Urdaibaik esperientzia ekoturistak aurkeztu ditu Espainiako Ekoturismo Elkartearen webgune berrian
'www.soyecoturista.com' webguneak Espainiako Estatuko ehun esperientzia ekoturistiko baino gehiago biltzen ditu; horien artean, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikita dauden Urdaibaiko turismo enpresek eskaintzen dituzten ostatuak eta jarduerak nabarmentzen dira.
Espainiako Ekoturismo Elkarteak www.soyecoturista.com webgune berria estreinatu zuen otsailaren amaieran, kontsumitzaileentzat Espainiako ekoturismo produktua sustatzeko, Soy Ecoturista markaren irudia berritzeko eta sendotzeko prozesuaren baitan. Weborri horretan, Urdaibai Biosfera Erreserbak presentzia nabarmena dauka helmuga ekoturista legez.
Urdaibai Biosfera Erreserba Zerbitzuaren eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen bitartez aurkeztu da Urdaibai ekimen digital horretara, Europako Next Generation funtsek finantzatutako proiektu pilotu modura. Hain zuzen ere, Urdaibaik –Soy Ecoturista plataformara atxikitako beste hamar ekoturismo-helmuga batzuekaz batera– Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitako Urdaibaiko turismo enpresek eskaintzen dituzten ostatuak eta jarduerak aurkeztu ditu. Ostatuetan, Hemingway Kanala, Iberreko-Errota, Astobieta, Urdaibai Km0, Hotel Gametxo, Hotel Apartamento Rural Atxurra eta Arrizurieta aurkeztu dituzte, eta jardueretan, berriz, Urdailife, Izkira Urdaibai, Visit Urdaibai, GenuineEuskadi, Bodega Berroja, Bodegaz Itsasmendi, Ekobideak, Ekoetxea Urdaibai, Hegaluze, Conservas Campos, Urdaibai Bird Center eta Madaixagane jatetxea.
“Freskoago eta intuitiboagoa” den irudi “oso zaindu eta erakargarria” dauka turismo webguneak, eta bertan eskaintzen da Urdaibairi buruzko informazioa. “Bidaia planifikatu daiteke haren izaeraz gozatzeko, dagozkion erreserbak egin daitezke aipatutako ostatuetan, jarduerak egin eta zerbitzuak zuzenean kontratatu tokiko enpresekin, komisiorik eta bitartekaririk gabe. Horrela, beste urrats bat ematen da benetako ekoturismoa bidaiariari hurbiltzeko”, azaldu dute arduradunek.
Urdaibaiko eskaintzaz gain, webgune berriak esperientzia zehatzak ditu, bederatzi autonomia erkidegotako Soy Ecoturistara atxikitako ekoturismoko hamar helmuga enblematikoko 150 produktu baino gehiagogaz. “Merkaturatze plataforma berri honek erreferente izan nahi du Espainiako Estatu espazio babestuetan benetako ekoturismoko esperientziak erreserbatzeko, bermeekin, eta, aldi berean, haien balio natural eta kultural bikainei eusten laguntzeko”, azaldu dute.
Urremendiko arduradunek gogoratu dute Urdaibaik ondare natural, ibilbide, ostatu, ondare historiko edo kultural, aisialdi edo gastronomia arloan eskaintzen dituen proposamen turistikoak webgune horretan ezagutarazteaz gain, FITUReko aurtengo edizioan bere posizionamendu berria aurkeztu zuela, “berezko dituen jasangarritasun-irizpideetan aurrera egiten duena eta turismo arduratsu eta kontzientea bilatuz, tokiko biztanleriaren garapenean eta bere herrietako espazio naturalen eta bizimoduen kontserbazioan lagunduko duena”. Posizionamendu berri horretatik jaio zen Bueltatuko zara kanpaina.
Ildo horretan, esan dute azpimarratzekoa dela Busturialdeko eskualdeak “eskualdea zaintzeko” duen konpromisoa eta inplikazioa. “Erantzukizuna partekatua da, Urdaibairen kontserbazioan aktiboki parte hartzen dute eta garapen-eredu orekatu bat babesten dute. Horren erakusle dira 2021etik Urdaibaiko 40 enpresa turistikoak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin (TJEG) bat egin dutenak”.