Eskualdeko automobilismoa bultzatzeko asmoagaz dator I. Urdaibai Rallya
Apirilaren 12an eta 13an lehiatuko dute I. Urdaibai Rallya, goizeko nahiz arratsaldeko tarteekin. Oraintsu sortutako Urdaibai Motorsport taldea dago egitasmoaren atzean.
Busturialdea motor soinu eta abiadura biziengandik aldenduta egon da urtebetez, iaz ez baitzuten egin Gernika-Lumoko Rallya. Urte amaieran, baina, automobilismoaren eskualdeko nahiz inguruko zaleek albiste berri eta ederra jaso zuten, elkarte berri baten sorreragaz: Urdaibai Motorsport. Talde horren aurtengo erronka eta egiteko nagusiena, ostera, iragan astean bertan plazaratu zuten: I. Urdaibai Rallya.
Apirilaren 12an eta 13an (barikua eta zapatua, hurrenez hurren) egingo dute eskualdeko lehiaketa berriaren estreinako ekitaldia. Euskadiko Rally Txapelketarako proba puntuagarria izango da, baita Pirelli Koparako, 206 Koparako eta Euskadiko Junior Txapelketarako ere. Lasterketaren aurkezpen agerraldian, Urdaibai Motorsporteko presidente Eneko Fuentesek argi eta garbi utzi zuen jaioberri den lasterketaren jomuga nagusia: “Inguruko motorzaleak elkartu gura ditugu, eta automobilismoa bultzatzen jarraitu”.
Hilabete biko tartean, hamabost gidari nahiz kopilotu eta 50 bazkide inguru bildu dira elkartera
Bi hilabete inguruko epean, hamabost gidari nahiz kopilotu eta 50 bazkide inguru bildu dira elkartera. Fuentesek adierazi du rallyak eta taldeak berak Busturialdeari “onura kultural eta ekonomiko handia” ekar diezaioketela hala zuzenean, nola zeharka. Umeak izango dira rallyaren hasierako protagonistak. Apirilaren 12an, eguerdiz, parte hartzaile baten autoa umeei hurreratuko diote; Muxikako Urretxindorra Herri Eskolan erakustaldia egingo baitute. “Haurrak kirol horretara hurbildu nahi ditugu”. Handik hurre, Kurtzero auzoan, egiaztapen administratibo eta teknikoak egingo dituzte, 17:00etan.
Formatu “berritzaileagaz”.
20:00etan egingo dute rallyaren irteera ekitaldia, Gernika-Lumoko Adolfo Urioste kalean, DJ baten musikak girotuta. Jarraian, Astrako aparkalekuan elkartuko dira parte hartzaile guztiak, euren autoekin. Apirilaren 13a izango da motorrak muturrera eroateko egun seinalatua. Hamabost kilometro inguruko tarte bitan banatuta, erlojuaren kontrako sei sektore egin beharko dituzte lehiakideek.
Antolatzaileek azaldu dute ikuspuntu “berritzailea” edukitzea bilatu dutela: “Gernika-Lumo ingurutik ibiltzea bilatu dugu, toki irisgarrietan eta, zenbait kasutan, herrigune alboan; ikusleei rallya ahal beste hurbildu gura diegu. Pilotuentzat, ostera, tarte interesgarriak izatea espero dugu eta, horretarako, leku tekniko, baserri bide eta sektore berriak sartuko ditugu”.
Mendata-Arratzu izango da goizeko tartea; Gernika-Errigoiti-Muxika, aldiz, arratsaldekoa
Mendata-Arratzu izango da goizekoa: Kanpantxu aldean, Aristietan, hasiko da tartea; handik, Estillotza, Berrekondo eta Lamikiz auzoetatik pasatuko dira, Mendatara helduz; Marmiz, Zarrabenta eta Ibartxu imnguruak pasatuta ailegatuko dira Arratzura. Tarte horretako zenbait zati arinagoko lehiaketetatik “berreskuratu” arren, txoko berriak gehitu dizkiote ibilbideari.
Bazkalostean ekingo diote Gernika-Errigoiti-Muxika izeneko bigarren tarteari. Gernikatik Lumora joko dute, eta handik Zallobantera. Errigoitin, zatirik berezienetako bat egondo da: Rallyfestgunea. Uritik Idibaltzagako muinora harbidezko pasarte batetik igoko dira. Gainera, Urian DJ gunea antolatuko du udalak, eta Zallobanteko txokoa ere zabalik egongo da.
Gernikarako errepidera bueltatuta, Arribaltzan rallyko tarterik estuena egingo dute, Santa Luziaraino, eta handik Muxikako Arane auzoraino iritsiko dira. Bigarren eta azken tarte horren helmugaratzea, bestalde, “ikusgarria” izango dela iragarri dute arduradunek: “Harri txintxarrezko aparkaleku batetik igaroko dira parte hartzaileak, eta bertan ikusle asko biltzea espero dugu, tronpoak egiteko oso aproposa baita”.
Lehiaketa 19:30ak aldera amaituko dute, eta sari emate ekitaldia 20:30ean egingo dute, Merkurion
Lehiaketa 19:30ak aldera amaituko dutela aurreikusten dute; sari banaketa ekitaldia, ostera, Merkurion izango da, 20:30ean. Angel Gurrutxaga Euskal Automobilismo Federazioko lehendakaria ere aurkezpen agerraldian egon zen, eta tankerako rallyak antolatzearen “esangura” nabarmendu zuen: “Taldea sortu berritan rallya antolatzea ogibide gaitza da; beraz, badaude motiboak pozarren egoteko, lasterketa oso polita izateko osagai guztiak baititu”.
Txus Jaio pilotu eta Urdaibai Motorsporteko kideak azpimarratu zuen antolatzaileek “lan handia” hartu dutela ibilbidea diseinatzerakoan: “Euskal Herriko lasterketa oso gutxitan ikus daitezke pareko tarteak. Ez hori bakarrik: gaur egun, badirudi zaletuak egon badaudela, baina geroz eta gehiago kostatzen zaiela etxetik irten eta ibilbidera hurbiltzea; zentzu horretan, rally hau ia-ia etxe albotik pasatuko da, ez dute aitzakiarik edukiko”.