Alfabetatze ekosozialerako gida, hizpide
Proiektuaren helburu nagusia da herritarrek trantsizio ekologikoko politikei buruz duten ezagutza hobetzea, eta ezagutza horiek bakegintzagaz, hobekuntza sozialagaz eta sakontze demokratikoagaz lotzea.
Alfabetatze ekosozialaren gida: Bakea, desazkundea eta mugimendu postfosilista baterako iraunkortasuna izeneko gida aurkeztu zuten atzo, Jesus Pinto eta Adrian Santamaria filosofo eta ikerlariek Gernika-Lumoko kultur etxean, Gernika Gogoratuzeko Maria Oiangurenek gidatuta. Humanitate Ekologikoen Ikerketa Taldeko (GHECO) Maria del Bueyk eta Sofia Perezek idatzitako lana da –Pinto eta Santamariaren lankideek–, Demospaz Institutuak eta Cultura de Paz Fundazioak antolatutako Bake Energia proiektuaren baitan.
Proiektuaren helburu nagusia da herritarrek trantsizio ekologikoko politikei buruz duten ezagutza hobetzea, eta ezagutza horiek bakegintzagaz, hobekuntza sozialagaz eta sakontze demokratikoagaz lotzea. “Gidaren helburu orokorra alfabetatze ekosozialaren nozioa lantzea da, egungo krisi zibilizatorioaren esparruan bakea eraikitzeko tresna gisa”, azaldu zuten ikerlariek. Hori dela eta, gidan egungo krisi ekosoziala, haren kausak, ondorioak, “indarkeria geldoaren izaera, sistemari eusteko diseinatutako alternatiba faltsuak” eta egon daitezkeen konponbideak lantzen dira bere horretan. Horrez gain, balioa ematen zaie alfabetatze ekosozialari, desazkundeari, energiaren kudeaketaren demokratizazioari eta energia fosilak uzteari, baita planetarekiko zein bertan bizi diren gainerako izakiekiko gizakiek duten interdependentzia aitortzeari eta zaintzei ere.
Filosofoek atzo azaldutakoaren arabera, egungo larrialdi ekosozialaren azterketa “sakon eta kritikoa” egiten du gidak, krisi guztien arteko loturak ulertzeko terminoak eta markoak eskainiz. Halaber, planeta mugatu batean ondo bizitzearen eta zaintzearen alde egiten duten ekimenen adibideak aurkezten ditu.
Hala, hiru dira azpimarratu zituzten kontzeptuak: zibilizazio krisia, alfabetatze ekosoziala eta bake positibo motela.
“Garrantzitsua da esatea gidak ez duela klima aldaketari eta klima krisiari buruz berba egiten, hasieratik, egileek, bizi dugun krisiak kausa bakar bati erantzuten ez diola uste dutelako. Krisia maila anitzekoa eta kausa askokoa dela uste dute. Euren proposamenak, beraz, egungo egoerari modu integralean heltzen dio, hainbat ezuagarri eta geruza dituen arazoari hainbat mailatako konponbide eta diagnostiko jorratuz”, azaldu zuten ikerlariek.
Hala, krisiari aurre egiteko alfabetatzeko ekosoziala lantzea proposatzen dute, ez bide bakar gisa, baina bai politikan egon behar duten bide askoretako bat legez. “Herritarrak kontzientziatu behar dira kontsumo arazoei, norbanakoaren erantzukizunari eta ekonomia zirkularrari buruz. Alfabetatze ekosozialak zabaldu egiten du ingurumen hezkuntzako proposamenen irismena, eta, bizitzaren iraunkortasuna jartzen du erdigunean”, azaldu zuten adituek. Esan zuten, gidaren egileek onartzen dutela hezkuntzak bere horretan ez duela “eraldaketa soziala erraztuko”, baina “eraldaketa ekosozialei lagun diezeieken instantzia” dela uste dute, “Irudimenaren gaitasuna garatu dezakeelako”.
Hirugarren kontzeptuari buruz, bake positibo motelari buruz, hain zuzen ere, ohiko aldarrikapenetatik harago joan beharra dagoela proposatzen du gidak: “Bake positiboaren nozioarekin konprometitzen dira egileak, eta horri adjektibo bat gehitu diote: motela. Idazleek diote, indarkeriaren, gatazkaren eta gerraren auzia tematizatu duten pentsalarien oihartzuna entzun ostean, pauso bat harago joan behar dela. Bake negatiboa hartzen dute gatazka bateko aldeen arteko etsaitasunezko joerak eteteari”. Horrelako aldarrikapenek errealismo politikoagaz bat egiten dutela diote, eta horren aurrean, ahalegin handiagoa egitearen alde egin dute. “Euren ustez, bake positiboaren ikuspegiak funtsezko tresnatzat hartu beharko luke bake prozesuen eraldaketa, eta irtenbide ez hierarkikoak bilatuko lituzke, gatazka bateko eragileak barne hartuz eta integratuz”, azaldu zuten Pintok eta Santamariak.
Jakinarazi dutenez, gida eskuragarri jarri dute online, egindako lanari zabalkundea eman gura diotelako, herritarrak kontzientziatzeko beharraz jakitun.