LiliBertsoko LauBuru taldeak irabazi du Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketako lehen saioa
Llilibertsoko Aitor Etxebarriazarragak, Mikel Retolazak eta Asier Galarzak irabazi dute txapelketako lehen saioa; Arrigorriagako finalaurrekora sailkatu dira. Barreak, janaria eta edaria izan dira lagun arteko giroan ospatu den lehen saioko protagonista nagusiak.
Gernika-Lumoko Udaletxeko kanpaiek iluntzeko zortzirak iragartzen zuten bitartean, Harizpe Txokoan atzo [martxoak 15] kantatu behar zuten sei bertsolariek pernilaren,txorizoaren, fruitu lehorren eta patata arrautzopilaren inguruan jarduten zuten. Zortzirak puntuan hasi behar zuen Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketako lehen kamporaketak, baina hori da hain zuzen ere txapelketa horren esentzia: eskualde desberdinetako bertsolari eta bertsozaleak bazkari eta edari artean une goxo batean batzea. Busturialdeko LauBuru eta Durangaldeko Laukijjek taldeek eman diote hasiera taldekako hirugarren edizioari. Gernikarren ordezkariak izan dira Aitor Etxebarriazarraga, Mikel Retolaza eta Asier Galarza, eta durangarrenak Igor Galarza, Ander Elorriaga eta Bittor Salterain. Ordu eta erdiko saio barregarri baten ostean, LauBuru taldeak lortu du Arrigorriagan ospatuko den finalaurrekorako txartela.
Bertsolaritzaren tradizioari jarraituz, hasierako agurrarekin ekin diote saioari bi taldeek. Gernikarrek, etxean kantatuta, saioa ederra egiteko asmoa erakutsi dute: “Arratsaldeon jan da pernil ta/ zenbait tortilla gogortu/ eskerrak behintzat boteilinokaz/ dogun barrua berotu/ jolaserako gogotsu gatoz/ doinu eta berba joku/ nahiz ta eztogun durangarrekaz/ beef barri bat gura sortu/ zuek ein saio lauki bat eta/ borobila gure kontu”.
Saio puntuagarriari ekiteko, zortziko handian kantatu dute Retolazak eta Salterainek; gaia hurrengoa izan da: “Gurasoak zarete. Umea txarto jarri da eta larrialdietara joan zarete. Bertan, ez duzue ez pediatararik ez inongo medikurik aurkitu. Beraien ordez erizain bat agertu da. Galdeketa bat bete ostean, esan dizute umeak ezer larririk ez duela, eta etxera lasai bueltatzeko. Zuok ez zarete lasai gelditu”, bota du gai-jartzaileak. Bertsolari bikoteak Osakidetzak bizi duen egoera larria kritikatu, eta inpotentzia eta amorrua sentitzen dutela azaldu dute.
Egoera serioetatik lehen barreak jasotzera pasa da Harizpe Txokoa. Aitor Etxebarriazarragak eragin ditu iluntzeko lehenak, jarri dizkioten lau oinekin bertso ederra botaz. “Bakea, atea, jo ta kea eta alkatea” izan dira oinak eta modalitate horretan duen trebetasuna plazaratuz, Gernikako udal hauteskundeetako egoeraren inguruko bertsoa bota du. Horrela bukatu du: “sekula ez da joango gure alkatea“.
Galarza arduratu da durangarren oinetaz, honakoak lotuz: edan, hegan, eran eta zer dan. “Sarri esaten deuztie/ Igor eizu hegan/ propiedadedun baso/ batetik behin edan/ eta jartzerakoan mozoluen eran/ orduen dakit bai hegan/ egitea zer dan”.
Galarzak eta Elorriagak hamarreko txikian ekin diote eguneko egitekoari. Bikotea direla azaldu eta ohera sartzean Galarzak mugikorra hartu eta Elorriagari kasurik egiten ez diola zehaztu diete. Muxikarrak gauak Tiktokean pasatzen dituela leporatu dio durangarrak. Bikote elkarrizketaren ostean, Galarzak ondorioztatu du magia bukatu dela eta harremanak norabide argi bat hartu duela.
Kazetarien paperean.
“Albiste ona izan da. Sinistu ezinik zaude”. Gai horren inguruan, gehien jota hamarreko handian, hiru bertso bota ditu Galarzak eta bertsolari onen bezala, gutxik espero zuten gai batetik jo du. Hain zuzen ere, kazetari baten bizitza azaldu du. Lehenengo bertsoan, asko eta askori gertatu zaien egoera azaldu du: Kazetari sena sentitzen duen mutil bat da. Egia kontatzeko beharra dauka eta gurasoei azaldu die kazetaritza ikasi nahi duela; aita eta ama beldurtu egin dira. Kritikaz egurtuko diotela diote gurasoak, baina berak bere ametsa egi bihurtu nahi du: jolasa lana bihurtu nahi du. Bigarren eta hirugarren bertsoetan EITBko oposaketak egin eta horiek gaindituta, lana ziurtatu duela azaldu du. Txalo zaparrada eragin du gerturatutakoen artean.
