Olatz Arrizabalagak eta Itxaso Erasunek MLK Binakako Txapelketa irabazi dute
Gernika-lumotarrak eta zizurkildarrak 22-16 irabazi diete Madalen Etxegarai oñatiarrari eta Enara Gaminde laukiztarrari. Arrizabalagak bere ibilbideko bosgarren txapela poltsikoratu du.
Kalitatearen eta sakrifizioaren arteko bidegurutzea. Grinak eta lanak bat egiten duten plaza. Eta, tartean, binakako lehiako txapela. Olatz Arrizabalagaren garrak eta Itxaso Erasunen ekinak Master Laboral Kutxako Binakako Txapelketa irabaztera eroan ditu gernika-lumotarra eta zizurkildarra. Madalen Etxegarai oñatiarra eta Enara Gaminde laukiztarra 22-16ko markagailuagaz menperatu zituzten domekan [martxoak 17], Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Arrizabalaga izan zen partiduko mugarria; ez da kasualitatea txapelketako jokalaririk onenaren saria jaso izana. Bere bikotekide Erasunen parte hartzea ere aipagarria izan zen: aurkarien erasoaldiei eutsi behar izan zien, Arrizabalagak baino berrogei pilotakada gehiago eginez.
Finalak gidoi finkoak eduki zituen lehen segundoetatik: Etxegaraik eta Gamindek Arrizabalaga bere bosgarren txapeletik aldenduarazi gura zuten, hura jokotik ahalik eta gehien ateraz. Horretarako, pilotakadak atzealdeko koadroetara kargatu zituzten. Erasunek, baina, sendotasun handiz erantzun zien eraso guztiei. Zizurkigoa ez da jotzaile petoa, baina finalean eraginkortasun handia bistaratu zuen. Arerioen estrategiaren aurrean, gernika-lumotarrak partiduari erritmoa, kadentzia eta bizitasuna eman zizkion; iritsi zitzaizkion jokaldi urriak aprobetxatzea zen Arrizabalagak jokatu beharreko karta.
1-2 eta 2-3 galtzen hasi ostean, Arrizabalaga-Erasun bikote gorria lehenengoz aurretik ipini zen markagailuan: 5-4. Erremateetan ez ezik, sakeetan ere min egitea bilatu zuen aurrelariak, jokaldiak luzatzerakoan Erasunek nekea jasaten baitzuen eta Etxegarai nahiz Gaminderen pilotakada bonbardaketa bortitzagoa baitzen. Hori bai, urdinek ez zuten beren larrua merke saldu, eta 5-6 aurreratu ziren. Markagailuak 11-10ekoa erakusten zuenean iritsi zen Arrizabalagaren ordua: partiduko gidaritza erreklamatu zuen, baita lortu ere; eskumakadaz eginiko horma biko eder bategaz, ikusleak harmailetatik zutundu zituen gernika-lumotarrak. Urdinen planteamendua, dena dela, ez zen aldatu: Erasuni presioa egitea, pilotak atzera kargatzea eta jokoa ahalik eta fisikoena izan zedin bilatzea. Estrategia hori probestuta, gorriek ezin izan zuten markagailuan alde azpimarragarriegirik urratu.
18-15ekoa ere gogoangarria izan zen. Hil ala bizikoa. Arrizabalagak txokora jaitsi zuen pilota, baina Etxegaraik aldaratze aparta egin zuen. Etxegaraik ez zuen asmatu Arrizabalagaren sake bati erantzuna ematerakoan, eta bikote gorriko aurrelariak ez zuen barkatu txokoan. Erasunek ere tanto aparta egin zuen jarraian. Txapela geroz eta hurrago zeukaten. Zizurkildarrak, baina, urduritasuna erakutsi zuen azken txanpan, eta zenbait jokalditan hutsak egin zituen. Edozelan ere, zortedun izan zen, Etxegaraik ere ez baitzuen asmatu Erasun itotzeko saiakeran. Gaminde deseroso aritu zen kantxan, eta hark egindako hutsegite bigaz amaitu zen binakakoko finala: 22-16.
Olatz Arrizabalaga: “Erasunen jokoa ere nabarmendu nahi dut, pisurik handiena beregain erori baita finalean, eta bikain erantzun baitu”
Espezialistarik onena.
2017an eta 2018an Leire Etxanizegaz, 2022an Gamindegaz eta 2023an Uxue Osesegaz gailendu ostean, Arrizabalagak esku pilotaren historia idazten segitzen du, bosgarren txapela buruan duela. Ez dago bera baino espezialista trebeagoa denik, behintzat, modalitate horretan. Txapela irabaztearren “oso pozik” agertu da, “partidu gaitza” izan baitzen: “Partidua planteatzeko modua nabarmendu gura nuke; oso serio eta kontzentratuta jokatu dugu uneoro. Zentzu horretan, Erasunen jokoa ere nabarmendu nahi dut, pisurik handiena beregain erori baita finalean, eta bikain erantzun baitu”.
“Txapelketagaz oso gustura geratu naiz; pilota gutxi edukita, burua erabiltzen eta izandako aukerak zukutzen ikasi dut”
Garaipena azken hilabeteotan egindako “behar gogorraren ordainsaria” dela adierazi du aurrelariak. “Asko dira landu ditudan alderdiak: entrenamendua, alde mentala, elikadura, eskuak jagotea, eta abar luze bat. Lorpen hau horren guztiorren fruitua da. Txapelketagaz oso gustura geratu naiz; pilota gutxi edukita, burua erabiltzen eta izandako aukerak zukutzen ikasi dut”, argitu du. Aurrerantzean, federazioen arteko GRABNI txapelketan ipiniko ditu indarrak Arrizabalagak; apirilean, ostera, elite mailako lau t’erdiko Euskadiko Txapelketan ariko da.