"Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago"
Garazi Arrula Ruiz idazleak idatzi eta irakurri zuen 23. Korrikako mezua, atzo, Baionan. "Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena" izan dela ondorioztatu dute AEK-ko antolatzaileek.
Euskal Herria alderik alde zeharkatu du 23. Korrikak. Martxoaren 14tik 24ra, ia 2.800 kilometro osatu ditu, herriz herri, eskuz esku, euskaltzaleen pausoekin aurrera eginez, gauez zein egunez, euripean edo eguzkipean, euskararen alde. Eta atzo (martxoak 24) ailegatu zen Baionara, Irundik. Eta jendetzaren aurrean irakurri zuen Garazi Arrula idazleak Korrikako lekukoak 11 egunez gordetako mezua.
Txalaparta argitaletxeko editore eta itzultzaile tafallarraren mezuak nabarmendu du Korrika dela “herri bat gose, herri anbiziotsu bat, euskaraz harro bizitzeko gosea”. Eta azpimarratu zuen herri honek ez duela euskararekiko “kontingentzia planik” gura, “egiazko trantsizioa” baizik. “Eta izanen bada, kolektiboa, antolatua eta lotsagabea izan beharko du. Gutariko bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake; euskarak gu baizik ez gaitu. Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago”.
Arrulak idatzitakoaren arabera, “desira transmisiorako bide behiena” izan arren, ez da ahaztu behar “hizkuntzaren auzia politikoa” dela, eta urgentziazkoa: “Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntz-politikak”.
Euskararen komunitatea zabaltzeko desira ere aipatu zuen idazleak: “Gurea egunero idazten, kontatzen, egiten gabiltza, gero bat gaurdainik sortzen, euskarari bere lekua munduan eta geroan finkatzen. Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak, badirenak”.
“Inoizko anbiziotsuena”.
2.800 lekuko aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun eta 10 gau igaro ostean amaitu zuen bere bidea Korrikak, “inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuenak” AEK-ko antolatzaileen berbetan, herria harro egoteko modukoa. “Beste behin, euskararen herriak Euskal Herri osoko errepide eta kaleak hartu ditu. Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia planik euskararen normalizaziorako: horren ordez, egiazko trantsizioa nahi du”, esan dute antolatzaileek, mezuen idatzitakoari jarraiki.
Parte hartze masiboa “herri gisa” egin dute, batuta: genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu baitira Korrikara, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, “herri aldarri alai eta tinkora”. Horietako batzuk euskaradunak direla, eta beste batzuk euskaradunak ez izangatik ere, badirela euskararen munduaren zati adierazi dute: “Ateak zabal zabalik dituzue guztiok; barneratzeako bidea, librea. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat”.
Etorkizuneko asmoak gauzatzeko, baina, denon laguntza behar dutela adierazi dute: instituzioena, kolektiboena eta norbanakoena. “Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza politika ausartak… jomuga dira oraindik”, esan dute, eta euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segituko dutela aitortu dute.
AEK-k Korrikari ezarritako helburuetako bat “argi eta garbi” bete dute: eusksararen adleko kontzientzia astintzea. Ze, Korrikak herri gogoa hauspotzea lortu duela ondorioztatu dute. “Lasterketan bertan parte hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere inoizko Korrikarik ikusiena izan da hau, aurrekoaren marka oro hautsita, neurri handi batean sare eta hedabideen elkarlanari esker”. Horrez gain, aurreikuspen ekonomikoa ere “ona” izan dela jakinarazi dute, “oraindik goiz den arren arlo horretako xedera iritsi garen jakiteko”.
Onartu dute “biziki poztu” dituela edizio honen omenduaren aldarria –Azterketak Euskaraz kolektiboarena, alegia– zabaltzeak: “Bihotzez espero dugu Korrikan izan duen ikusgarritasuna akuilu bihurtzea euren helburuak lortzeari begira. AEK-k antolatzen du Korrika, baina AEK bideratzaile besterik ez da; atzean, komunitate sendo bat, Herri Harro bat, prest dago parte hartzeko. Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu era batera edo bestera, auzolan erraldoi honetan esku hartu dutenei”.
Korrika da herri bat gose
iraun baino, haginka.
Herri anbiziotsu bat
ez baita husten agiritan.
“Mintzairaren seta guk dugu, erromantiko porrokatuok, pikuan bizi garenok, zozook”. Halaxe zioen, ironiaz, zozo egoskor batek.
Hegazti harrapari guztiek ehizatzen dute zozoa, gautarrek nahiz egunekoek. Ez omen du primaderan kantatzen, eta gure lurretan urriago dira pinu eta eukalipto birlandaketetan, tokiko baso autoktonoetan baino. Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa. Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntz-politikak: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria. Egunerokoa hartu behar du biziko bada, Beskoitzen, Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan.
Baina hemen gara, zozoan elean.
Ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara.
Ez agur bat, ez txapa bat paparrean, ez lur zatitu bat.
Ez da fenomeno meteorologiko bat, ez gastronomia huts, ez borondate libreko kontsumogai.
Ez da brilli-brillizko bilgarria, ez trukerako txanpona.
Ez da beste, ez besteena.
Eta batez ere, batez ere, ez da diskriminazio iturri, ez inposizio.
Bedi gutxiago konpetentzia, eta gehiago konpromiso, norabide, zeharlerro, harrobi-de.
«Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake; euskarak gu baizik ez gaitu». Halaxe zioen beste zozoren batek.
Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago.
Oxala, hizkuntza bat balitz, eta fini.
Bestela esanda, ez dugu hazkunde lasterreko espezieen industria laborerik nahi, tokian tokiko basoak nahi ditugu, hangok eta hemengok babes hartzeko eta bere egiteko, non zozoak izanen duen non kukutu, ibaiak nora isuri, onddoak zeri heldu, eguzkiak zer urtu.
Kontingentzia planik ez: egiazko trantsizioa nahi dugu.
Eta izanen bada, kolektiboa, antolatua eta lotsagabea izan beharko du.
Elkar zainduz, bidea bizigarri eginez. Afektuaz ere ari baikara, afektatzeaz. Konplexurik gabe. Erabakitasunez bezala ahizpatasun haizez.
Tinko eta fermuki, ados, baina amultsu, narras, hauskor ere bai.
Gorputzetik pasako baita, halabeharrez. Desira bada transmisiorako bide behinena, ez dugu ahazteko hizkuntzaren auzia politikoa dela. Eta urgentziazkoa. Desira historia batean hasten da. Gurea egunero idazten, kontatzen, egiten gabiltza, gero bat gaurdanik sortzen, euskarari bere lekua munduan eta geroan finkatzen. Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Noranahiko, euskaraz gara.
Udaberrian ere kantatuko dugu zozook. Bizi gareino kantatuko dugu; bizi deino, herri honek euskara dantzatuko du.
Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten.
Biba korrika, harro herria!