Urdaibaiko Guggenheim proiektua errealitate bihurtu dadin egiten dabiltzan "azpijokoak" salatu dituzte
Astilleros de Murueta S.A. ontziola enpresak itxita egon beharko lukeela salatu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak. Enpresak bere jarduerarekin jarrai dezan instituzio publikoek egin dituzten "azpijokoak" gaitzesteaz gain, banan-banan birpasatu dituzte mugimenduetako batzuk.
Astilleros de Murueta S.A. ontziolak barikuan [matxoak 8] bedeinkatu eta gaur [martxoak 12] uretaratu du Arteaga NM itsasontzia, eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak proiektuaren aurkako beste gaitzespen mezu bat zabaldu du gaur Astran emandako prentsaurrekoan. Instituzio publikoek azkenengo urteetan hartu dituzten “erabaki txarren” zerrenda plazaratu dute, eta irakurketarekin bat egin duten elkarte hauetako ordezkariak egon dira agerraldian: Enaden Begiak, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Lanius Ornitologia Elkartea, Lurgaia, Sestaoko Natur Zientzietako Elkartea eta Itsas Enara Ornitologia Elkartea.
1943an iritsi zen Astilleros de Murueta S.A. enpresa Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzera; Francoren gobernuak jabari publikoaren 75 urterako kontzesioa esleitu zion enpresari. Beraz, kontzesioa 2018an bukatu zitzaien eta, plataformak behin baino gehiagotan salatu duenez, ontziolak eremu horretatik “alde egin beharko luke”. Horrez gain, gogora ekarri dute esleipen horren arabera, orubea 1943an aurkitu zuten bezala uzteko beharra daukala enpresak; hau da, lurra deskontaminatuta utzi behar duela. Hala ere, ontziolak bere jarduera industrialagaz jarraitzen du.
Guggenheim Urdaibai Stop: “Gaurko uretaratzeak argi erakusten du ontziolak bizi-bizi jarraitzen duela Biosfera Erreserbaren bihotzean”.
Era berean, hitzarmenekin jarraituz, 2023an, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak sinatutakoa aipatu dute plataformaren ordezkariek. Horien berbetan, “hitzarmen horrekin Astilleros de Murueta S.A. iraganeko kontua dela dirudi”; hau da, ez zutela bere jarduerarekin jarraituko. “Errealitatea, ordea, oso desberdina da. Gaurko uretaratzeak argi erakusten du ontziolak bizi-bizirik jarraitzen duela Biosfera Erreserbaren bihotzean”, adierazi dute.
“Baliorik gabeko” lursaila.
Ontziola kokatuta dagoen lursaila Espainiar Estatuko Gobernuarena da, eta aldundiak lur zati hori erosteko asmoa adierazi du. Guggenheim Urdaibai Plataformakoek ez dute hori ulertzen: “Hori erosteak ez dauka zentzurik. Lur horiek Espainiar Estatuarenak baitira, eta, beraz, haien balio katastrala zero eurotakoa da. Eremu horretako bi gauza baino ez dira ontziolarenak: eraikinak eta kutsadura. Eta eraikinaren eraisketa zein lur kutsatuen garbiketa herritarron diruarekin egitea onartezina da”.
Diru publikoarekin ekimen pribatuei “bidea erraztea” leporatu dio plataformak aldundiari; Lemoizko zentralaren kasuan berbera egin zutela azaldu dute. Gainera, administrazioak “inposaketa bidez” mezu bat bidaltzen dabiltzala ohartarazi dute: “Araudia ez dago betetzeko, baizik eta interesen arabera tolesteko”.
Urdaibaiko Guggenheim New Yorkeko Guggenheim frankiziaren “negozioa” dela salatu dute plataformako kideek. Hori gutxi ez, eta instituzio publikoek estatubatuarrek behar dituzten azpiegitura guztiak “doan eskainiko” dizkietela ohartarazi dute. Bestalde, Astilleros de Murueta S.A. enpresa pribatuari ingurumenarekiko dituen ardurak “barkatzea” eta herritarron diruarekin “poltsikoak betetzea” leporatu diote aldundiari.
“Trikimailuak” salatu dituzte.
Aipatutako”trikimailuak” posible egiteko, erakunde publikoek Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesten duten lege eta araudiak aldatzeko ekimenak bultzatu dituztela gaitzetsi dute. Alde batetik, “2023ko urriaren 19ko Ministro Aginduak murriztu egiten du gaur egun ontziola kokatuta dagoen eremuaren babes-zortasuna, 100 metrotik 20 metrora. Honela, museoaren eraikinari espazioa egiten zaio“, azaldu dute. Bestetik, Muruetako HAPOren aurrerapenaren auzia dago. HAPO berri horren helburua ontziola kokatuta dagoen lurren kalifikazioa aldatzea litzateke, kalifikazio industrialetik kalifikazio ekipamentalera pasatuz. “Kalifikazio hau behar-beharrezkoa litzateke, aktibitate museistikoa duen eraikin baten kokapena bideragarria egiteko”, argitu dute.
Guggenheim Urdaibai Stop plataforma: “Azpijoko gehiegi dira proiektua bideragarria egiteko eta onargarria izan dadin”.
Aldaketa horiez gain, aldundiak eta Gernika-Lumoko, Foruko eta Muruetako udalek sinatutako hitzarmena eta Biosfera Erreserbaren Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea [EKPZ] aldatzeko onartu den azken dekretua gogoratu dute. “Azpijoko gehiegi dira, proiektua bideragarria eta onargarria izan dadin”, salatu dute. Herritarren eskubideak bermatzeko eta araudiak betearazteko ardura duten agintariak “utzikeriaz eta alderdikeriaz” jokatzen dabiltzala ikusita, jokabide eta gertaera horiek salatu beharrean daudela adierazi dute. Biosfera Erreserbak marko legal berezia duela gogoratu, eta errespetatu beharra dagoela azpimarratu dute.
Mezu argiarekin bukatu dute agerraldia: “Proiektua bideragarri egitea helburu duten lege eta normatiba aldaketei, EZ! Ingurumena eta ekosistemaren integraltasuna arriskuan jarri dezaketen jokabideei, EZ! Eskualdeko herritarren ongizatea, kultura eta etorkizuna mehatxatzen duen proiektu turistikoari, EZ!”.