailingak txakurren miaketa lana hobetzea bilatzen du, kirol edo jolas modura. Loli Cal txakur hezitzaile eta antolatzaileak esan bezala, kirol hau “modu oso erraz eta dinamikoan” egin daiteke, eta horregatik da horren erakargarria. “Mantrailingak txakurrarekin objektu jakin baten usainaren bidez pertsonen arrastoa bilatzeko jarduera praktikatzean datza. Eta ez da lan erraza izaten”, azaldu du Calek.
Izan ere, txakurrari pertsona bat bilatzen erakutsi behar zaio lehenengo, baldintza errazetan: “Txakurrak jakin behar du zein den helburua. Gero, erronka handiagoak aurreikusten dira, eta zailtasunak ere areagotu daitezke”. Edozein motatako txakurrentzako eta pertsonentzako jarduera dela azpimarratu du, baita txakurrentzat “aberasgarria” dela esan ere.
Mantrailingaren onurak.
Calek jakinarazi duenez, mantrailingak hainbat onura dakarzkie txakurrei, ze euren autokonfiantza, autoestimua eta autonomia indartzen dute. Arazoak konpontzeko gaitasuna eta sormena ere hobetzen die txakurrei, eta jasotako ikaskuntzak euren egunerokoan aplika ditzakete.
Portaera arazoak dituzten txakurren jokabidea ere hobetzen du mantrailingak, eta forma fisikoa eta mentala hobetu ditzake ere bai, txakurren estresa murriztuz. Kirol eta jolas horretan, ezinbestekoa da tutorearen eta txakurraren arteko harremana, eta horretan ere aurrerapausoak emateko balio baitu.
“Aktibitate hau asko gustatzen zaio txakurrari, baina bikotearentzat onuragarria da. Izan ere, txakurrak berezkoa duen zerbait da bilatzea, arrastoa jarraitzea, eta bere bikoteari balio ahalko dio txakurraren jokabidea ulertzeko, haren mugimenduak interpretatzeko”, adierazi du Calek.
Oraindik jarduerak egingo dituzten leku zehatzak zehazteke dituzten arren, miaketa lanak Muxikan, Gernika-Lumon eta Busturian egitea aurreikusi du: “Emango zaio txakurrari ezkutatuta egongo den pertsonaren usaina daukan objektu bat, eta horregaz, txakurra bilatzen hasiko da, eta guk atzetik jarraituko diogu, mugimenduak irakurtzen eta ulertzen saiatuz. Binakakoa da lana, eta lagundu behar diegu arazoak dituztenean”.
Antolatzaileak zehaztu duenez, zapatu goizean teoria landuko dute instruktoreekin, eta jarraian jarriko dira miaketa lanak egiten. “21 bikoteak zazpiko hiru taldetan banatuko ditugu, eta zapatu goiza, arratsaldea eta domeka igaroko dugu miaketa lanetan”, azaldu du.