Pauso txikiz, Korrika!
23. Korrika Busturialdera heltzeko ordu gutxi falta dira, baina, horren aurretik Korrika Txikiek girotu dituzte eskualdeko herrietako kaleak.
Orduak falta dira Korrika Busturialdera ailegatzeko: 20:29an sartuko da Ean. Bitartean, beroketa lanak egiten aritu dira eskualdeko herrietan, eta goizetik, Korrika Txikiak bihurtu dira protagonista kaleetan: Gernika-Lumon, Bermeon, Ean, Muxikan, Mundakan eta Busturian ttipi ttapa aritu dira hezkuntza zentroetako ikasleak.
Eskolan hasi eta amaitu dute ibilbidea Muxikako Urretxindorrakoek ere. Hasi aurretik, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek sortu duten mezua sartu dute lekukoan, eta, jarraian, eskolaren inguruetatik ibili dira arineketan. Zikloka txandakatuta mugitu dute lekukoa. Eskuz esku, irribarrez irribarre. Aldapetan gora eta behera, nekerik ez zaie nabaritu. Amaierako mezuan batzeko, eta euskarari bultzada emateko aldarria zabaldu dute: “Denon artean heldu gaitezke euskara maitatzera“.
Jarraian, berriz, dantzatzeko ordua heldu zaie. Korrikaren aurtengo kantagaz koreografia dantzatu dute, dotore egin ere, eta, haren ostean, aurreko urteetako Korrikaren abestiekin ere dantzatzeko aukera eduki dute.
Busturiko Jose Maria Uzelai Herri Ikastetxeko ikasle nahiz irakasleak ere Korrikara bildu dira. Altamira inguruan ibilbidea egin dute denek, aldarri eta irri artean; maila guztietako ikasleek parte hartu dute. Herritarrek ere lagun egin diete, hainbat izan baitira errepide ertzera edota leihoetara hurreratu diren busturiarrak.
Natxituko Haizeder eskolako ikasleek ere bat egin dute 23. Korrikagaz, Euskal Herri guztiak euskara erabiltzea sustatzeko asmoz. Eskolatik abiatu eta Natxituako kale eta errepideak igaro ditu Haizederrekoen lekukoak, eskurik esku, Haizeder ere, euskararen alde leloak lagunduta.
Eskolara bueltatzean, lekukoak ezkutua zeukan mezua irakurri dute ikasleek, eta euskara euren bizitzetan “oso garrantzitsua” dela aldarrikatu dute: “Euskarak bakarrak egiten gaitu munduan, eta harro egon behar gara, kultura eta hizkuntza propioa dauzkagulako”. Hori esan, eta euren aiton-amonez gogoratu dira, horiek ezin izan zutelako euskara ikasi: “Guk aukera hori daukagu, eta aprobetxatu egin behar dugu. Gora euskara eta gora Korrika”
Gernika-Lumon, Pasealekuan batu dira herriko bost ikasteetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleak. Barrutia Herri Ikastetxekoak izan dira ia 3 kilometroko ibilbidean zehar lekukoa eraman dute lehenak. “Tipi-tapa, tipi-tapa KORRIKA” eta “Gernika ere, euskaren alde” doinuak abestuz egin dituzte eguneko lehenengo metroak. Herriko gazteenez gain, guraso zein aitona-amonek ere hartu dituzte herriko kaleak.
Barrutikoek eskuetatik Seber Altubekoenetara pasa da lekukoa. “Azterketak Euskaraz” zioen kartelarekin batera egin dute beraien zatia eta tropela handitzen joan da metroak egin ahala. Allende-Salazarreko ikasleek hartu dute ondoren testigua, eta hauek ikasleen artean pasatu dute eskukoa. Denek izan nahi zuten eskukoa eta hartzearekin bat jarri dituzten barre aurpegiak gurasoen mugikorretatik ateratako argazkietan izoztuta geratu dira. Ondoren, Mertzedekoen eskuetatik pasa eta San Fidelekoak arduratu dira berriz ere tropela Pasealekura eramateaz. Ibilbidea bukatuta, talde argazkia atera eta Korrikako kartela, eskuz esku eta eskolaz eskola pasatu dute.Ā
Bermeon ere ez dira atzean geratu, eta herriko hezkunta zentro guztietako ikasleak kalera atera dira euskararen alde arineketan egitera. Artza frontoi parean hasi dute Korrika Txikia DBHko ikasleak etaĀ gainerako ikasleak, ikastetxeka antolatuta, ibilbidean zehar gehituz joan dira. Bermeoko Institutuaren, San Frantzisko Herri Ikastetxearen, Eleizalde Ikastolaren eta Sagrado Corazon Ikastetxearen ordezkarien eskuetatik pasatu da lekukoa, Lameran amaitu arte.
Lamerako kioskoan bertan euskaren aldeko mezua irakurri dute ikasleek, 23. Korrikaren leloari erreferentzia eginez: “Harro egoteko arrazoi asko dituelako herri honek: Euskal Herriak, euskararen herriak eta gure herriak”. Horrez gain Azterketak Euskaraz kolektiboaren lana ere goraipatu dute, “euskara edozein esparrutan erabiltzeko eskubidea izateko gogor lanean” diharduela gogoratuz.
Beste edozein herrik ez duen “altxor berezi bat” dugula aldarrikatu dute: “Berezi egiten gaituen altxor bat. Geure geurea bakarrik den altxor bat: Euskara”. Horrek “pozik eta harro” sentiarazi behar gaituela nabarmendu dute, aldi berean “ardura” bat ere badugula gogoratuz: “Milaka urtez gure arbasoek hain ondo zaindu duten altxor hori zaintzea orain geure ardura da. Horrela, gure atzetik datozenak ere milaka urte barru euskararen herriko biztanle izaten jararituko dute”. Euskara den altxorra zaintzeko sistemarik onena zein den ere azpimarratu gura izan dute irakurketan: “Erabiltzea, erabiltzea eta erabiltzea”. Euskara plazetara itzultzeko deialdia egin dute: “Ez dezagun gorde altxorra deitzen duguna bere kofrean. Atera dezagun, erabili, astindu, abestu eta dantzatu dezagun”.
Onintza Enbeitaren bertsoari aipamena eginez amaitu dute irakurketa: “Euskarak behar ditu urte, aste, egun, erdararen aldia amaitu dezagun”. Ostean, Divenire Dantza Eskolakoekin batera Korrikaren Harro Herri abestia dantzatu dute.
Gautegiz Arteagan, berriz, 17:00etarako jarri dute Korrika Txikirako hitzordua, plazan. Bakoitzak bere petoa eta lekukoa egingo ditu. Horrez gain, denek batera lasterketa txikirako pankartak egingo dituzte. 19:00etan abiatuko da Korrika Txikia plazatik bertatik eta behin ibilbidea bukatuta, txokolatadaz gozatuko dute arteagarrek.