Uraren osasuna oinarri harturik
Ulysses izena du AZTIk, Elecnor Deimos enpresak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean sortutako proiektuak. Itsaso eta estuarioetako zaborraren kutsaduraren datuak biltzea du jomuga.
Ozeano, itsaso, estuario eta hezeguneak zaborrez betetzen ari dira. Ukatu ezinezko baieztapena da hori, tamalez. Mundu mailan denetariko ekosistemek badute aurkari bera, jazartzen eta mehatxatzen dituena: plastikozko hondakinak. Arazo horri konponbidea eman asmoz, asko dira mundu zientifikotik jaiotako ekimen edota egitasmoak; horietako puntakoenetako bat da Ulysses Data For Science. Proiektu hori 2020an jaio zen, plastikoak ozeanoetara heltzeak beregain dituen arazo eta ondorio kaltegarriak bistaratu, eta horiei guztiei erantzuna emateko.
Ulyssesen atzean AZTI institutua eta Elecnor Deimos enpresa aeroespaziala daude, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz batera. Aipatutako dataz geroztik elkarlanean aritu ondoren, Ulysses proiektuaren fase berria aurtengo martxoan abiatu dute. Datuak izango dira etapa berriaren ardatz nagusia. Hain zuzen ere, itsasoetan nahiz estuarioetan metatzen den kutsadura hurbiletik aztertuko dute; ekosistema horietako zaborrari buruzko datuak pilatuko ditu zientzia egitasmo aitzindari horrek.
Ikerketa horregaz, itsasoko zaborraren etorrerari eta bere banaketari buruzko ezagutza gehiago edukiko dute azterlariek. Ezagutza material hori oso baliagarria izango da, proiektuaren helburuen bilaketan: batetik, kutsadura areagotzea saihestea; bestetik, egun dagoen poluzio maila apaltzea eta arintzea.
Jorge Ballester (Data For Science Fundazioko zuzendaria):
“Ozeanoen babesa erantzukizun partekatua da,
gizartearen parte hartze zuzena eskatzen duena”
Ekimenaren sustatzaileetako baten ordezkariak, Data For Science Fundazioko zuzendari Jorge Ballesterrek, ozeanoak eta pareko eremuak jagoteko «ekintza eraginkorrak zein metodo baliagarriak» bilatzearen esangura azpimarratu du. Irabazi asmoko erakunde pribatu horren bidez gauzatuko da proiektua, datozen hiru urteetan.
Horrez gain, Ballesterrek nabarmendu du arlo pribatuaren eta publikoaren arteko hartu-emana bultzatzea ere «ezinbestekoa dela», helburuok lortzeko bidean. Hori dela eta, funtsezkotzat jo du Eusko Jaurlaritzagaz talde-lanean aritzea: «Langai hau kontzientziaziorako eta jarraipenerako katalizatzaile izan behar da. Berebizikoa da ahalik eta eragile gehien inplikatzea eta proiektua epe ertain nahiz luzera gizarte mailan integratzailea eta jasangarria izatea; ozeanoen babesa erantzukizun partekatua da, gizartearen parte hartze zuzena eskatzen duena».
1.000 gailutik gora, uretara
Proiektu zientifikoak 1.000 gailutik gora uretaratuko ditu Bizkaiko Golkoan, jomuga argiagaz: itsas zaborren monitorizazioa indartzea. Alde batetik, Nerbioi, Deba eta Zadorra ibaien ibilbideen tarteetan ur gaineko zaborra monitorizatzeko bideo kamerak erabiliko dituzte.
Bestalde, hiru ontzi mota ere baliatuko dituzte, jarraipena egite aldera: Ranger izenekoak sentsore aurreratuz hornituta egongo dira; Traveller deritzenak, ostera, GPSdun gailu modular txikiak izango dira, ibaietako nahiz itsasoko korronteen garraioa aztertzeko «benetan egokiak»; Wooden ontziak, aldiz, sentsore gabeko egurrezko itsasontzi txikiak izango dira, eta horiek erabiliko dituzte gehien.
Plataforma bidezko jarraipena ere proiektuaren giltzarrietako bat izango dela aurreratu dute bultzatzaileek. Izan ere, Ocean eta Littoral izeneko plataformek «esangura handia» edukiko dute: «Geurean aplikatu orduko, Meloa izeneko europar proiektuaren barruan garatu dira, horrek dakartzan berme denekin».
Proiektuak elkar eragingo duten bost arlo edukiko ditu. Ulysses Seak Bizkaiko Golkoko itsas plastikoaren deribazioak neurtuko ditu. Ulysses Riversek, aldiz, ibaien eta itsasoaren arteko plastiko fluxua aztertuko du, zaborra pilatzen den eremu kritikoak zeintzuk diren identifikatuz. Ulysses School eta Experience alorrak kontzientziazioagaz eta ingurumenarekiko konpromisoagaz lotuta egongo dira. Azkenik, Ulysses Circle deituradunak ekonomia zirkularraren inguruabarretan pilatuko ditu indarrak.
Azti institutua dago Ulysses proiektuaren alde teknologikoaren atzean. Hain zuzen ere, Ulysses oinarri hartuta, Aztik itsas alfabetizazioaren gizarteratzea bultzatzea bilatzen du. Itsas alfabetizazio terminoak honakoa islatzen du: zientzia ozeanikoak jardun ekonomikoa eta politika jasangarriak garatzeko daukan garrantzia eta eragin zuzena.
Proiektua elkar eragiten duten bost alde desberdinetan banatuta dago
Elecnor Deimos izeneko enpresari dagokionez, aipatutako «ontziteria» ikusi ahal izateko itsasoko gailuen kudeaketa eta satelite bidezko jarraipena eman dizkio proiektuari. Aztiko zuzendari nagusiak, Rogelio Pozok, azaldu du teknologiek «funtsezko zeregina» dutela itsasoko zaborra arintzeko eta eraginkortasunez kudeatzeko. «Adibidez, Ulysses Riversen, bideometriako sistema erabiliko dugu; kamera batek eta objektu flotagarriak detektatzeko algoritmo batek osatuko dute sistema, eta erreka bateko sekzio jakin batean dauden zaborrak ia denbora errealean monitorizatzeko aukera paregabea emango du».
Pozok argitu du metodo zientifikoa erabiliz datu zehatzagoak eta fidagarriagoak eskuratzea «gako» dela, analisi objektiboagoak egiteko bidean. «Eta analisiokin lortuko ditugu geure ekosistemak zaintzeko eta babesteko neurririk eraginkorrenak», gehitu du.
Politika jasangarrien hazi
Oinarri zientifikoari eta ikerketaren pisuari, baina, babes instituzionalaren zutabea gehitu behar zaio, gaia gizarteratzeko. Hori horrela, Ulyssesek duen azken helburua kutsaduraren eta zaborren aurkako tokian tokiko politikak hauspotzea da, erakundeei horretarako argibideak emanez eta zabor bilketa lanen optimizaziorako tresna adimendunak garatuz. Zentzu horretan, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko «lankidetza estua sustatu» behar dela azpimarratu dute egitasmo aitzindari horren bultzatzaile nagusiak direnek.