Gaztelugatxera joateko bisita gidatuak eskainiko ditu Bermeoko Udalak Aste Santuan
Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobus zerbitzua ere eskainiko du udalak, martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean. Bisita gidatuek bi ordu eta erdiko iraupena izango dute, eta erreserba egin beharko da.
Beste urte batez, Gaztelugatxeko San Juanera joateko bisita gidatuak antolatu ditu Bermeoko Udalak Aste Santurako. Turismo Bulegoaren bitartez, Bermeotik abiatuko den autobus zerbitzua ere eskainiko dute, bisitekin batera, martxoaren 28, 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean. Autobusak 10:00etan eta 12:00etan aterako dira Lamerako autobus geltokitik.
Gaztelugatxeko San Juan Euskal Herriko “baliabide turistiko garrantzitsuenetako bat” da, urtero bisitari kopuru handia biltzen duena. Horregatik, eta denen artean zaindu beharreko “aberastasun handiko ingurunea” dela aintzat hartuta, udalak antolatutako bisita gidatuek hiru helburu nagusi dituzte: “Garraio publikoa sustatzea CO2 emisioak murrizteko eta aparkatzeko arazoak saihesteko, bisitariak Bermeora erakartzea, eta hauek Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren lehen eskutik jasotzea”. Izan ere, Turismo Bulegoko arduradunek adierazi dutenez, “ingurune babestu hori zaindu beharra dago”. Zerbitzu horrekin Gaztelugatxeko San Juaneko “esperientzia” bultzatu nahi du udalak, “ikuspegi ekoturistiko batetik”, gainera.
Turismo Bulegoak antolatutako bisita gidatuek Bermeotik eta Gaztelugatxeko San Juanera joan-etorria autobusez egitea, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketa eskaintzen dituzte. Bisitek bi ordu eta erdiko iraupena izango dute.
Aste Santuan bisita gidatu horiek egiteko aurretik erreserba egin beharko da www.bizibermeo.eus webgunearen bitartez. Irteeraren zenbatekoa adinaren arabera ezberdina izango da: nagusientzat 10 euro, 6 eta 12 urte bitartekoentzat 3 euro eta, sei urtetik beherakoentzat, berriz, dohakoa. Erreserba bakoitzeko sei urtetik beherako bi ume joan ahalko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Informazio gehiago jaso gura dutenek Turismo Bulegora jo dezakete, bai presentzialki, bai 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta. Horrez gain, turismoa@bermeo.eus helbide elektronikora ere idatzi ahalko dute.
Erritu eta ohiturak.
Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko “zati eta esentzia” da, eta bisitariei horren “nortasuna ezagutzeko aukera” eskainiko die uadlak, “bermeotarren sinesmen, erritu eta ohituren bidez”. Izan ere, bisita gidatuan baseliza ere bisitatuko dute. Gainera, zehaztu dute, irteeran parte hartzen dutenek inguru horretako “ingurumen-berezitasunak” ere ezagutuko dituztela, baita inguruko historiari eta jarduerari buruzko baliabideak eta bitxikeriak ere.