Unai Lekerikak Eñaut Urreistigaz jokatuko du Lekeitioko Masters txapelketa
Gaur [martxoak 15] aurkeztu dute, martxoaren 23an Erkiaga eta Manziren aurka jokatuko dute finalaurrekoa. Jon Bullet Zabalaren itzulera eta Eñaut Urreistirentzako aukera dira berritasun nagusiak.
Zesta-punta modan dago, hedatzen ari da, horren zabaldu berri duten Jai Alai Ligaren hedapena. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko Winter Seriesan ostean Lekeitioko Mastersa izango da lehen txapelketa puntuagarria. Lekeition ere zesta-punta goranzko bidean dagoelako. Gaurko [martxoak 15] aurkezpenean aurreratu dutenez, beste Masters bat antolatuko dute udan eta urtea amaitu aurretik beste jaialdi bat antolatzeko asmoa dute. Aste Santuko hitzordurako sarrerak dagoeneko salgai daude.
Martxoaren 23an jokatuko dira finalaurrekoak eta 28an final handia. Berritasunak izango dira nagusi Lekeition. Jon Bullet Zabalaren itzulera izango da, joan den udan lesio larria izan eta gero, Lekeitiokoa izango da bere lehen txapelketa ofiziala. Aurretik, berriz, entseguak egin ditu eta lagunartekoak jokatu ere bai, “gogotsu” dagoela aitortu du onenekin jokatzeko: “Erritmo aldetik nabarituko dut aldaketa, baina ez diot nire buruari presio gehiagi jarri nahi, sentsazioak berreskuratu nahi ditut eta pixkanaka lehengo martxa lortu udara begira, ea txapelen borrokan egoteko gai naizen”. Hala ere, markina-xemeindarrak esan du oraindik ez dagoela %100, bidean lesioaz aparte bestelako min fisikoak izan dituelako.
“Erritmo aldetik nabarituko dut aldaketa, baina ez diot nire buruari presio gehiagi jarri nahi, sentsazioak berreskuratu nahi ditut”
Egutegiak zabaldu izanak bestelako puntistentzako aukerak emango ditu, eta Lekeition ez da gutxiagorako izango. Eñaut Urreisti mutrikuarrak aukera “polita eta itzela” izango du profesionalen artean jokoatzeko “lan handia” egin eta gero: “Danian sekulako denboraldia egin dut eta hein batean horregatik eman didate aukera hau. Lekeitiokoa plaza ederra da eta Lekerikagaz bikote ona osatu dezakegu, joan den urtean batera jokatu genuen eta plazera da beragaz jokatzea. Helburu nagusia hasteko urduritasunak alde batera uztea izango da, baina kantxan sartzen garenean denok irabazi nahiko dugu”. Mikel Mancik ere aukera berri bat izango du Pro-Am txapelketa irabazi eta Winter Seriesean aritu ostean.
Iparraldeko puntisten presentzia ere nabaria izango da Lekeition. Durangoko banakakoan nagusitu ondoren, Zabalagaz bikote osatuko du Johanek. Bestetik, Ludovic Laduche eta Thibault Basquek ere bikote osatuko dute. Partida “gogorra eta entretenigarria” espero du markina-xemeindarrak: “Guztiak puntista fisikoak dira, nahiz eta ni oraindik erritmoagaz ez nagoen. Partida orekatua eta luzea izango da eta gehien irauten duenak irabaziko duela uste dut. Azkenean, beste finalaurrekoan ez bezala, ez dago izar handirik. Hutsik egiten ez dutenen artean Lekeitioko harrobitik ateratako Aritz Erkiaga edota Unai Lekerika gernika-lumotarra izango dira. Haiek biak izango dira izar nagusiak haien bikoteetan eta esperientzia ezarri beharko dutenak. “Erkiagak jokatzen duen bakoitzean faboritoa da, baina Lekerika eta biok ondo elkar ulertzen gara eta saiatuko gara arazoetan jartzen”, esan du Urreistik.
“Danian sekulako denboraldia egin dut eta hein batean horregatik eman didate aukera hau”
Errebantza. Emakumeetan ere goranzko joera nabarmena hartu du zesta-puntak. Hainbeste, antolatzaileek Durangoko Women Winter Serieseko errebantza antolatu nahi izan dutela hilaren 28rako Lekeition: Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabal Helena Barrenetxea eta Arai Lejardiren aurka. Ikuskizuna ziurtatuta egongo da Santi Brouard pilotalekuan. “Frontoi ona da, sarea gertu dagoenez errematatzaileentzako aproposa, bertan jokatzen dugun bakoitzean partida bizi eta ikusgarriak izaten dira”, azaldu dute. Era berean, Aste Santuko oporretan jokatuko dutenez eta Lekeitio oporraldietarako leku ezin hobea izaterakoan, sarrera “polita” espero dute antolatzaileek.
Egutegia:
- Martxoak 23, 19:00etan
- Johan-Zabala VS Laduche-Basque
- Erkiaga-Manci VS Urreisti-Lekerika
- Martxoak 28, 19:00etan
- Finala
- Women Winter Series Desafioa