Olatz Legarza: "Normaltzat hartu izan da emakumezko kirolariek hilerokorik ez izatea"
Olinpiar Jokoen urtea da 2024.urtea eta hori inork baino hobeto daki Basque Teameko koordinatzaileak. Horrelako lehiaketa baten aurrean egin beharreko kudeaketez zein kirola hartzen ari den norabideaz hausnartu du, besteak beste.
Zeintzuk dira Basque Teamen balioak? Zein da proiektuaren espiritua?
Gure kirolariei beraien ametsak lortzen laguntzea da Basque Teamen espiritua; euren ametsak lortzean, gureak ere egi bihurtzen dira. Europako eta Munduko Txapelketetan eta Olinpiar Jokoetan euskaldunak goiko kotetan ikustea da gauzarik handiena guretzat.
Zeintzuk zeregin dituzu koordinatzaile lanetan?
Labur-labur esanda, kirolarien ametsak betetzeko bidean, zerbitzuak kudeatzen ditut. Kirolari batek nazioarte-maila eskuratzen duenean, mundu berri bat irekitzen zaio: asko eta urrun bidaiatu behar du, beste era bateko prestakuntza behar du eta psikologoaren zein fisioaren presentzia ziurtatu behar zaizkio.
Zein da Basque Team Fundazioaren lan eremua?
Goi mailakoak, ez-profesionalak eta minoritarioak diren kiroletan murgiltzen gara. Kirolariei ibilbidean zehar zein amaieran izan ditzaketen zailtasunak gainditzen laguntzen diegu. Horrez gain, guretzat ezinbestekoa da gure kirolariak goi-mailan mantentzea eta emaitzak lortzea. Azken finean, hori baita gure helburuetako bat; garaipenak, dominak eta diplomak lortzea.
Kirolaz kanpo, beste esparru batzuetaz ere arduratzen al zarete?
Noski baietz. Argi dugu, ahal den heinean, gure kirolariek ikasten edota lan egiten jarraitu behar dutela. Gure ordezkariek lehiatzen dituzten kiroletan ez dira sari potoloak banatzen; etorkizunerako zerbait izan behar dute. Hori dela eta, Basque Teamek Laneratzea proiektua dauka abian. Enpresekin hitzarmenak sinatuta ditugu, eta hor izan dezakete irtenbide bat. Horrez gain, osasunarekin zerikusia duten zerbitzu bereziekin ere baditugu hitzarmenak.
Nolakoa da kirolarien zuenganatzeko prozesua?
Orain arte, goi mailako kirolariez hitz egin dugu. Baina, Basque Team kirolaria izateak ez du esan nahi goi mailan lehiatzen duzunik. Zerbaitegatik ezagunak bagara, bekak banatzen ditugulako da. Horiek eskuratzeko honako ezaugarriak bete behar dira: Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan erroldatuta egotea, euskal kirol lizentzia izatea eta kirol merituak izatea. Merituen kontuan, batez ere, Europako eta Munduko txapelketetako sailkapenak hartzen dira kontutan: europarretan, gutxigorabehera, lehenengo 12-16ren artean sailkatu behar dira, eta Mundukoetan lehenengo 30en artean.
Nola banatzen dira bekak? Denei ematen zaie diru kopuru bera?
Denei eskaintzen zaie kantitate berbera; domina lortu ala ez. 11.000 euroko laguntzak dira. Horrez gain, badaude beka berezi batzuk, eta kirolariek horiek eskatzen dituztenean, batzordean hartzen dugu erabakia. Adibidez, entrenamendu bloke bat osatzeko gastu handiak badituzte, eskatu egiten dute. Laguntza horiez gain, sariak banatzen ditugu: Europako eta Munduko txapelketetan edo Olinpiar Jokoetan domina lortzen badute, saria jasotzen dute.
