Itsaso handia, maila handia, estreinaldi handia
Bermeo-Urdaibai, Ondarroa eta Badok 13 nagusitu dira I. Alakrana Urdaibai Basque Reserve Jaitsieran. Itsas egoera asko baldintzatu dute jaitsieraren estreinako ekitaldia, baina antolatzaileek "balorazio positiboa" egin dute.
Agertoki eder, muturreko eta, batez ere, ikusgarria izan zen zapatuko [martxoak 23] I. Alakrana Urdaibai Basque Reserve Jaitsiera. Punta-puntako parte hartzeagaz, herritarren babesagaz eta itsas egoera gogorrekin egin zuten estropada. Mundakako Arraun Taldeko antolatzaileek egun “gogoangarria” izan zela adierazi dute bai arranlarien jarrera apartagatik, bai arraunaren zaleek bizitako ikuskizun politagatik. Hiru kategoriatan lehiatu zituzten erlojupeko probak: gizonezko seniorrak, emakumezko seniorrak eta beterano mistoak. Lehenengo mailan Bermeo-Urdaibai gailendu zen; bigarrenean, Ondarroa; hirugarren mailan, aldiz, Badok 13.
Senior mailako gizonezkoek 6.000 metroko estropada egin zuten, Muruetako ontziola eremua eta Mundakako portua lotu zituen ibilbide osatuz. Proba horretan Eusko Label Liga, KAE1 eta KAE2 mailetako eskifaiak aritu ziren; Bermeoko trainerua izan zen bizkorrena, 20.16,34ko denboragaz. Bigarren mailako partaide bi sailkatu ziren gero, Ondarroa podiumetik ateraz: San Juan A-k 20.47ko denboran egin zituen lanak; Lapurdik, ostera, 20.49,23 behar izan zuen estropada amaitzeko. Ondarrutarrak sailatu ziren ostean (20.54,12), Arkoteren (21.09,57), Hondarribi B-ren (21.38,29) eta San Juan B-ren (22.12,13) aurretik. Mundakako eta Elantxobeko arraun elkarteek osaturiko Busturialdeak denbora berbera egin zuen. Sailkapena Hibaikak osatu zuen, 22.50,50ekoagaz.
Emakumezkoen senior mailako estropada, beterano kategoriakoa bezalaxe, San Antonio hondartzan hasi zen, helmuga beragaz; 4.000 metro egin behar izan zituzten maila biek ala biek. Emakumezkoen parte hartzea izan da lehen ekitaldiaren alderdirik murritzena; izan ere, eskifaia bakarra aritu zen, Ondarroakoa. Ondarrutarren denbora 15.43,13koa izan zen. Hurrengo urtera begira, estropada aurrerapen handiagoagaz iragarriko dute antolatzaileek, emakumezko traineru “ahalik eta gehien” erakarri ahal izateko: “Sasoi honetan, jaitsiera, estropada eta proba asko daude eta, beraz, ez da erraza izan Mundakakoari egutegian tokia topatzea; hurrengo urtera begira, bizkorrago ibiltzea aurreikusten dugu, parte hartzea ahalik eta zabalena izan dadin, batez ere, emakumezkoena”.
Beterano kategorian, Mundakako Beteranoek hirugarren postua lortu zuten, eta bigarren amaitzeko lehian bete-betean sartuta egon ziren
Bisonteak, hirugarren.
Beteranoen artean, Badok 13 taldea, 14.22,32ko denbora eginda, nagusi azaldu zen, eta 4.000 metroak eraginkortasun handiz egin zituen. Bigarren eta hirugarren postuen lehian, baina, borroka estuagoa egon zen. Azkenean, Zumaia izan zen bigarrena, 14.42,30ekoagaz; Mundakako Beteranoek osatu zuten podiuma, lau segundo gehiagogaz (14.46,06). Bisonteen ondoren, honakoek osatu zuten, hurrenez hurren, beterano mailako sailkapena: Esteirana (14.49,33), Bilbao (14.56,02), Getxo (15.06,39), Aizburua (16.21,20) eta Sestao (16.47,26).