Harro egoteko ehunka arrazoi
Eskuz esku eta pausoz pauso harro egoteko ehunka arrazoi daudela erakutsi zuten Busturialdeko herritarrek, euskararen aldeko lasterketa handian. Eako EH Bilduko ordezkariak izan ziren eskualdean lekukoa hartzen lehenengoak, iluntzeko 20:30ak inguruan, eta Ea, Ibarrangelu, Elantxobe, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Gernika-Lumo, Muxika, Forua, Murueta, Busturia, Sukarrieta eta Mundaka zeharkatu ostean, Xixilikoek agurtu dute lekukoa Bermeon, 1669 kilometroan, goizaldeko 02:45ean.
Ttipi-ttapa ttipi-ttapa korrika egin du atzo iluntzean hasita, goizaldera arte Busturialdeak. Eskuz esku eta pausoz pauso harro egoteko ehunka arrazoi daudela erakutsi zuten Busturialdeko herritarrek, euskararen aldeko lasterketa handian. Eguna izan edo gaua izan, aterri zein zaparrada, Korrika ez da gelditzen, eta horrela izan zen atzo arratsaldean eta goizaldean ere.
Arineketan, Eako EH Bilduko ordezkariak izan ziren eskualdean lekukoa hartzen lehenengoak, iluntzeko 20:30ak inguruan, eta Ea, Ibarrangelu, Elantxobe, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Gernika-Lumo, Muxika, Forua, Murueta, Busturia, Sukarrieta eta Mundaka zeharkatu ostean, Xixilikoek agurtu dute lekukoa Bermeon, 1669 kilometroan, goizaldeko 02:45ean. 2015etik ez zen Korrika Muxikan sartzen, eta bederatzi urte beranduago Kurtzerotik igaro zen lasterketa atzo gauean; Elantxobeko kaleetan barrena ere ibili ziren euskararen aldeko aldarriak baita elantxobetarrenak ere, furgonetak herri kanpoan itxaroten zuen bitartean.
Euritan dantzan jarri zituen euriak lasterketariak, lasterketako lehenengo euri zaparradak jasan behar izan baitzituzten eskualdeko bizilagunek, Bedaronan hasi eta Kortezubira ailegatu bitartean; hala ere, Gatiburen doinuek girotu zituzten kilometro horiek. Horrela gogoratu du momentua IƱaki Moriones AEK-ko kideak, lehenengoz furgonetan esatari lanetan aritu zenak. “Esperientzia itzela izan zen. Emozio momentu askokoa”, azaldu du gernika-lumotarrak. Onartu du furgonetan sartu aurretik “urduri” egon zela, baina behin furgonetan sartuta, ez zuela pentsatzeko denborarik ere izan. “Korrikan etapa ezberdinak daude, herrien tamainaren eta herritarren arabera. Herri handietan kontrolagaz arduratu behar gara gehiago, eta txikietan, berriz, korrikalariak animatu behar ditugu. Momentuak eskatzen zuena egiten saiatu nintzen”, azaldu du AEK-ko kideak.
Pertsonalki, momentu hunkigarri bi nabarmendu ditu Morionesek: bi furgonetek bat egin zutenekoa eta lagunak ikusi zituenekoa: “Esatari lanetako furgonetak, ni nindoanak, bestean joan ziren lankideekin bat egin zuen momentu batean, eta klaxonak jotzen eta oihuka hasi ziren guri animoak ematen; oso polita izan zen. Nire lehenengo aldia zen esatari lanetan, eta euren laguntza jasotzea pozgarria izan zen. Bestalde, beste momentu berezi bat izan zen lagunak eta hurbilekoenak ni animatzen ikustea, neuk eurak animatu behar nituenean. Hori oso ederra izan zen”.