Orain dela urte batzuk ia inork ez zuen kirola osasun mentalarekin lotzen. Orain, ia erakunde guztiek dute psikologo zerbitzua. Nolako eragina dauka buruak kirolean?
Arlo mentalarena oso pertsonala izaten da; kirolari batzuek, diren modukoak direlako, ezin hobeto kudeatzen dute lehiaketa, eta beste batzuek laguntza behar izaten dute. Hala ere, lehiaketa ondo kudeatzen dutenen artean beti izaten dira lantzeko beste arlo batzuk: eguneroko diziplina, esfortzua, agertu daitezkeen zailtasunak… Lehiaren kuadeaketa gaizkixeago daramatenekin, psikologoek ekintza planak eta estrategia bat diseinatzen dituzte, horrenbeste entrenatu duten lan hori lehiaketaren egunean erakutsi ahal izateko.
Hiruk lortzen dituzte dominak eta hamarrek diplomak. Nola kudeatzen dute frustrazioa gainontzekoek?
Askotan gertatzen da zaleok era batera ikusten dugula, eta kirolariek guztiz kontrara bizi dutela. Domina lortzea ez da denen helburua. Kirolari gehienek ezin hobeto ezagutzen dute euren burua, eta badakite noraino hel daitezkeen. Olinpiar Jokoen atarian oso gutxik esango dizute domina lortzera doazela.
Basque Teameko kirolarien zerrenda errepasatuta, emakumezko eta gizonezko kantitate ia berdina dago. Hori al da zuon balioetako bat?
Ezinbesteko baldintza da. Kopuru aldetik baino, baliabideak eskaintzerako orduan bilatzen dugu berdintasuna. Gaur egun arte, goi mailako errendimenduari dagokionez, ikerketa guztiak gizonezkoen parametroetan oinarrituta egin dira. Orain, gero eta argiago dugu gorputz desberdinak direla. BasqueTeametik hilerokoaren inguruko lan handia egiten gabiltza. Gure goi mailako emakumezko kirolarien artean ikertzen gabiltza. Bertan, erresistentzia eta indarra nola landu behar diren aztertzeaz gain, hilerokoaren prozesuak aztertzen ditugu; oso garrantzitsua da emakume batek bere gorputza ezagutu dezan. Entrenamenduen planifikazioan izugarrizko garrantzia dauka hilerokoak.
Zeintzuk ondorio atera dituzue momentuz?
Kirol froga batzuetan emakumeek gorputza muturrera eramaten dute; normaltzat hartu izan da emakumezko kirolariek hilerokorik ez izatea. Errealitatea, baina, guztiz kontrakoa da: hilerokoa ez izatea ez da batere osasuntsua. Orain arte, normaltzat hartzen zenez, ez dugu jakin nola tratatu daitekeen; gutxinaka-gutxinaka pentsaera hori aldatzen goaz. Hilerokoa ez izateak etorkizunean ondorio larriak eragiten ditu. Horren aurrean, osasuna zaindu eta goi-mailako errendimendua mantentzeko metodoen bila jarraitzen dugu.
Kirol guztiek, baina, ez dituzte gizonezko eta emakumezko ordezkari berdinak.
Neguko kiroletan, esaterako, ez daukagu emakumezkorik. Horrekin bukatzeko, ekintza bereziak jartzen ditugu martxan. Esaterako, lehen azaldu ditudan irizpideak –txapelketetan lortutako emaitzak– ez dira kontutan hartzen. Kirola, berez, matxista da; egitura gizonezkoena da, eta horrekin bukatu nahi dugu.
Amatasunaren kontua da gutxinaka-gutxinaka kirolean normalizatzen joan den gaietako bat. Nola kudeatzen dituzue haurdunaldi kasuak?
