Aurrerapausoa emateko balio izan duen edizioa
Lekuek jaialdiak hartu ditu Gernika-Lumoko izkina guztiak eguenetik domekara bitartean. Antolatzaileak "oso pozik" geratu dira jendearen erantzunarekin. Aurtongo edizioarekin nazio mailan jaialdi bezala "egonkortzea" lortu dutela uste dute.
Musikak hartu ditu Gernika-Lumoko kale, plaza, txoko zein tabernak, asteburuan. Euskal Herri osotik zein kanpotik etorritako artistek hankaz gora jarri dituzte Lekuek Jaialdiko eszenatoki guztiak, eta herrian kultur giro paregabea sortu du hamaikagarren edizioak.
Aurtongo edizioak berritasun garrantzitsua ekarri du: hamar eguneko jaialdi bat izatetik, lau egunekoa izatera pasatu da. Aldaketa “nabarmena” izan den arren, antolakuntzatik bereziki “pozik” agertu dira emaitzagaz. Formatu berri honekin, ikusleak, eta, batez ere antolatzaileak, “gustura” sentitu dira: “Aldaketa hori egitearen arrazoia izan da hamar egunetarako indarrez justu xamar geundela. Horrela, antolatutako ekitaldi guztiak mimoz prestatu ahal izan ditugu”.
Jendearen erantzuna, beste urte batez, “ezin hobea” izan da; itxarotekoa zen. Izan ere, jaialdia hasi aurretik, 220 bono saldu zituzten, “inoizkorik eta gehien”. Gauzak horrela, espero zuten emanaldi batzuetan “sarrerak agortuta” zioen kartela zintzilkatzea. Eta lortu dute. Gainera, pozik geratu dira bonodun bat ere ez delako kontzertuetatik kanpo geratu. Izan ere, bonodunek kontzertu aurretik bonoa sarreragatik ordezkatu behar izaten dute, eta denboraz ibili ezean, sarrera gabe geratzeko arriskua dute.
Hamaikagarren edizioak izandako arrakasta ikusita, panorama musikalean “egonkortzen” ari den jaialdia dela uste dute antolatzaileek. Euren esanetan, nazio mailan ezaguna egin den jaialdia da Lekuek, eta aurrera pausuak ematen jarraitzeko gogoarekin jarraitzen dute. Horretarako, baina, antolakuntza taldean belaunaldi aldaketa bat ematen hasteko ordua dela pentsatzen dute. “Publiko gaztearengana heltzeko asmoz, 20 urte inguruko gazteak gehitu nahi ditugu antolakuntzara. Jaialdiaren etorkizuna bermatzeko, ezinbestekoa da aldaketa hori ematea”, hausnartu dute.
Antolatzaileak: “Ez dugu emakume edo kolektiboko kideen zifra kopuru bat bilatzen. Benetako helburua eszenatoki gainean horien presentzia bermatzea izan da, eta lortu dugula uste dugu”.
Eguenean, hasierako txupina bota zutenean, aitortu zuten jaialdiaren helburuetako bat zela emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren presentzia bermatzea. Helburua, baina, ez da portzentai zehatz batzuk lortzea: “Ez dugu emakume edo kolektiboko kideen zifra kopuru bat bilatzen. Benetako helburua eszenatoki gainean horien presentzia bermatzea izan da, eta lortu dugula uste dugu. Ekitaldi guztietan izan da kolektiboko kideren bat edo emakumeren bat. Hori normalizatzea bilatzen dugu”, azpimarratu dute.
Eszenatoki anitzak.
Xarma handia duen jaialdia da Lekuek. Berezitasunen artean, antolatzaileen ustez nabarmenena jaialdiak eskaintzen duen espazio barietatea da. “Estilo askotako espazioak izateak egiten du berezi Lekuek. Aurton, esaterako, Ipar Taberna eta Neguetxea izan ditugu berritasun bezala, eta oso pozik geratu gara emaitzarekin. Uneoro saiatzen gara taberna, txoko edo plaza berriak gehitzen“, azaldu dute.
Lekuekentzako ohitura bihurtu denez, txupina jaurtiz eman zioten hasiera jaialdiari. Bukatu ere, era berean egin zuten: amaierako txupinarekin. Era “inprobisatuan” sortutako ekitaldia izan zen; estreinakoz egin dute. Azaldu dutenez, hain giro ederra sortu zen Titis Twitser eta Ruinosa y Las Strippers de Rahola taldeen emanaldian, antolakutzakoak barra inguruan batu eta amaierako txupina botatzea erabaki zutela. Txupinak sobran erosi izana eta artisten eta publikoaren artean sortutako lotura bereziak eraman zituen nobedade hori gehitzera.