Taldekako Txapelketako ildoei jarraituz, beste jolas bat proposatu du gai-jartzaileak: Retolazak ez daki nori emango dion boza apirilaren 21an; Laukijjek taldeko ordezkari bakoitza lehendakarigai bat da eta busturitarra konbentzitzen saiatu dira. Salterainek Guggenheim-a ez, baina Urdaibaien txalet bat oparituko diola aitortu dio; Retolazak “Pradales dator zoroalez” kantatu du eta onik opa ez diola azaldu dio. Elorriaga izan da bigarrena, eta LauBurukoaren Athleticeko sudadera aitzakitzat hartuta, Sevillako finalerakos sarrera bat oparituko diola iragarri dio; sarrera erakusteko erantzun dio. Galarzak Mikelo kantuaren zale dela jakinez, abesten duen saio bakoitzean koruak egingo dizkiola hitzeman dio; hori nahiko ez dela eta, “aditu Andueza/ fuera nire babesa“, argi erantzun dio.
Lauburuk hasierako agurrean aitortu duenez, ez zuten durangarrekin beef berririk gura. Desioak airean geratu dira antza. Izan ere, Potokumeak jokuan Durangoko paper-fabrika izan dute gaitzat, eta horrela jo du Galarza muxikarrak: Ixorretara heldu orduko/ eraikin bat nabarmena/ bistara okupatzen du/ ia mendi-lerro dena/ mankomunitateak dio/ ez dela inongo problema/ ke horiek botatzeko/ ba ote dute baimena?/ nahiz Durango inguru/ bat dena aberatsena/ bizitza jarri behar da/ jendearte honetan aurrena/ ibili izan naizenez/ herri horretan barrena/ eta hori ez da Durangok/ dekon gauzarik txarrena.
Joku berean, Gernikako Arbola iza dute gaitzat durangarrek. Elorriagak horrela bueltatu die triskantza:”Arbola ustela dago/ behar duzue aitortu/ durangarroi kiratsa be/ bakar-bakarrik iatorku/ bi mila urtean soilik/ hori duzuenez lortu/ begiak zabaltzea guri/ zuei oraintxe iagoku/ pagoa zein astigarra/ behar dugu gaur adostu/ beste bat jarriko baleu/ Gorriñok guztiok poztu/ hoba saio ostean hau/ denok badogu bai ostu/ ustela dagoenak ez/ du aizue zer moztu”. Gorroño eta Gorriñoren arteko nahasketak eragin ditu barre gehienak.
Jose Maria Aznar ere presente.
Saioak aurrera egin ahala, publikoa ere berotzen joan da. Salterainek eta Retolazak parte hartu duten Nor da nor? jokuan jo du sabaia saioak. Itxaro Borda idazle baioanarra igarri behar izan du durangarrak, eta han hasi da galderak aireratuz. Pertsona inportantea bada bizkaitarra izango dela ulertu du Salterainek, eta ezezkoa jaso ostean, ea Euskadin bizi den galdetu du. Retolazak terminologia horregaz kontuz izateko ohartarazi dio, barreak eraginez. Galdezka jaraitu eta busturiarrak espabilatzeko eskatu dio, “agian zaude lo” kantatuz. Barreak nagusi izan diren lau minuturen ostean, “zuk ez badozu esaten/ Itxaro Borda da”, bota du. Busturialdekoak egurra emanez hasi du bere txanda: “arinau egiteko/ dot itxaropena”. Esan eta egin. Bi minutu eta erditan asmatu du Aznarren deitura.
Etxebarriazarragak bota ditu, gehienez jota hamarreko txikian, hiru bertso. “Beti egon zara indarkeriaren aurka. Gaur, indarkeria erabiltzea pasa zaizu burutik”, izan da gaia. Gernikarra ikastola bateko irakaslearen paperean sartu da, eta hiru bertsoak bota ditu jarraian. Inoiz kasurik egiten ez dion ikasleak “kriston fogata” piztu eta belarriondoko bat emateko nahia duela azaldu du. Hamabira arte kontatu eta ez jotea erabaki du azkenean.
Ohi legez, bukaerako agurrean eta saioak eraman duen goranzko norabideari jarraipena emanez itxi dute saioa bertsolariek. Talde argazkia atera, eta pizza eta garagardo artean bukatu dute lagun arteko saioa bertsolariek zein gerturatutakoek.