Korrikan, metro gutxitan egoera desberdin asko ikus daitezke, eta hala izan zen atzokoan ere. Umeek, nagusiek, musikariek, aldarrikapen desberdinek… hartu zuten euskal harrotasuna erakusteko lasterketa: “Familia bateko umeek eroan zuten lekukoa tarte batean, baita adinekoek edo bitarteko adin guztietakoek ere. Edonork parte hartzen du Korrikan, sekulako ilusioagaz gainera, eta ederra da hori ikustea”. Euskal Australiar Elkarteko kilometroan, esaterako, Sydneyko Euskal Etxeko ordezkariek parte hartu zuten, eta hainbat eta hainbat eragileetako ordezkariek euren elkarteetako ikurrak kaleratu zituzten kilometroz kilometro. Astrakoek kulturarako fabrika sozialeko ikurrak kaleratu zituzten eta Bermeoko Txosna Batzordekoek ere, euren ikurrak atera zituzten; Mundakako Atorrak eta Lamiak ere euren jantziak soinean zituztela egin zuten arineketan, eta Mundakako Surf Taldekoek, berriz, surfeko-oholak eskuan egin zuten arineketan. Bermeotarrak buruhandiekin ere kaleratu ziren.
Euskara izan zen aldarrikapen nagusia herritarrentzat, baita Azterketak Euskaraz taldeari babesa adieraztea ere. Baina bestelako eskaerek eta aldarriek ere igaro zuten Busturialdea. “Korrikak euskara bultzatzeko aldarrikapen bat dauka, baina horrek ez du esan gura beste aldarrikapenek lekurik ez dutela bertan. Polita zen ikustea euskara oinarrian duten beste aldarrikapenek ere badutela lekua Korrikan. Eskualdeko herritarrek erakutsi zuten euskaraz ere borrokatu daitekeela”, onartu du Morionesek.
Esaterako, Guggenheim Urdaibai gelditzeko eskaerak Urdaibaiko itsasertza zeharkatu zuen; Ibarrangelutik hasita Bermeon amaitu bitartean, proiektuaren aurkako aldarriak ikus zitezkeen han eta hemen. Ez zen falta izan Pablo Gonzalez askatzeko aldarririk ere: Polonian kartzelaratuta dagoen kazetari elantxobetarraren askapena eskatu zuten kartel, oihu eta pausoen bitartez. Aldarri horiez gain, eskualdeko herritarrak ez zuten ahaztu palestinarrek bizi duten egoera, eta genozidioa amaitzeko eskaerak ere presente egon ziren lasterketa handian. Horiez gain, tokian tokiko aldarriek bete zituzten kaleak: adibidez, ederrenari eusteko deia egin zuten Astrakoek, eta pentsio duinak eskatu zituzten nagusienek.
Lilibertsok bertsoa botatzeko aukera ere eduki zuen, euskal kultura babestuz eta euskara zabaltzeko aldarria eginez: Gernikatik euskara dabil ahoz aho, ta mugatik eroan nahi dogu harago. Hainbat herritar badira igaro, herria egin eta gure ustez badago, harrotzeko motibo bat baino gehiago.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAk bat egin du Korrikagaz, beste behin. 1651. kilometroanāMutriku eta Ondarroa arteanā eta 1661. kilometroanāBermeon, Euskalgintzaren kilometroanā egon ziren lankideak.Ā
Korrikaren bereizgarri nagusietakoa da gauean ere ez dela gelditzen, eta hori erakutsi zuten atzo Bermeoko herrigunetik atera eta goizaldeko 02:45ak arte arineketan ibili ziren bizilagunek. Hala, lotarako ordua atzeratu behar izan zuten ume zein helduek. Asko izan ziren lekukoa eramatearen zirrara sentitzeko aukera eduki zuten umeak, iluntzean, gauean nahiz goizaldean. Logurerik barik, ttipi-ttapa aritu ziren, nekatu barik. Sei ordu eta erdiz, herri eta herriguneetan jendetza ibili zen, nabarmena izan zen lasterketarekiko babesa Gernika-Lumon eta Bermeon, eta herri txiki eta herriarteko bide tarteetan ere ez zen gutxiagorako izan. Aldarriek, aldarrikapenek eta euskarak bere horretan jarraitu zuten, lekukoak āhamabost lagunen aupadagazā Bakiorako muga zeharkatu duen arte.Ā