Itzarrik amestu nahi dute
Barikuan ekingo dio Erreginaren Kopari Lointek Gernika Bizkaiak. Perfumerias Avenida izango du aurrez aurre, eta irabazteko aukerak dituztela uste dute jokalari zein prestatzaileek. Marea granatea ere presente izango da; 100 lagun inguru joango dira Huelva aldera.
Ilusioen astea da. Amets egiteko astea. Ez dira gutxi izango azkenengo gauetan Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak Erregina Kopa altxatzen imajinatu dituztenak. Jokalariak barne. “Gogoz, ilusioz eta irabazteko gosez” lepo joango den autobusean abiatuko dute abentura bihar [martxoak 20] gauean granate kolorekoek. Eguenean [martxoak 21] iritsiko dira Huelvara, eta espero dute domekara [martxoak 24] arte bertan geratzea, dena ezin hobeto joan den seinale. Baina ez da lan erraza izango. Izan ere, barikuan [martxoak 22] Erreginaren Kopa irabazteko faborito nagusia, Perfumerias Avenida, izango dute aurrez-aurre. Amestea, baina, libre da, eta amestu egin behar da.
12 ordu pasatxoko bidaia izango da gernika-lumotarren lehen aurkari nagusia. Gauez bidaiatzea erabaki dute, horrela orduak “azkarrago” pasatzen direlako. Eguen goizean helduko dira eta, gorputzari buelta eman ostean, entrenatu egingo dute. Emozio askoko astea izan arren, garrantzitsuena, azken finean, kantxan gertatuko dena da. Jokalariak, beti gertatzen den bezala, ez dira bakarrik egongo. Huelva eta Gernika-Lumo artean 964 kilometro egon arren, 100 lagun inguruk osatuko dute marea granatea.
Lucas Fernandez: “Malosten irabazi genuen partida hartatik hona dena aldatu da. Avenidak bere prestakuntza Erregina Kopara bideratzen du. Guk, ordea, asteburutik asteburura prestatzen ditugu helburuak”
Garaipena posible da.
Perfumerias Avenida da Emakumezkoen Endesa Ligako liderra. 21 partida irabazi ditu eta lau porrot baino ez ditu jaso, horietako bat Malosten. Lucas Fernandez Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzailearen ustez, baina, partida hori ezin daiteke erreferentziatzat hartu. “Malosten irabazi genuen partida hartatik hona dena aldatu da. Avenidak bere prestakuntza Erregina Kopara bideratzen du. Guk, ordea, asteburutik asteburura prestatzen ditugu helburuak. Egun hartan bi taldeok kantxaratu genituen jokalarietatik gaur egun ditugunetara aldaketa nabarmenak daude. Emaitza erreferentzia ez den arren, partidari aurre egiteko, jarrera hura errepikatu behar dugu. Ez dugu zalantzarik izan behar, ez diogu markagailuari begiratu behar, eta posesioz posesio jokatu behar dugu”, adierazi du Fernandezek
Itziar Ariztimuño eta Marta Alberdi jokalariek, ordea, partida hark garaipenean sinesteko balio dietela uste dute. Alberdiren esanetan, presioa Avenidak dauka. Talde handiek aurrera egiteko beharra sentitzen dutela uste du, eta egoera hori baliatzen jakin beharko dutela azpimarratu du jokalari gernika-lumotarrak. Ligan egindako lan ona islatzeko aukeratzat du Erregina Kopa eta “historia egiten jarraitzeko aukera” dela nabarmendu du.
Garaipenerako bidea.
Lucas Fernandezen lantaldeak aurkariaren inguruko analisi sakona egin du. Lan hori jokalariei helarazi diote, eta oso argi geratu zaie zein den garaipena lortzeko jarraitu beharreko bidea. Gaurko [martxoak 19] Media Day delakoan, mikrofonoen aurrean argitu dute partidari nola egingo dioten aurre: “Partidu distiratsua egin behar dugu. Lan perfektu batekin baino ezin zaio irabazi Avenidari. Goi mailako jokalariz betetako taldea da: kanpo lerroan Rodriguez, Vilaró eta Dominguez bezalako jokalariak izateaz gain, barrualdean ere maila handiko kideak dituzte. Horrelako taldeak garaitzeko, 70 puntutik behera utzi behar zaie markagailua. Defentsan sendo mantendu behar gara”.
Fernandezen ustez, gakoa kontzentrazioa mantentzea izango da. 40 minutuz partiduan sartuta egotea lortzen badute, garaipena eskuratzeko aukerak izan ditzaketela uste du. Momentu txarrak “ahalik eta laburrenak izatea” eta onak “denboran luzatzea” izango da taldearen erronka nagusia.
Orain arte egindako lana islatzeko aukera paregabea da Erregina Kopa. Lointek Gernika Bizkaia ez da ari ametsetako bigarren itzulia osatzen, eta taldea “irregular xamarra” izaten ari dela uste dute bai Alberdik zein Ariztimuñok. Kopan, baina, dena aldatzen dela uste dute. Kanporaketak partida batera izanda, denontzako aukerak daudela sinesten dute eta sorpresa emateko gogoz daude. Dena ondo bidean, hiru egunetan hiru partida jokatuko dituzte. Egoera fisikoaren inguruan, ez dute dudarik. Txapelketa horrek sortzen dien ilusioak kantsakizunarekin ahalko duela uste dute. Prestatzaileek egindako lanean konfiantza sutsua erakutsi dute.
Gerardo Candina: “Espainiako Saskibaloi Federazioak ez du hautaketa egokiena egin. Txapelketa jokatuko dugun guztiak gara penintsula erditik gorakoak, eta beste puntara arte bidaiatu beharko dugu”
Baldintza desberdinak.
Txapelketa ederra den arren, ez da guztiz justua izango. Izan ere, denek ez dute baldintza berean parte hartuko; txapelketa jokatuko duten zortzi taldeetatik lauk eguenean hasiko dute, eta beste laurek barikuan. Zozketak hala erabaki zuen, eta ez dute horretan sartu nahi izan ez jokalariek, ez prestatzaileek. Alberdiren ustez, taldea maila fisiko onean dago eta gai ikusten du hiru egunetan hiru partidu jokatzeko.
Egutegia onena ez, eta kokapena ere ez zaio gustatu Gerardo Candina klubeko presidenteari: “Espainiako Saskibaloi Federazioak ez du hautaketa egokiena egin. Txapelketa jokatuko dugun guztiak gara penintsula erditik gorakoak, eta beste puntara arte bidaiatu beharko dugu. Eskerrak gure afizioak inoiz failatzen ez duela eta 100 bat lagun izango direla bertan, taldea animatzen. Uste genuena baino nahikotxo gehiago da”, adierazi du. Gernika-lumotarrek ohitura bihurtu dute Erregina Koparako kamiseta berria aurkeztea. Oraingo honetan, beltz kolorekoa izango da, eta babesle guztiei gustatu zaiela azaldu du Candinak.