Nekazaritza jarduera dinamizatzeko indarrak batzen dabiltza
Tokiko ekoizleak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba Zerbitzuko eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak Berroja Upategian bildu ziren, 2023an egindako ekintzen eta aurten Busturialdea-Urdaibai 2030 Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren esparruan garatzea aurreikusten duten Ekintza Planaren aurkezpenean.
Busturialdea-Urdaibain nekazaritza sektore “aktibo eta bizia” sustatzeko helburuagaz elkartu ziren herenegun (martxoak 11) tokiko ekoizleak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba Zerbitzuko eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak Muxikako Berroja upategian. Topaketak Busturialdea-Urdaibaiko nekazaritzako elikagaien sektorea dinamizatzeko Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren eta Ekintza Planaren bilakaera aztertzeko balio izan zuen, iaz egindako eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako ekintzak nabarmenduz.
Hogei pertsona baino gehiago bertaratu ziren ekitaldira, banaka zein sektoreko erakundeen ordezkari modura. Eta, lan saioari esker, orain arte egindako lana eta hurrengo urteetako proiekzioak aurkeztu eta lurraldea garatzeko ekintzez hausnartu zuten.
Nicolas Garcia Borregero Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuko zuzendaria eta Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerentea ere bertan egon ziren, eta proiektuan parte hartu duten eragileen inplikazioa, konpromisoa eta talde lana nabarmendu zituzten: “Busturialdea-Urdaibai 2030 Nekazaritzako Elikagaien Estrategia aurrera egiteko ibilbide orria da, berritzailea, gaztetua eta lurraldera sustraituta dagoen nekazaritza sektorea sustatzea bilatzen duena”. Nabarmendu dute dokumentuak tokiko nekazaritza sektorea “indartzeko” balioko diela, “egungo egituraketari eta nekazaritza enpresa berriei laguntzeko tresna berritzaileen bidez”. Horrek, elikagai osasungarriak ekoizteko eta Busturialdea-Urdaibaiko ingurune “naturala zaintzeko” balioko duela adierazi zuen Ansotegik. Era berean, ekoizleen lana ulertu eta errespetatzeko beharra nabarmendu zuen, baita belaunaldi berrientzako etorkizuneko lanbide gisa hartzeko ideiaren aurrean aukera ikuspegia sortzearen garrantzia ere”.
Bestalde, patronatuko zuzendariak estrategia horren bidez “ekosistema berritzaile bat finkatu” gura dutela azpimarratu zuen, “tokiko nekazaritzako elikagaien ekintzailetzarako aukera lurraldea izan dadin, Urdaibaiko balioekin bat etorriz eta elikagaiak ekoizteko gai izanez”.
Busturialdea-Urdaibaiko Nekazaritzako Elikagaien Estrategia 2023.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz, Ekolurragaz, Hazigaz, Janguriegaz, Lorragaz eta Neikerregaz batera, lantalde bat aktibatu zuten 2020ko urrian eskualdeko nekazaritza jarduera dinamizatzeko, erreserbaren balioekin bat etorriz. Horretarako, 2021ean, nekazaritzako elikagaien estrategia 2030 onartu zuten, “nekazaritzako elikagaien sektore berritzaile, gaztetu eta lurraldera errotu baterantz aurrera egiteko ibilbide orri modura ulertuta”. Ondorioz, lehen sektoreari laguntza emateko inplikatuta dauden erakundeek Busturialdea-Urdaibain tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea dinamizatzeko Ekintza Plana abian jartzea adostu dute.
“Ekintza plana bost arlotan dago egituratuta, eta horien artean nabarmentzekoak dira lurra eskuratzea eta nekazaritzako eragile berriak sartzea, nekazaritza sektorearen profesionalizazioa edo tokiko ekologiako eta sasoiko produktuen banaketa”, esan dute. Horretarako, hainbat sentsibilizazio eta komunikazio ekintza aktibatu dituzte, eskualdeko herritarrei hurbileko produktua kontsumitzearen garrantziari buruzko mezua bidaltzeko asmoz.