2024ko udal aurrekontuetarako "adostasunerako proposamena" aurkeztu du EH Bilduk
Aurrekontu proposamena "erreala, herrian jasotako eskaerei erantzuten diena eta herriko baliabideekin aurrera eraman" daitekeena da, eta koalizio abertzaleak Guztiontzako Herriari eta EAJri helarazi dio.
277 egun pasatu dira 2023ko ekainaren 17tik, hau da, Jose Mari Gorroñok Gernika-Lumoko alkate makila hartu zuenetik, eta Gernika-Lumoko EH Bilduk adierazi duenez, EAJren eta Guztiontzako Herriaren arteko akordioak utzitako “behin-behinekotasun egoerak berdin” jarraitzen du. Ez aurrera ez atzera egotea, “herriarentzat ez dela ona” salatu dute.
2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan bozka gehien -2.844 boza- lortu ostean, udalari “egonkortasuna” emateko egindako saiakerek emaitzarik izan ez dutela azpimarratu dute. “EAJren interesak marra gorri” bat direla uste dute , eta horrek aldaketarako “ate guztiak ixten” dituela. Buli Bilbaok, Gernika-Lumoko EH Bilduko buruak, gaitzetsi duenez, EH Bilduk gobernatu ez dezan “edozer egiteko prest” daude.
Buli Bilbao: “Herriaren paralisia luzatzen duen itxurazko inkomunikazio horrekin batera, EAJ-PNVk bestelako tratuak egiten segitzen du, Gorroñori publikoki babesa ematen, EH Bildu agintetik baztertzearen truke”.
Denbora tarte horretan, Gernikako EAJ-PNVren ordezkariek Gorroñorekin “harremanak guztiz apurtuta” daudela errepikatu izan dute, eta azkenengo osoko bilkuretan entzudako “deskalifikazio gogorrak” dira horren adibide. “Herriaren paralisia luzatzen duen itxurazko inkomunikazio horrekin batera, EAJ-PNVk bestelako tratuak egiten segitzen du, Gorroñori publikoki babesa ematen, EH Bildu agintetik baztertzearen truke, bai Gernika-Lumoko Udalean eta bai Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, eskualdeko gainontzeko indar politikoei bizkarra emanez”, adierazi du Bilbaok.
Udal aurrekontuak.
Alderdien arteko tirabiren eraginez, Gernika-Lumoko “udalean blokeo bat” dagoela gaineratu du, eta egoerak horrela jarraitu bitartean, “ezinezkoa izango dela aurrerapausoak ematea”. Laster adostu beharrekoen artean dago udal aurrekontua. Momentuz, ezinezkoa ikusten dute akordiora heltzea, eta uste dute aurrekonturik gabe “ez dagoela herri proiekturik”.
Legeak agintzen duen bezala, udal gobernuak 2024ko aurrekontua onartzeko barne prozesua abiatu du, eta EH Bildukoek, “zerrenda bozkatuena izatearen erantzukizunetik”, 2024ko aurrekontuen egitasmo osoa prestatu dute; “adostasunerako proposamen” bat prestatu dute. EH Bildurentzako aurrekontu “idealak izan ez arren”, koalizioko zinegotzien iritziz, udalean dauden hiru alderdi politikoek “onartzeko moduko gutxienekoak” biltzen ditu. Guztiontzako Herriaren eta EAJren ordezkariekin partekatu dute hasierako proposamena, eta bi taldeekin hitz egiteko prest daude.
Herritarrak prozesuaren jakinaren gainean egon daitezen, EH Bilduk bere egitasmoa publiko egin nahi izan du, neurri aipagarrienak komentatuz. Aurkezpenean zabaldutako aurrekontu proposamena “erreala, herrian jasotako eskaerei erantzuten diena eta herriko baliabideekin aurrera eraman” daitekeena dela diote. Guztiontzako Herriari eta EAJri bidalitako proposamenen zerrenda eta informazioa duen link-a eta QR-a prestatu dituzte.
Kirola eta kultura.
Gastu ekonomikoari dagokionez, guztiontzako kultura eta kirola bultzatzeko diru partida da aurkeztutako proposamenen artean “garrantzitsuena”. Kirol patronatuari zein kultur etxeari egiten zaizkien ekarpenak %10a igotzea proposatzen du EH Bilduk. Tartean daude, kirol taldeentzako diru laguntzak sustatzea, Gernika-Lumoko kirol eta kultura plan estrategikoa diseinatzea eta Astrako 2. solairua egokitzea. Horrez gain, 70.000 euro bideratu nahi dituzte hauteskunde kanpainan aurkeztu zuten Behekoibarrako ikasgelen proiekturako.
Gernika-lumotarrak zaintzen jarraitzea “ezinbesteko baldintzatzat” dute. Hori dela eta, larrialdietako diru saila erreserbatu nahi dute, eta hori bideratu nahi dute, besteak beste, “etxebizitza politika justuagoa” lortzeko helburuz, tentsio-guneak izendatzeko azterketa egiteko, hirugarren adinekoentzako ekintzen programa bat sortzeko eta etorkinentzako euskara eskola-errefortzuak eskaintzeko.
Buli Bilbao: “Katalagoa bonbardaketatik edo 36ko gerra ostetik zutik iraun duten eraikinekin eta elementuekin osatuko da, eta horiek babestea dauka helburutzat”.
Bestalde, Gernika-Lumo memoria duen herria dela gogoratu dute. Hori dela eta, Gernika Memoria Ikerketa beka sortzea proposatu dute. Horrez gain, ondare arkitektonikoaren katalogoa prestatzeko asmoa agertu dute: “Katalagoa bonbardaketatik edo 36ko gerra ostetik zutik iraun duten eraikinekin eta elementuekin osatuko da, eta horiek babestea dauka helburutzat”.
Herritarren bizi kalitatea hobetzeko, Gernika-Lumo “bizitzeko herri” bat izatea gura dute, eta, horretarako, besteak beste, “ikasteetxeetako inguruak lasaitzeko” hobekuntzak egitea eta txakurrak libre ibiltzeko guneak atontzea proposatu dute.