Diru-laguntzak banatzeko orduan kontuan dugun faktore bat da. Noski, haurdun dagoen emakume bati ez dizkiogu kirol emaitzak kontuan hartzen; ama izan bada, beka mantentzen diogu. Egia da azkenaldian gai horrekiko sentsibilitate handiagoa dagoela. Adibide batekin azalduko dut. Naiara Gomez gure piraguista ohia birritan izan zen ama. Lehenengo haurdunaldian medikuek ez zioten kirolik egiten utzi, eta, ondorioz, ez zuen bere kirol maila mantentzeko aukerarik izan. Bigarren haurdunaldian, espezialista baten eskuetan jarri zen, eta ama izan ostean lortu zituen bere ibilbideko emaitzarik onenak. Informazioa eta baliabideak izatean dago sekretua. Hala ere, haurdunaldiak kasuan kasu aztertu behar dira; haurdunaldi denak ez dira berdinak.
Kirolari batek Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi badu, olinpiar-batzordearen besopean egin behar du. Hau da, ezin dute Basque Teamen izenpean lehiatu. Nolako harremana duzue espainiar komitearekin?
Politikoki zuzena da. Tirabira batzuk baditugu, eta kontu handiarekin eman behar ditugu pauso guztiak. Gure kirolariei beti esaten diegu lasai egoteko; guk ez ditugu arazoak jarriko, eta beti egingo dugu gure kirolarien alde, beraiek baitira gure lehentasuna.
Osasuntsu al dago euskal kirola?
Olinpiar-kirolari dagokionez, momentu honetan trantsizio batean gaudela esango nuke. Kirol berrietan sartu gara, hala nola, skatean eta surfean, eta horietan poztasun handiak izan ditzakegu. Kirol tradizionaletan ere goiko kotetan jarraitzen dugun arren, era berrietara moldatzea tokatzen zaigu. Denbora berriak ditugu aurrez aurre eta erreleborako prest egon behar dugu. Belaunaldi aldaketa baten aurrean gaudenez, gure prestatzaileek horretarako prest egon behar dute: teknologia berrietara egokitzeko eta goi-mailako planifikazioak egiteko gaitasuna izan behar dute. Galderari erantzunez, euskal kirola osasuntsu dagoela uste dut.
Azkenengo Olinpiar Jokoetan lortutako dominak kontutan izanda, ba al dago Parisen marka hobetzerik?
Antzeko zifretan ibiliko garela pentsatzen dut. 2020an lortutako gehienak mantenduko ditugula uste dut; hori da gure helburua. Berriak ere lortuko ditugulakoan nago. Ez naiz izenak ematera ausartzen, kirolariak ez presionatzeko.
Parisen izango diren kirolarien artean, Bermeoko Naia Laso dago. Nola bizi izan duzu bere kirol ibilbidea?
Orain dela 3-4 urte ezagutu nuen Naia. Urte hauetan zehar izan duen eraldaketa izugarria izan da. Hasteko, kirol arloan lortu duen heldutasuna goi-mailako kirolariena da, ikaragarria. Horrez gain, lehiaketatik kanpoko elementu guztiak nola kudeatzen ikasi duen ikusteak ere ikaragarri harritu nau. Oso harro sentiarazten gaitu. Kirolerako talentua izateaz gain, ikasketetan ere fin jarraitzen du. Dominen lehian egongo den horietako bat izango da.
Lasok 16 urte dauzka, baina beste muturrera joanda, nola kudeatzen da kirolari baten ibilbide amaiera?
Kirol ibilbideari amaiera emateko bi era daude. Bata, traumatikoa da: lesio bat duzu eta uztera derrigortuta zaude; bestea, berriz, planifikatu daitekeena da. Bigarren kasu horietan, beraien ikasketak eta ibilbidea kontuan hartuz, izan ditzakeen aukerak aztertzen ditugu. Batzuek kirolari lotuta jarraitzeko aukera eta gogoa izaten dute, eta beste batzuek, ostera, kirolaz ahazteko izugarrizko nahia adierazten dute: igerilari askori gertatzen zaie hori.