Herri lanean eraikitako jaialdiak musikatuko ditu lau egunez Gernika-Lumoko lekuak
Badator Lekuek festibala, Gernika-Lumoko tokiak musikaz betetzeko gogoz. Ohi baino laburragoa izango da jaialdia aurten, lau egunekoa, baina hamaika ekintza prestatu dituzte horietarako, "udalerriko elkarte, eragile eta norbanakoekin elkarlanean".
Jaialdi handietatik bereiztuta, kontsumismoa sustatzen duten musika jaialdietatik kanpo, txikitasunaren eta elkarlanaren alde egin du, beste urte batez, Lekuek festibalak. Olatu handiak saihestu eta elkarlana hartu du oinarri beste behin, herri lanean egindako jaialdia antolatzeko. Eta eredu horretako jaialdien aldeko aldarria kaleratuko dute bihartik (martxoak 21) domekara bitartean. “Lekuek bezalako herri mugimendu batek beso luze asko dauzka, partaide asko ditu, eta beti saiatzen gara jendea harrapatzen, gurera erakartzen”, azaldu dute jaialdiaren antolatzaileek.
Hori dela eta, hamaika ekintza prestatu dituzte hurrengo egunetarako, udalerriko elkarte, eragile eta norbanakoen laguntzagaz. Izan ere, zaletasunetik abiatzen da Lekuek, behetik gorakoa da, era parte hartzailean landutakoa eta irekia: musikari eta musikazaleen bultzadari esker urtez urte egiten dutena. Astra, Iparragirre, Kult Parnasoa eta Lizeo Antzokia dira ohiko lekuak, baina horietatik kanpo ere, tabernetan zein kalean, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Hala ere, inoiz baino laburragoa izango da aurtengo 11. edizioa: lau egunekoa. “Aldaketa garrantzitsuenetakoa da formatua denboran murriztearen erabakia hartu izana. Ohiko jaialdiak 10 egun irauten zituen, baina lau egunera murriztea erabaki dugu, antolatzaileon energia kontsumoagatik gehienbat”, azaldu dute antolatzaileek.
Formatu aldetik laburragoa izango da, baina edukiak ia-ia bere horretan jarraituko du; izan ere, hamaika dira zuzeneko musikaz gain, prestatu dituzten ekintzak. “Gure egitarauaren %90 zuzeneko musika edo zuzeneko musikagaz zerikusia duten ekitaldiak izaten dira; hala ere, kontzertuez gain, beti dago lekua musika ardatz hartuta, beste kultur formatu edo artea eskaintzeko”, azpimarratu dute. Hala, liburu aurkezpenak, dokumentalen emanaldi eta solasaldiak edota Swing kalejira prestatu dituzte. Neguetxeko instalazioetako Drag ikuskizuna ere nabarmendu dute: Divina Comedia eta Albina Stardust ariko dira.
Baina, zuzeneko musikak du protagonismoa Lekuek jaialdian, eta hala izango da aurtengoan ere. “Antolatzen hasi ginela, zerbait lasaiagoa antolatu gura genuen, 11 edizio direlako prestatutakoak. Hala ere, konturatzerako, aurreko urteetako Lekueken besteko kontzertu antolatu ditugu: Iparragirren, Lizeon, Astran, kalean, tabernetan… Denetarik dago”, ziurtatu dute antolatzaileek.
Hori dela eta, adin eta gustu guztientzako jaialdia eraiki dute, hori delako Lekueken helburuetako bat. Ze, antolatzaileen berbetan, Lekuek udalerriko leku ezberdinak batzeko aitzakia da, espazio bakoitzak izan dezakeen musika identitateaz harago joan eta horiek nahasteko aukera. Hala, saiatu dira estilo ezberdinak biltzen, orain arte jaialdian egon ez diren musikari tokia egiten: “Antolatzen hasi ginenetik horrenbeste urte pasatuta, belaunaldi aldaketa bat igarri dugu, publikoaren aldetik gehienbat. Konturatu gara gazteek beste musika mota bat entzuteaz aparte, musika kontsumitzeko beste era bat badaukatela, eta horretara egokitzen saiatu gara, perfil ezberdinetako gustuak jasotzen”.
Kaleak ere presentzia nabarmena izango du aurtengo jaialdian, lehenengo egunetik gainera: izan ere, txupina Merkuriotik jaurtiko dute, eta Segundo Olatea Musika Eskolako Banda Sinfonikoak ere bertan eskainiko du lehen emanaldia. Eskolako musika talderik handiena da Banda Sinfonikoa, haize, soka eta perkusiozko instrumentuak jotzen dituzten 40 musikarik osatzen dutena. Ibilbide luzea daroate oholtzan, eta errepertorio klasikoez gain, rock eta musika modernoaren zabalkunde lana ere egin dute azken urteetan. Izan ere, soinu sinfonikoa gitarra, baxu elektrikoekin eta abeslariekin uztartzen dute, tinbre “borobila” lortuz. Emanaldi horrez gain, Kantagunekoak, batukadakoak… ere kaleetatik ibiliko dira. “Tabernek egingo dituzten kontzertu batzuk ere, eguraldiaren arabera, kalean egingo dituzte, domekako arte eta musika azokaz gain”, adierazi dute.
Azken ukituak fintzen ari dira antolatzaileak, azken lanak amaitzen: “Gogoa daukagu txupina bota eta kontzertuak entzuten hasteko”. Eta, emanaldien erantzuna “ona” izatea aurreikusi dute, izan ere, duela bi astetik dituzte bono guztiak salduta, eta kontzertu askotako aurresalmentako sarrerak ere bai: “Jaialdia laburtzea erabakita, beldurra genukan erabaki horrek bonoen salmentan eragina izango ote zuen edo ez jakiteko, baina ez du ondoriorik izan. Bono guztiak saldu eta kontzertu askotako aurresalmentarako gordeta genituen sarrera guztiak salduta daude: Anari, Lisabo, Aurora Beltran… Egia esan oso pozik gaude eta eskertzekoa da jendeak izan duen erantzunaz. Horrek asko laguntzen digu lasaiago lo egiten”.